Nazio Garapena 2016

2017ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Nazio Garapenazedo Euskal Herriak bere baitako kohesiora daraman prozesuaz 2015. urtea emankorra izan zela adierazi genuen (Nazio garapena 2015). Azpimarratu genituen adierazpen mailako gertaera berritzaileak (Nafarroa Garaiak Akitania-Euskadi hitzarmenera itzultzeko egindako urratsak, Ipar Euskal Herrian lurralde elkargo bat eratzeko egindako bidea, hainbat ekimen sozialen lankidetzarako sentsilibitatea, hiriburuetako alkateak batera agertzea...). Poliki bazen ere, Euskal Herrian portaera eta prozesu kohesionatzaileekin batera nolabaiteko arkitektura bateratzaile bat eratzen hasia zela azpimarratu genuen. 2015. urtea maila horretan emankorra izan zen, adierazpen, portaera zein prozesu eratzaileen agerpenean.

2016. urteari begira jarrita, azpimarratzekoa da 2015ean martxan jarritako proiektu eta prozesuek bere bideari eutsi diotela. Ez da atzerapausorik gertatu, eta ez da gutxi. Baina prozesu ororen mekanikak dinamika maila jakin bat behar izaten du sinergiak eragiteko, eta sortzen diren zailtasunei aurre egiteko egokitzen jakin behar du. Hor dago, beharbada, 2016. urteari begira galdera nagusia. Nazio garapen prozesuei eragiten dien agendak nahikoa energia askatu ote du 2016. urtean, aurreko urtekoa hobetu eta indartzeko?

2016. urtea ikuspegi organikotik urte endogamikoa izan da: Ipar Euskal Herrian herri elkargoa eratzeko adostasuna lantzen eman dute urtea; Nafarroa Garaian aldaketaren gobernua lehen urtearen ondorioei begira jarri da 2017an eraginkorrago izan nahian; Euskadiko Autonomia Erkidegoak hauteskunde kanpainan egin ditu bederatzi hilabete. Halaber, hausnarketa eta kongresuen prozesuetan sartu dira nazio garapenean eragin handiko organizazio soziopolitikoak (Eusko Ikaskuntza, Udalbiltza, Eusko Alkartasuna, Sortu, LAB sindikatua, UPV/EHU...).

Eta, horrekin guztiarekin, estatu mailako eztabaida eta gogoetak nagusitu dira. Hego Euskal Herrian hauteskunde orokorrerako deialdiarekin egin dugu urte erdia, eta beste erdia hauteskunderik gabeko gobernua osatzen ikusi dugu. Ipar Euskal Herrian, berriz, presidentetzarako hauteskundeetako hautagaien izendapenak ere eman du zertan jarri arreta. Azken batean, enegarrenez, Madril eta Parisera begira jartzen gaituzten prozesuek gure arreta erakarri eta eguneroko elkarrizketak bete dituzte, gakoa gure baitan dagoen arren.

Gure baitan, gertatu direnen artean, Ipar Euskal Herriko prozesu eratzailea izan da aipagarriena. Ipar Euskal Herrian Herri Elkargoaren aldeko atxikimendu zein oposizio kanpainak bertako herritar eta organizazioak agenda eta premia lokaletan kateatu dituzte. Prozesuak lurralde eremu horri eragiten badio ere, prozesu gogoangarria gertatzen ari da, besteak beste, behetik gorako ehuntze lana duelako; herritarrak, eragile sozialak eta hautetsiak adostasun trinko bat eraikitzen ari dira, eratzen den egituraren eskumen mugatuak gorabehera, identitate sozial eta territorial oso nabaria izango duena. Herri xede hori bizirik beharko dugu luzaroan.

Azken gertaera hauek ematen digute, ordea, Hego Euskal Herrian nazio garapenean 2016an falta izan dugunaren neurria, hots, ekimen sozialaren gabezia. Urtean zehar lankidetzarako hainbat hitzarmen sinatu zituzten Barkosen gobernuak eta Urkullurenak. Baina guztiak ekimen instituzionalak izan ziren, beharrezkoak zinez —eta protagonistak zoriontzekoa—, baina, lurralde arteko lankidetzaren beharrari mekanika soziala eman ezean, Ipar Euskal Herrian ikusi bezala, bide mugatua izango dutenak.

Halaber, Akitania-Euskadi hitzarmenak lurralde eremu berri batean murgildua hasi zuen urtea —Poitous-Charentes bere baitan hartuta inoiz baino eremu zabalagoa eta euskal eremua txikiagoa—. Idazten duenaren ezjakintasuna izan daiteke, baina, inork ba al daki hitzarmen horren baitan euskal herritarren arteko harremanak zertan indartu diren? 2016an euroeskualde honen agendan euskal lurraldeen arteko lankidetzak izan al du lekurik? Galdera bera egin diezaiokegu Pirinioetako Lan Komunitateari. Egiturak bai, beharrak ere bai, baina euskal lurraldeen arteko lankidetza instituzionala, makal. Eta lankidetza soziala, joera nagusiaren kontra ekinean.

Urte amaieran, hain zuzen, mintzagai izan zen lurraldeen arteko euskal lankidetzaren auzia Eusko Ikaskuntzaren kongresuaren prestaketa lanetan eta EH Bilduk europarlamentariekin antolatutako jardunaldietan (Irun, abenduak 5-6). Gaindegiko ordezkariok bi foro horietan azpimarratu genuen lankidetzarako estrategia sozioinstituzional bat eratzeko aukera eta beharra zegoela. Adostasun zabal bat beharrezkoa da, ordea, bide horretan gehiengoak biltzeko, eta ez dirudi Madril eta Parisko presioak bide hori egiten utzi zigunik 2016an. Urte amaierako txinparta horiek, ordea, ekar dezakete urrats berririk 2017an.

IV. Soziolinguistikazko Inkesta Euskal Herri osoan tokian tokiko administrazioen arteko adostasunez egin izana urteko gertaera gogoangarrien artean jarri behar da. Halaber, Nafarroa Garaiak Euskadi eta Akitaniarekin euroeskualdean berriro batzeko egin eskaeraren azken urrats formala bete izana ere bai.

Prozesu administratibo edo instituzionalez harago, ez da falta izan hamaika herri ekimen Euskal Herriaren muinari lotutakoak hezkuntzari, kirolari edo kulturari lotutakoak, betiere borondate sendo baten laguntzaz antolatuak, baliabide urriekin eta hedapen mediatikorik gabe ia. Ekintza ederrak izan arren, ordea, euskal lankidetza eremu bat osatzeko ezinaren erakusle dira.

Bitartean, Madrilek Hego Euskal Herriko erabaki instituzionalak trabatzen jarraitu du, nazio garapenerako beharrezkoa den trebetasuna (trebetasun legegilea eta programatzailea) bere esku dagoela gogorarazteko. Jabetuta gaude, beraz, posizio partikularretan gotortuta egon ohi garen euskal herritarrok sintesi eta adostasun ariketa handia egin beharko dugula erronka nagusiei batera ekiteko.

Urte amaierak Gasteizen EAJ eta PSEren arteko hitzarmena ekarri du, bai eta Madrilgo gobernuaren osaketan hango eta hemengo ordezkarien arteko negoziazioak auzi garrantzitsuetan. Madrilek ez du ezer oparitzen, eta, alde horretatik, ikusteko dago zer-nolako galgak jartzen zaizkion euskal eremu soziopolitiko eta sozioekonomiko bat gauzatzeko agendari. Nago maila instituzionalean euskal eremu sozioekonomiko gotor bat eratzeko urratsek zailtasun administratibo handiak izango dituztela, beraz, berriro ere eragile sozialek egin beharko dutela lankidetzarako euskal eremua osatzeko eta eskatzeko bidea. Bide horren inguruko gogoeta serio bat abiatzea bera ere ez litzateke gutxi.

Ondorioa, 2016. urtean, euskal eremu sozioekonomiko eta nazional baten aldeko adierazpenetan hotz, lankidetzarako urrats burokratikoak aurrera, baina bidea erraztuko duten urrats formal gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.