Nazionalismoaren alde eta aurka liburua daukat hizpide; (Joxe Manuel Odriozola/Elkar, 2024). Premisa zenbait aurrez. Bat: estatu-nazionala da nazioaren ideologia egituratu duena. Bi: nazionalismoaren paradigmak asko eta askotarikoak dira. Hiru: nazioaren alde egoteko arrazoia, batez ere, hizkuntzan, kulturan eta herri identitatean kausitu dezakegu. Lau: nazio zapalduak daude eta nazio zapaltzaileak.
Nire burutapena: nazionalismoaren aurka egoteko arrazoiak alor sozioekonomikoan manifestatzen dira, alta bada, estatu-nazioak dira gerra sustatzen dutenak. «Ekonomia» eta «gerra» eskutik doaz. Hots, Contradictio in terminis. Halatsu taxutu ohi dugu bizitza.
Nazionalismoa ideologia bat da, eta berau hauspotzen duten mugimenduak munduan garatzen dira. Egun, mundu globala gailentzen ari da. Nazio-identitatea justizia sozioekonomiko globalaren arabera ebazten da. Nazio zapalduek nazioa egituratzeko dituzten aukerak gero eta urriagoak dira. Alabaina, nazionalismo hegemonikoaren kideek diotenez, nazionalismoa iraganeko kontu bat da.
Galderak: ba al dago egun, nazio zapaltzailea ez den nazio-identitaterik sustatzerik? Ba al dago gizaki osatu-askea izaterik nazio-identitatearen markoan? Izan ere, identitate nazionalak konplexua bihurtzen du giza-izaera, eta areago konplexua izate zapaldua denean.
Euskal nazionalismoaz ari naiz orain, nazio-identitate konplexua eta zapaldua bizi dugunontzat segurtasuna eta autoestimua funtsezkoak dira nazio-identitate osasuntsu batekin bizitzeko. Altzoko (Gipuzkoa) Odriozola saiogileari, kultura-testuinguru jakin bateko altzokoa izateak berealdiko segurtasuna eta berebiziko autoestimua ematen dizkio. Horrek baina, ez du nazio-izaera-kolektiboa eraikitzea bermatzen. Ez dirudi egoera hori bizi dugunik. Behin eta hasteko, nazio-identitatea identitate globalaren markoan jokatzen/eraikitzen baita.
Aburu bat: nazio-zapalduok —euskaldunon kasua— estatu-nazioa eratu zireneko trena galdu genuen. Estatu-nazioa eraikitzeko aukera iragan zen, eta iragana da.
Iraganean, behinola, euren nazioarentzat estatu-nazioa eraiki zutenek ukatzen dute nazionalistak izatea egun. Gainera, nazioa eraiki nahi dugunoi nazionalismoa ideia zahar bat besterik ez dela dioskute. Iraganeko asmoa, alegia. Bistan da, euren nazio-identitatea estatu-egitura ahaltsuetan ez ezik, gizarte-egitura-ekonomiko sendoetan bermatuta dago. Berauek ez dute nazio-identitatea aldarrikatu beharrik. Beraz, nazio-estatu horien barruan osatu diren jendarteentzako ere, nazionalismoa modaz pasatutako nahikeria da.
Hortxe dago koska. Koskak badu ertzik, badu funtsik. Gakoa ordea, ez dago nazio-identitate zapalduon eskura. Eskuratzeko aukerarik ba ote? Nazio-identitatearen trena galdu zuten herriek ba al dute bizitza duintasunez eraikitzen lagunduko dien modurik? Ba al dugu nazio bat eraikitzerik? Merezi al du? Nazio-identitatea eraikitzea konplexua da eta kontraesanez beteta baitago. Horiek horrela, demagun, baietz. Saiogile honen ildoan, bi arrazoi: badago eta merezi zaigu hizkuntzan eta kulturan oinarritutako nazio-identitatea eraikitzea. Nola ekin hizkuntzari eta nola sustatu kultura, ordea? Idazlearen gomendio bat abiatzeko: bi izate/arrazoi horiek baztertzen dituen nazionalismoak abertzaletasunaren bidea bertan behera utzi behar du.
Hizkuntza eta kultura kontzeptuen gainean gogoeta bat. Pertsonon psikologiak nekez onartzen du nazio-identitate konplexua. Egungo gizakia —XXI. mendekoa— psikologia berezi batek markatuta dago, ideologia des-ideologizatu batek zeharo inpregnatuta. Ideologiak —emozioen eta sinesmenen arau-multzoa, besteak beste—, iragan hiru mendeetan eragin itzela izan zuen gizakiongan —kalterako onerako baino—, gizabanakook errealitatetik urrun, utopiek akuilatuta jardun dugu. Antzinako erregimenetan erlijioak nola, modernitatean, ideologiak zeharo desorekatu du pertsonaren identitatea. Areago, nazio-identitate ahula duen gizabanakoaren kasuan.
Gizabanakoa ez bada gauza bere burua autodeterminatzeko, alferrikakoa da autodeterminazio-politiko-kolektiboa gauzatzen saiatzea. Ez dago hizkuntza eta kultura-aniztasuna bermatuko dituen nazio-identitate partikularra gauzatzerik. Modernotasun osteko identitate-konplexu unibertsalak ez du identitate-konplexu-partikularra gauzatzen laguntzen.
Euskaran bermatutako nazio-identitatea xede, aburu bat:kultura —kulturaren adierazpena— oker erabilitako kontzeptua da. Kultura, gaur egun, jendarte bateko–sortzaileen– arte-espresio legez erabiltzen da. Jendarte baten kultura, baina, bere izate ekonomiko, sozial, zientifiko-teknologiko, politiko, moral, etiko edota erlijiosoak karakterizatuta dago. Kultura egungo eliteek eta hierarkiek nahieran erabilitako kontzeptua da.
Labur zurrean: idazle bat eta espaloiko eskale bat jendarte baten kultura-espresioak dira. Biek ala biek osatzen dute nazio-identitatea. Idazlea ez da eskalea baino «kultu»agoa. Kultura, egungo kultura, sistemaren konstruktu bat da. Tokian tokiko nazio-estatu sistemaren interesen arabera eraikia.
Nazio-sistemaren interesak jende-izaeraren gainean daude. Hori gauzatzeko, nazio-supremazistek bortxa estrukturala darabilte. Nazio-identitate sendo baten kariaz, gizakion izaera materiala eta espirituala arras kaltetzen dira. Ukapen hori nazio-identitatea bermatuta dutenengan ematen da, eta are nabarmenago ageri da nazio-identitate ukatuta bizi dutenengan. Are, beren nazio-identitatea zapaldua bizi duten erreboltariei bortxa-zuzena —estatu-terrorismoa— aplikatzen zaienean nazio-identitate-kulturala erabat kolpatuta izaten da.
Nazio-izaerak kontrobertsiak eta kontraesanak eragiten ditu norbanakoarengan. Eztabaia sorraraztea ez da kaltegarria berez, kontraesana berriz, pertsonon izaera delakoan dago. Haatik, okerra da uste izatea, esaterako, esparru-nazionalaren eta internazionalismoaren esparruaren artean justizia-sozial global bat gauzatu daitekeenik. Nazio-identitateak jende-identitatea mugatzen du, eta areago nazio-identitatearen subjektua zapaldua denean. Kontraesana, ezinezkotasunaren adierazle behinena da.
Artikuluaren bertsio luzea helbide honetan dago: https://blogak.eus/begizolia/nazionalismoaren-tesia-eta-antitesiaren-sintesia
Oharra: artikulu honen aurretik'Gure' oinarri moral eta politikoa, handi-handika, iruzurra da izenekoa argitaratu genuen. Berau gaurko honen segida da.