Navarra Sumak blokeatuta du Berdintasuneko LEPa

2021eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun

Udal gobernura iristean Navarra Sumak hartutako lehen erabaki politikoetako bat zera izan zen, baliorik gabe uztea aurreko gobernuak Gazteria eta Berdintasuna sailetan bultzatutako lan eskaintza publikoa. Boterera iritsi eta astebetera izan zen, 2019ko ekainaren 21ean, eta hauxe izan zen erabaki premiazko hori hartzeko erabilitako argudioa: euskaraz jakitea eskatzen zela eskaintzen ziren lau lanpostuetatik bitan. EH Bilduk helegitea ezarri zion baliogabetze horri. Hilabete batzuk geroago, udalak amore eman zuen —horrek juridikoki esan nahi du arrazoia eman ziola helegitea jarri zionari—, eta LEPa ofizioz berrikusten hasi zen. Bi urte geroago, prozesua geldirik dago oraindik ere.

 

Hainbeste atzeratzea aski ez, eta, abuztuaren 2an, Enrique Maiaren gobernuak berriro sakatu du ofiziozko berrikuspen prozesua berrabiarazteko botoia, udaz eta erabilitako azken maniobra horren iraungipenaz baliatuta; horrela, tresna juridiko horren erabilera perbertsoa egiten ari da, modu onartezinean. Zein da maniobra horren helburua? Zalantzarik gabe, denbora irabaztea eta LEPa geldirik edukitzea agintaldia bukatu arte. Hau da, de facto blokeatzea.

Navarra Sumaren gobernua, Maria Garcia Barberena Berdintasun zinegotziaren oniritziarekin, euskarari dion fobian gotortu da berriro ere, eta, horretarako, galarazi egin du sail horretan beharrezkoak diren bi lanpostu finkatzea. Gaur egun, behin-behineko egoeran dauden bi profesionalek betetzen dituzte lanpostu horiek, eta ez dute behar bezalako baldintzetan lan egiten. Zer gutxi axola zaizkion Navarra Sumari bere ardurapeko giza baliabideak; kapaza da lau urtez lan eskaintza publiko bat blokeatzeko, euskarari dion fobia aldaezin, lotsagarri eta setatsuagatik.

Horrela, Berdintasuna eta Gazteria sailetan beharrezkoak diren giza baliabideak desagerrarazteaz gain, eskuinak berriro erakutsi du ez zaiola axola zer lan baldintzatan aritzen diren gaur egun bere ardurapean dauden zerbitzu publikoetako profesionalak. Eta, are okerragoa dena, agerian utzi du ez dagoela epe ertain eta luzerako estrategiarik Berdintasuna eta Gazteria sailetan; eskuinak zaindu ez dituen eta gutxietsi dituen alorrak biak ere. Jakina da emakumeen eta gazteen eskubideen kontrakoak direla eskuinaren lehentasunak eta filosofia.

Agintaldi honetan, alderdi horren kudeaketa balantzaka ibili da: alde batetik, Joseba Asironen gobernuak aurreko agintaldian egindakoaren atzetik ibili da, eta, jakina, mugimendu feministak edo beste talde politiko batzuek planteatzen dutenaren atzetik ere bai; baina, beste alde batetik, aurrerapen horietako batzuk geldiarazten aritu da, bere aurreiritzi ideologikoengatik.

Gogora dezagun nola zentsuratu zen Emakumeen Etxean izandako hitzaldi feminista bat, zer polemika piztu zen hiriko sarreran eraso sexisten aurka jarritako kartelak kentzeko asmoaren inguruan, eta zer jarrera setatia izan duten Nafarroan hezkidetzaren eta aniztasuna errespetatzearen aldeko estrategiaren kontra, ultraeskuinarekin eta Hazte Oir bezalako elkarte homofoboekin elkar harturik.

Maria Garcia Barberena Berdintasun zinegotzi ordezkariak eta Fernando Sesma Urzaiz Gazteria zinegotziak, Iruñeko hizkuntza propio eta koofizial bati fobia iraingarria izateaz gain, agerian utzi dute nolako mespretxua dieten zuzentzen dituzten sailei. Ez dute inolako eskrupulurik LEP hori blokeatzen jarraitzeko, interes alderdikoi hutsagatik.

Hori da errealitatea, hitz hutsez, argazki interesatuz eta keinu itxuratiz haratago. Berdintasunean, Gazterian bezala, giza baliabide nahikoak behar dira politika publiko eraginkorrak azkar aplikatu ahal izateko. Hasteko, Berdintasun Ordenantza bera eta LGTBI+ Plana aplikatzeko, oraindik garatzen ari baitira. Baina baita beste estrategia berri batzuk aplikatzeko ere, gure hiriko mugimendu feministarekin elkarlanean.

Estatuan emakumeen hilketak eta LGTBI+ pertsonen aurkako erasoak ugaritzen ari diren uda honetan, amarru bat erabiltzea da Navarra Sumaren lehentasuna, are gehiago atzeratzeko langile tekniko nahikoak eta baldintza duinak izatea emakumeen eta gazteen arazo nagusien aurka borrokatzen diren udal sailetan.

Edozein gobernuk lehentasun erabatekoa eman behar lioke indarkeria matxistaren arazo larriaren aurka borrokatzeari, matxismo estrukturalari aurre egiteko estrategiak diseinatzeari, gizartean pentsamolde aldaketa erreala eta sakona bultzatzeari, emakumeen ahalduntzea benetan sustatzeari, LGTBI pertsonentzako toki seguruak bermatzeari, aniztasuna errespetatzeari eta abarri. Baina ez da hala gertatzen Iruñean, Enrique Maiaren taldeak berriz ere frenatu baitu, eta berdintasunaren aurka egiten tematu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.