Boto isuriak borborka atera dira Nafarroako zaurietatik. Geroa Baik ia 40.000 botoko aldea, gobernu eta udalen artean. PSOEk ere antzekoa, baina europarren eta udalen artean. Eta horrela alderdi guztiak, botoetan gora eta behera, kulunkan.
Maiatzeko emaitzei erreparatuta, Nafarroa da gure herrialderik likidoena, alderdi artean boto-aldatze gehien izan duena. Eta hauteskunde osteko negozioziazioei erreparatuta, urak gaiztotu egin dira. Arduradun politikoei zaila gertatzen ari zaie gizarteko likidotasun hori egonkortzea, gobernu solido batean. Ez ote da izango, agian, negoziazioak abiatu dituztelako negaziaziotik?
Boto likidoak dira politikoki eta soziologikoki berritsuenak. Pertsona berak egun berean bi edo hiru boz ezberdin ematea esanahiz beteko ekintza da eta, ondorioz, interpretagarria, saritu edo zigortzeko motibazioa erakusten duelako.
Irakurketa azkarrean, eta agian gehiegi sinplifikatuz, Nafarroan hiru bloke konplexu marraztu dira indar mailaren arabera. Lehen blokean espainiar eskuina, Navarra Suman batua, autonomikoetan 130.000 boto edo dituena. Bigarren blokean ikuspegi nazional euskalduna, EH Bildu eta Geroa Bai gehituta, autonomikoetan 110.000 boz inguru dituztenak. Eta hirugarren blokean Espainiako ezkerra, autonomikoetan 100.000 botora iristen ez dena.
Europarretan, ordea, lehen blokeak 25.000 boto inguru utzi ditu bidean, bigarrenak ere antzeko, eta hirugarrenak, berriz, ia 40.000 egin du gora. Beraz, blokeen artean ere trasbase handia dago. Isurien garaian, merezi du blokeka bereizten jarraitzea?
Hiru bloke nagusi marrazteak ur-laster sakon eta egonkor bat azalarazten du. Azken urteetako boz autonomikoak aztertuta, espainiar eskuinak pisua galdu du, 10.000 edo 15.000 boto galduaz. Hain justu euskaltzaleek irabazi dituztenak. Eta joera hori nahiko ziurra da: nafarren arteko espainolistenak beherantz doaz eta euskaltzaleenak gorantz. Sakoneko korrontea norabide horretan badoa, itxaropena agertzen da: abertzaletzen ari ote da Nafarroa? Ez halabeharrez, gazi-gozoz beteta datorrelako Nafarroako zopa. Euskaltzale eta abertzale gehiago dago Nafarroan, kopuruz. Baina haien inguruko hesia ere gogortu egin da.
Gazi-gozoen kontrasteak aipatzearren. Egia da diskurtso nabarrista ahuldu dela, eta biluztu. Baina, kontrara, espainiar eskuinak ihes egin dio Nafarroan deskalabru orokorrari. Euskaldungoa, bai, hazten ari da, bigarren bloke indartsuen izateraino. Baina itxura guztiz, hirugarren blokea, ezker espainiarra inoiz baino 155agokoa da. Azken finean, jendartea indartzen ari den arren, orain lau urteko gobernu aukerak zapuztu dira.
Euskaltzaleen emaitzak ere gazi-gozoak dira. EH Bildu batez ere indar munizipalista gisa irudikatzen dute herritarrek. Gertukoen artean ere zalantzak daude ea Nafarroako alternatiba izan daitekeen. Esanguratsua da europarretan 5.000 boto gehiago ateratzea Nafarroako Gobernurako baino.
Geroa Bai-ri justu kontrakoa pasatzen zaio. Erro herritarra falta zaion arren, gobernu alternatiba gisa errazago irudikatzen da. Berezitasun batekin. EAEn EAJk hesi funtzioa egiten dio EH Bilduri. Baina NafarroanEH Bildurekin batera aritu denez, Geroa Bai ere hesitura barruan geratu da. EAEn hesia dena, hesitua izan da Nafarroan. Orain saiatuko da berkokatzen, hesitu izatetik hesi izatera igarotzen, PSNrekin gobernua osatzen, baina ez dago erraza, operazioak EH Bildu eta PSOE nolabait konpontzea eskatzen baitu.
Zentzu horretan Navarra Suma operazioa ezin hobeto atera zaien susmoa dut, batez ere euskaltzaleen inguruko hesitura indartzea lortu dutelako. Komunitatearen gainetik funtzionatzen duten botere lobbiek lortu dute nahi zutena. Baina nola nagusitu dira, zehazki? Batez ere, beldurrak astinduta. Bikain funtzionatu die euskara-inposatu eta Nafarroa-anexionatu propagandak. Erretxinduen itzulera eragin dute, desegindako klase ertainaren sumindura euskararen aurka jarrita.
Clausewitz jeneralaren maxima berretsi da Nafarroan. Alegia, porrotaren esperientziak inpaktu emozional handiagoa, biziagoa eta luzeagoa duela, garaipenaren esperientziak baino. 2015eko emaitzen erretxindurak 2019an utzi du arrastoa. Erretxindura ere emozio politikoa delako, eta ez makalena. Nafarroak lortu du espainiar eskuina batzea. Lortu du espainiar ezkerra eskuinaratzea. Lortu du guztiek bozkatzea. Eta orain, azkenik, operazioa ixtea falta zaie, Sanchezek Navarra Sumari oparitzen badizkie-nean Nafarroako Gobernua eta Iruñeko alkatetza.
Erretxinduen itzulera da Navarra Suma. Euren atzerakada euskararen aurrerakadari egozten dietenena. Eskuin kultura espainiarra (monarkia, ejertzitoa, zezenak, gizonkeria...) bigarren mailako nortasun gisa aurkitzearen beldur direnena. Espainiar nortasuna krisian dagoelako, orohar, baina bereziki Nafarroan. Galtzen ari da erakargarritasuna eta eragina. Eta erretxinduek erreafirmatzeko baliatu dituzte hauteskundeak. Nafarroako gehiengoak Make Nafarroa Great Again bozkatu du eta bai, gehiengoa osatzen dutela gogorarazi digute.
Navarra Suma, erretxinduen itzulera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu