Nazio garapena 2018

2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Mendebaldeko zibilizazioa XXI. mendean murgiltzen doa. Aro honen ajeak eta aukerak ikusten hasita gaude estaturik gabeko herriak. Nork bere buruaz erabakitzeko eskubidea aspaldian ez bezain presente egon da 2018an (horra hor, besteak beste, brexit-aren auzia). Burujabetza hizpide hartzeak, ordea, lehen lerrora ekarri du gutxietsitako kontzeptu ezagun bat, «lurraldea». Atzerrian bezala gurean ere lurraldearen gaineko burujabetza prozesuak egituratu beharra sentitzen hasi da hainbat talde sozial. Frantziako atorra beilegien borrokak edo lan harremanetarako euskal esparruaren aldarrikapenak kezka bera dute oinarrian. Tokian toki duintasunez bizitzeko egitasmo egituratzaileei loturik doa XXI. mendea. Euskal Herrian ere bide horretatik joan da urtea.

Naziogintzari dagokionez, zama handiko efemerideen urtea izan da 2018a. Mende bat Eusko Ikaskuntza sortu zela, beste horrenbeste naziogintzari buruzko lehen kongresuak egin zirela, 50 urte bete ditu euskara batuaren eredu normatiboa finkatzeko adostasunak... Halaber, Euskadi ta Askatasunak 60 urte beteta bere burua desegin du. Euskal Herriaren hegoaldeari erabakitzeko eskubidea ukatzen dion Konstituzioak 40 urte bete ditu eta ez du berritzeko asmorik. Eta abar.

Izango da XX. mende hasierako urrats haiek gutxiesten dituenik, baina onar diezaiegun beren baitan duten balioa. Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriaren historian inoiz egin den gogoeta sakon eta zabalena egin du, hamaika gabezia eta beste horrenbeste eduki berri azaleratzen lagundu duena. Euskaltzaindiak euskal hiztun komunitatearentzat jarduera arau-emailean dihardu eta babes zabala du bere bidean jarraitzeko. Ez dago herri xedez Euskal Herria osorik hartzen duen beste jarduera arau-emailerik. Gaur egun gai izango ginateke beste horrenbeste egiteko? Udalbiltza indargabetu zutela 15 urte bete dira 2018an.

Euskararen akademiak naziogintzan ohikoa ez den txalo zaparrada jaso arren, elkarte bat izaten jarraitzen du, Euskaltzainburuak, Urrutia jaunak, gogorarazi zigun moduan. Herritargoaren babesik gabe jai luke Euskararen Akademiak eta bere jarduera arauemaileak. Babes horrek egiten du nor aurrekontuak kudeatzen dituzten instituzioen aurrean. Eusko Ikaskuntzak egoera bera bizi du. Izozmendiaren ageriko muturra baino ez, jabetu nahi duenarentzat.

Europan bere herri xedea modurik argienean adierazi duen komunitateetako bat izan arren, herri-arkitektura soziala primarioa eta prekarioa du Euskal Herriak, 2018ak bistan utzi duenez. Primarioa, arkitektura hau XX. mendeko lehentasunei begira sortua izan zelako eta geroztik etorri diren hainbat erronkarentzat ez dugulako arkitektura bateratzailerik. Prekarioa, eragiteko eskumenak eta baliabideak unean uneko legedien eta aurrekontuen menpe bizi direlako.

2018ko aktibitate intelektualak, gabeziak ez eze, arkitektura osatzeko premiak ere azaleratu ditu. Esaterako, mundu digitalean euskal herriak behar duela bere arkitektura digitala eta horren gaineko burujabetza. Ramon Zallo irakasle jaunak urriaren 26an Iruñean eman lezioak balio izan zuen Eusko Digilandia behar dugula jabetzeko. Aldiz, Sozioekonomia alorrean (Bilbo 2019-11-06), lan harremanen euskal eremua eta ongizatearen euskal paradigma lurralde guztietan sintonizatzeko premia azaleratu ziren. Nazio garapenerako egun dugun arkitektura hori primarioa dela jabetzeko balio izan dugu iazkoak. Gure herriaren geroak eta ongizateak eragiletzarako unitate gehiago behar dituztela esan diogu elkarri. Betiere, elkarlan eta bizikidetza espazio komun bat eratzera iristekotan.

Antza, aurreko mendean Euskal Herri egituratu hori egitura instituzional zamatsuen bidez irudikatzen baldin bagenuen, badirudi XXI. mendean behetik gorako organizazioen federaziotik etorriko dela. Joandako urteak adibide aski interesgarriak utzi dizkigu. ChrysallisEH elkarteak (Egun Naizen izenekoak), seme-alaba transexuala duten familien elkarteak, Espainiako federaziotik askatu du bere burua Hego EHko errealitateari erantzuteari lehentasuna emateko eta Ipar Euskal Herrian ere jarduten hasteko. Oneka euskal emakume pentsiodunen elkartea sortu izana maila bereko urratsa izan da. Transexualitatea normalizatzearen alde dihardutenek eta egoera zailenean dauden emakume pentsionistek erakutsi digute bidea. Arrasto berean beste hainbat sektoretan lurraldea ardatz duten sare berriak gorpuzten jarraitu dute 2018an, hala nola Labore dendak eta Errigora dinamika, tokiko ekonomia sozialeko elkarteen saretzea, zonifikazio linguistikoa gainditzeko udal nafarren mugimendua, gazteek sustatutako Euskarabentura, urte amaierako Euskaraldia, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak, eta abar. 2017an ELA eta LAB langile sindikatuek sinatutako hitzarmenak 2018an bere bidea egin izan balu...

Eusko Ikaskuntzaren Kongresuak utzi duen dokumentazio ugariaz gain, nazio garapenarekin arduratutako egileen argitalpen saldoa ezagutu dugu 2018an (Jauregizuria eta beste, Azkoaga, Bidegain...). Naziomarkagintzaizeneko liburuan Ibarretxe eta Espiauren artikuluko esana hartuz: «Berrituko dugu giza garapen iraunkorrerako gure konpromisoa edota berdintasunik ezaren uholdeak eraman gaitzan utziko dugu?». Herri xedea.

Dena den, Asisko Urmenetak urte osoa eman du herri kolonizatuaren ajeak umorez azaltzen bere liburu ilustratuarekin (geure sumisio eta autoestimu falta hizpide hartuta); Jon Maiak, berriz, bere Hezur Beltzak diskoarekin itxi du urtea gogoraraziz Euskal Herria aitarena ez den bere etxetzat dutela askok, bertan sortua ez izan arren. Euskal Herri berria. Azken gogoeta hori ezin egokiago etorri da migranteentzat harrera politika propiorik eza inoiz ez bezala nozitu dugun urtean. Geure migrazioak jaso izan duen babesa ezin eskaini gurera etorri berriei.

Hedabideek, ordea, herri xedea duen prozesu hazkor horri ez diote lehentasunik aitortu. Urte osoan zehar menderatzen gaituzten estatuen gaiak, ikuspegiak eta lehentasunak nagusitu dira. Kontraprogramazio nabarmena bizi izan dugu gizarteko auzi mingarrienetan, besteak beste pentsionisten mugimenduan edo dinamika feministetan eragin nahian. Eguraldiaren tarteari itxaron behar izan diogu sarri ikuspegi autozentratuetara iristeko.

EAEko estatus berriaren inguruko dinamika parlamentarioak eduki horietako gehienak sintetizatzeko indarra izan bazuen ere, herritarren bultzada falta izan zaio eta Gasteizko legebiltzarrean gehiengo parlamentarioaren agiria besterik ez du ekarri, herri olatua 2019an etorriko ote da? Aipagarria izan da Herri Elkargoaren eta eragile sozialen lana Ipar Euskal Herriari lurralde koherentzia gordeko duen agenda herrigile bat emateko, historikoa.

Nazio garapena, beraz, ekimen sozialeko prozesu eratzaileetatik joan da. Prozesu horiek, ordea, luzeak izan ohi dira, baliabide ugari xahutzen dute eta pizgarririk ezean nekez biltzen dute egoera aldatzeko behar duten inertzia. Eusko Ikaskuntzk, GEDek edo Euskaraldiak bide hori urratzen jarraitu beharko dute, bide instituzionala indartu zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.