Dirudienez, Euskal Herrian migrazioa arazo bilakatu da azken bi hamarkadetan. Atzerritarrez josi omen dira gure lurrak. Gure kultura arriskuan omen dago fenomeno «berri» honen ondorioz. Lapurretak, bortxaketak, liskarrak… ugaritzen ari dira gure herri eta auzoetan. Segurtasunik ezari nola aurre egin lehentasun bilakatu da instituzioetako eginbeharretan, baita poliziaren sarekadetan ere. Eskolak segregatu dira eta ospitaleak kopatu. Bizikidetza arazo hauek guztiak migrazioaren arazo zuzenak omen dira jendartearen gehiengoarentzat.
Euskal Herriak historia garaikidean fase ezberdinak bizi izan ditu migrazioari dagokionez. Batzuetan hartzaile eta beste batzuetan anparatu, lurraldeko ekonomiaren gorabeherek behartuta. Batez ere, bi garai egon dira bereziki lotuak migrazio prozesu esanguratsuei, non gure herriaren itxura eraldatu duten goitik behera. Biak ala biak industrializazio prozesuekin eta landa eremutik hirirako exodoarekin lotutakoak. XIX. mendearen bukaerakoa lehenengoa, behin gerra karlistak galduta Bizkaian Bilbo inguruak industrializatu zirenean, aurretik foruek mantendutako lur komunalak pribatizatu eta modu basatian ustiatu zirenean milaka langileren izerdiaren eta odolaren bizkar. Bigarrena, berriz, 50eko hamarkadatik aurrera frankismo betean gure herriaren barnealdea industrializatu zenean, kanpo inbertsioak (Michelin, Volkswagen, Mercedes...) bertan instalatu zirenean. Hain izan zen bortitza aldaketa non 200.000 etxebizitzatik gora eraiki ziren Hego Euskal Herrian garai hartan industriak behar zuen lan indarra bermatu ahal izateko. Landa eremutik hirietara joandako euskaldunez gain, ehunka mila izan ziren garai hartan euskal herrira iritsitako migratuak.
Garai haietan, gaur bezala, lehen paragrafoan azaldutako egoerak eta pentsamoldeak errepikatzen ziren. Fenomeno «berri» horiei erantzuteko hartutako norabide erreakzionario bezala. Hala ere, egon ziren bestela jardun zuten indarrak ere. Ikuspegi abertzale eta sozialistetatik erantzun bateratua emateko nahia izan zutenak. Hortik datoz, 30eko hamarkadan Alderdi Komunistako euskal adarrak edota 60ko hamarkadan ETAk gehiago teorizatzea Euskal Herrian lan egin eta bizi dena euskalduna dela, betiere, bertako hizkuntza eta kultura baztertzen ez dituen bitartean, edota gainontzeko herritarrak zapaltzeko asmorik ez duenean (burgesia espainol eta frantsesen edo internazionalaren parte diren horiek ez baitira euskal herriaren parte).
Alta, atzean geratu direla ematen du aldarri hauek. Gure eta besteen arteko haustura azalaren kolorearen ezberdintasunarekin batera handitzen doa egun. Arrazializatuak kanpotar bilakatu ditugu, hemen jaio badira ere, eta kanpoan jaiotakoak bertakotu ditugu gure azalaren kolorekoak badira eta frantsesez edo gazteleraz hitz egiten badute (euskara ez da hain ezinbestekoa, horregatik, ez da helduen alfabetatzearen unibertsaltasuna bermatzen). Hain da handia haustura, non egitura politiko, sindikal eta sozialetan arrazializatuen kupoa betetzen saiatzen den, progresia performatzeko. Ez dugu gutasunik, soilik «haien» eskubideak defendatzeko behar moral paternalista. Hain dago barneratua arrazakeria, ez baita gai berdintasunetik aritzeko.
Burgesia eta haren aparatu instituzional, mediatiko, errepresibo eta sozial guztiak banaketa hori indartzeko daude egituratuta. Lan munduan, eskoletan edota administrazioan, banaketa hori indartzen ari dira gure artean bereizteko. Lanaren banaketa soziala azalaren kolorearen arabera ere egiten dute, emakume langile arrazializatu askoren egoera izanik okerrena. Erreserbako gudaroste industriala betetzen duten milaka langileren patua momentuko lan indarraren beharrei zuzenki lotuta dago. Bidasoan dugu fluxu horren ixteko giltzaren adibide garbia. Baina egunerokoan ikusten ditugu migratuen eta arrazializatuen kontrako sarekadak gure inguruan, askotan interpelatuak sentitu gabe.
Benetako etsaiak identifikatu gabe, zaila dugu benetako gutasun bat eraikitzea. Baina, horretarako, ezinbestekoa da gutasun hori praktika erreal batetik eraikitzea. Arrazakeriaren kontrako, migratuen eskubideen aldeko edota lan baldintzen eta etxebizitzaren aldeko borroka partzialek balio dezakete haien (burgesiaren) fronte ezberdinen aurrean erantzuteko. Baina gutasuna sortzeko burgesiaren eredu arrazista eta atzerakoiari aurre egiteko proiektu politiko bat eraikitzea ezinbestekoa da.
Bestela, aurreko krisi garaiek erakutsi diguten bezala, burgesiaren oldarraldiari irmotasunez aurre egiten ez badiogu, faxismoak hedatzeko beharrezkoak dituen osagaiak elikatuko ditugu. Bizirauteko beharrezkoak ditugun elementuak (lana, etxebizitza, segurtasuna, hezkuntza, osasuna…) zalantzan dauden momentu honetan, horiek bermatzeko borrokak abiarazi gabe, etsaiaren sareetan harrapatuta geratuko dira oraindik ogi papurrak eskuratzeko gaitasuna duten horiek. Gutxi horien eskubideen defentsa egiteak soilik, langileen arteko gerra zabaltzea dakar, eta kanporatuak geratzen garen pertsonen kontrako erasoa biderkatzea. Jendarte burgesaren ingeniaritza errepresibo guztia zapalduak gehiago zapaltzera bideratzen da gero eta gehiago.
Euskal Herria den bezalako nazio zapaldu batean, kontraesan hauek oraindik eta modu sofistikatuagoan azaleratzen dira. Eraikuntzan dagoen nazioa izanda, bere naziotasuna erreproduzitzeko zailtasunak ugaritzen dira burgesiak langileen artean induzitutako banaketa horren harira. Proiektu nazional espainol eta frantsesak euskal egitura nazionalen kontrako isilpeko (eta ez hain isilpeko) gerra iraunkorra darabil, identitate nazional ezberdina duten pertsonak euskal kulturaren kontrako ariete bezala erabiliz. Bortxatzen gaituzten estatuen integrazio behartuak tokiko errealitatean prozesu eratzaile horren kontra posizionatzera eramaten ditu herritar asko.
Nazio-Estatu hauen kontrako borrokak soilik batuko gaitu, ordea, klase borrokaren bitartez, euskal nazio baten eraikuntzaren prozesuan. Estatu burges espainol eta frantsesen nazionalismo erreakzionarioaren kontra soilik eraiki daitekeen nazioa da gure nazioa. Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugun euskal herri langileok dugu soilik jatorrizko eta helmugako langile nazioa eraikitzeko bide horretan eragiteko aukera. Hala ez bada, ez baitu lortuko logika burges horietatik askatzea, baizik eta horietan sakondu eta horien zerbitzura egotera mugatuko da, bi estatuen apendize kulturalki exotiko bezala, jatorrizko herrietan bizi den zapalketak erreproduzitzen jarraituko duen bezala.
Euskal Herria hemen lan egin eta bizi garen pertsonok osatzen badugu, gure interesen alde borrokatzen bagara, gutasun bat sor dezakegu pentsamendu erreakzionariotik kanpo. Gure borroka partikularra erreakzio burgesaren kontrako borroka nazional bilakatu dezakegu. Jatorriaren eta azalaren koloretik harago, gure bizimodua gure interesen alde antolatuz, munduko askapen prozesuari gure aletxoa jarri ahal diogu. Baina horretarako ezinbestekoa da proiektu politiko independentista sozialistarekiko atxikimendua. Hortik bakarrik ahalko diegu aurre egin gure egunerokotasunean bizi ditugun arazoei.
Gu arrazakeriaren kontra eta euskararen alde gaude; segregazioaren kontra eta hezkuntza sistema propio baten alde; makroproiektuen kontra eta lurraren defentsaren eta komunaren alde; pobreziaren kontra eta etxebizitza eskubidearen alde; lukurreriaren kontra eta aberastasunaren banaketaren alde; jabego pribatuaren kontra eta erabilera balioaren alde; faxismoaren kontra eta euskal herri langilearen alde; NATOren eta Mendebaldeko herrialde inperialisten kontra eta nazio zapalduen askapen borroken alde; proiektu espainol eta frantses erreakzionarioen kontra eta Euskal Herri independente eta sozialistaren alde! Denak kabitu gaitezke bertan; ez, barkatu, zapaltzen gaituzten haiek ez!