Oihana Etxebarrieta.

Nazio feminista lortu arte

2022ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Hamaika aldiz errepikatu dugu, pandemiak agerian utzi du mugimendu feministak aspalditik mahai-gaineratzen zuena: bizitza zaurgarria eta interdependentea da, eta hau sostengatzearen ardura emakumeen gain ezarri du sistema patriarkalak. Martxoaren 8 honetan, zaintza sistemaren gaia eztabaida eta hausnarketen muinean egon da. Pandemia-egoerak zaintza lanen ezinbestekotasuna agerian jarri duen arren, politika eraldatzaileak ez dira martxan jarri, are gehiago, familiarizazio eta merkantilizazio prozesuan sendotu da.

Bizitzari baldintza duin eta justuetan eusteko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan.

Errealitatea ukaezina da. Genero-desberdintasun estrukturalen gorakada ematen ari da eta emakumeek beren gain hartzen jarraitzen dute zaintzen karga gehiena, ordaindua eta ordaindu gabea; eta azken honek, gainera, prekarizazio norabidea nabarmen hartu du. Martxoaren 8an, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituriko manifestazioetan izan ginen, zainketa-eredua eraldatzeko aldarrikapena eginez eta antolakuntza feministaren beharra nabarmenduz.

Bizitzak eta zaintzak erdigunean leloak ederki irudikatu zuen beharraren oinarria. Kapitalaren aurrean, bizitza jarri behar dugu gure sistema mugitzen duen indar zentripetu bezala. Feministok, hau ikusgarri egin dugunean, neurri errealak aldarrikatzeko norabidean kokatu gara, eta hortik eratorri da zaintza sistema publiko komunitarioaren inguruko eskaera. Hau egiteko ikuspegi feminista intersekzionala izatea ezinbestekoa da; klase, arraza... aldagaiekin gurutzatzea alegia.

Horregatik, zainketen krisi honen aurrean, eremu guztietan erantzun integralak eman behar dira, leloak errealitate bilakatzea alegia. Tokitik globalera eta globaletik tokira. Euskal Herrian argi daukagu gure lurraldeetan burujabetzarik ez dugun bitartean gure bizitzaren burujabe ez garela izango, baina, hala ere, badaude aukerak bide hori marrazten joateko, sisteman pitzadurak irekitzeko; eta, hain zuzen ere, tokikoa da eremu egokiena. Eragile anitzekin eta mugimendu feministarekin, elkarrekin lan egiteko prest gaude, eta udalgintza herrigilean argi erakutsi dugu badagoela horretarako aukerarik, Oreretan, Usurbilen, Antsoainen, Galdakaon... Egunerokotasunean ari gara eraldaketarako bidea egia bihurtzen. Ez dugulako goitik beherako aginte batean sinesten. Ezberdinak elkartuz eta sektore anitzak elkarrizketan jarriz gauza handiak egin daitezkeela ikusi dugu.

Gure proiektua Euskal Herrian bizi den pertsona oro barne-bilduko duen proiektu bat da. Amesten dugun herria herritar guztiak zainduko dituena da. Euskal Herrian pertsona guztiek zainduak izateko eskubidea dute, baina argi diogu, emakumeok erabakitzeko eskubidea dugu, eta erabakitzeko, aukerak, baliabideak, instalazioak, baldintzak... behar dira. Eta horixe da azken urteetan dugun lan jardun argietako bat. Emakumeok sustengatzen dugun zaintza sistema patriarkal honek pobretzen gaituelako, prekaritzatzen gaituelako eta indarkeria matxistarekin batera, bigarren mailako herritar izatea bultzatzen jarraitzen duelako.

EH Bilduk egiturazko aldaketa eta apustu garrantzitsu bat aldarrikatzen du, helmuga argiarekin: pertsona askez osatutako euskal nazio feminista. Guk borroka egingo dugu, eta badakigu bidean egon direnen lanari esker eta egun alde anitzetatik egiten ari denari esker norabide onean goazela. Honek ez du atzera-bueltarik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.