Joxe Manuel Odriozola.
Euskaltzalea

Nazio euskalduna ardatz

2024ko abenduaren 22a
05:00
Entzun

Unai Apaolaza Amenabarren artikulua irakurrita (Nazioaren betiereko itzuleraz, BERRIA, 2024-12-10), zilegi bekit hor azaltzen dituen hainbat ideia zehaztea eta ñabartzea. Nazioaren inguruan nabarmendu omen diren bi ikuspegi kritikatzen ditu, eta nik ez daukat zer esanik EH Bilduri buruz egiten dituen iruzkin kritikoetan.

Beraz, kritikatzen duen bigarren ikuspuntuaren inguruan jardungo naiz. Apaolazak dioenez, «nazioaren mundu ikuskeratik harago irudikatzea ere ezinezkoa egiten zaigu antza». Niri dagokidanez, ez daukat eragozpenik nazioaz gaindiko gizateriaren arazoez jarduteko. Are gehiago, nazionalismoaren alderdi makurrenak hortxe ikusten ditut. Izan ere, nazio garatuen nazionalismo sozioekonomikoa bere zilborrari begira bizi den ideologia politiko bat da, nazio txirotuetako giza egoera ezin larriagoei bizkarra erakusten dien bitartean. Zertan da euskal herritar bakoitzaren elkartasuna?: «30 euro besterik ez da bideratzen», Mundukide.

Bigarren zehaztapena: «Garrantzitsuena nazioa babestea dela dioskute; politika, finean, nazio diferenteen arteko talka dela baieztatuz». Kontu pare bat. Lehenik, niri nazioa zentzu orokorrean ez zait interesatzen, nazioaren izaera euskalduna interesatzen zait oroz gain. Jatorrizko nazioen ekosistema soziolinguistikoa dut gogoko. Bigarrenik, nazioen arteko talkaren bila ibili direnak eta dabiltzanak estatu nazional espantsionistak izaten dira eskuarki; ez nazio ukatuak eta txikituak. Hauek nahiko lan dute bizirautearekin.

Hirugarrenik, zera diozu: «Gurean estrategia-krisi garai honetan, protagonismoa hartzen ari dira nazioak eta soilik nazioak ardaztu behar duela subjektu askatzailea diotenak». Nazioa eta nazionalismoa boladan daudela baldin badiozu, zu eta ni ez gara herri berean bizi. Euskal Herriko iragan hurbila ezagututa, abertzaletasunaren zuzia inoiz ez da egon orain bezain apaldua. Nazionalismoaren alderdi makurrak asko dira, eta baten bat aipatu berri dugu, baina, hala ere, munduko herrien hizkuntzak eta kulturak aldezteko bide bakarra oraingoz jatorrizko nazioen aldeko borrokan dakusat. Gure testuinguruan nazionalismo askatzailerik baldin badago gaur egun, nazio kulturalaren aldeko borrokan dagoela esango nuke.  

Zure jardun kritikoaren hurrengo esaldia: «Politikaren eta estatu propioaren xedea nazioaren balizko esentziak babestea dela diote». Ezin ba esentzialismoaren hobena aipatu gabe hitz egin! Ez baldin bazenekin, jakizu espainolismoak euskal nazionalismoa gaitzesteko erabili dituen eta darabiltzan lelo nagusietako bat horixe bera dela. Nazioaren esentzietara jo gabe nazionalismoa kritikatzen ez dakienak ez daki askorik nazioaren genesiaz eta bilakaeraz. 

Goazen aurrera: «[Nazioan oinarritzen ez den] beste edozein eskari, berriz, bigarren mailakoa dela dioskute». Zure kritikaren muina harrapatu baldin badut, euskal estatugintzaren edo independentismoaren edo euskal Errepublikaren aldeko mugimenduak «bigarren mailakotzat» hartzen ditugula diozu. Ez zabiltza oso oker. Jakina, nazio politikorik nekez eraiki daiteke estatugintzaren egitasmorik gabe, baina nazio kulturalik edo nazio euskaldunik gabeko nazio politiko burujaberik niri neuri ez zait interesatzen. Ez dut euskal estaturik nahi munduko nazio pribilegiatuenen artean egoteko, bizi-maila hobetzeko («ia munduko %10 aberatsenen artean kokatzen gara», Mundukide) eta gisako arrazoiengatik. Euskaldun gisa askatzen eta duintzen gaituen estatua nahi dut. Horixe besterik ez, baina hori guztia. 

«Altxorra beretzat bakarrik nahi duenaren antzera, euskal partikularra unibertsalizatzeak beldurra ematen die». Partikularismoaren kritika honen jatorria ere ez da parte onekoa. Baina bego. Unibertsalak izateko estatu baten jabe izan behar baldin badugu, gogora dezagun unibertsaltasun hori munduko berrehun bat estaturen pribilegioa dela, eta milaka etnia, nazio eta hizkuntzaren hondamendia. Etnozidioaren eta genozidio kulturalaren historia ikaragarria estatu nazionalaren lana izan da. Estatu espantsionistak eragin du giza historian inoiz gertatu ez den neurriko sarraski soziolinguistikoa eta soziokulturala. Sarraskia diot, hiltzea ez delako mugatzen giza izaera biologikora; hizkuntzak eta kulturak hiltzea, gizatasunaren eta giza identitatearen parte bat hiltzea dela iruditzen zait.  

Tematuta ikusten zaitut beste gai honekin: «Marxismorik gabeko nazionalismora modu naturalean gerturatzen ari den bidea da gainera. Eta horrek, bizi dugun garaiotan, badakigu nora eraman gaitzakeen. Eskuin muturraren markora gerturatzen ari den independentismoaren eta euskaltzaletasunaren lehen zantzuak hor ditugu».

Zure iritziz, marxismoren eraginik gabeko nazionalismoak arriskutsuak dira. Dakizunez, ez dago nazionalismoa izeneko gauza bakar bat, Joxe Azurmendik dioen bezala, nazionalismoak daude. Eta nazionalismoen artean batzuk marxismoaren galbahetik igarotakoak dira; beste batzuk ez. Ez dago marxista izan beharrik nazionalismoaren bertsio demokratiko bat aldezteko; horretarako nahikoa da nazioen arteko berdintasuna edo internazionalismoa praktikatzea.

Marxismoa dela eta, esan dezagun marxismoaren bertsio hegemonikoak ez direla demokratikoak izan, ez lehen ez orain. Marxismoaren bertsio hegemonikoak ez dira nazio zapalduen akademietan eta erakunde politikoetan sortzen eta sozializatzen, Espainia eta Frantzia bezalako estatu espantsionisten ezkerreko ideologia politikoetan baizik. Zuk diozunez Espainiarekin ez dago zereginik euskaldunon askapen nazionalari dagokionez, eta arrazoi duzu, baina ez ezazu ahantzi, Espainiaren nazionalismo espantsionistaz ari garenean, hango ezkerreko marxistak tartean daudela. Eskuina bezain nazionalista da estatu nazionaletako ezkerra, hori mozorrotzen trebea den arren.  

Independentismoaren eta euskaltzaletasunaren aldetik eskuin muturraren markora hurbiltzeaz egiten duzun iruzkinari erantzuteko lekurik gabe geratu naiz. Gauza bakar bat esango dizut, hala ere: nazio auzian ez dagoela marxista izan beharrik eskuin muturrari aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.