Nafarroako LABeko enpresa publikoen arloko arduraduna

Navarra Biomedeko zuzendari ohiaren aldeko requiema

Ilargi Angulo Elduayen
2024ko uztailaren 16a
05:00
Entzun

Denok dakigu zein zen dimisioa eman berri duen Miguel Servet Fundazioko zuzendariak defendatzen duen postura, bai eta zenbat eta zenbat saiakera egin zituen ere Osasun Sailari ikusarazteko entsegu klinikoen kudeaketa Idisnara pasatzeak zer ondorio ekarriko zituen. Hori gauzatuz gero, gastu publikoarekin egiturazko bikoiztasunak sortzeaz gain, Fundaziorako BEZaren aurrezkia arriskuan jarriko litzateke, eta horrek baliabide publikoak CUN eta CIMA bezalako erakunde pribatuetara desbideratzea ekarriko luke. Hori ikusirik, erraz uler liteke oso pertsona deserosoa zela Osasun Departamentuarentzat. Gainera, orain arte egindako urratsetan atzera egiten saiatu beharrean —duela hilabete batzuk Ustelkeriaren Aurkako eta Praktika Onen Bulegoak gomendatu zuen bezala—, Miguel Servet Fundazioa edukiz husteko bideari tinko eusten dio.

Horregatik argi utzi nahi dugu LAB sindikatuarentzat dimisio hau bide berean egindako beste urrats bat gehiago dela, Departamentuak ikerketa biomedikoko erakunde pribatuei mesede egiteko duen asmoa gauzatzeko bidean, arlo publikoaren kaltetan, noski. Eta dagoeneko urtebete daramagu hori salatzen.

Errealitatean, sistema eta profesional publikoek parte-hartze subsidiarioa izaten dute sare pribatuko ikertzaileak buru dituzten proiektu askotan (pazienteak errekrutatuz, adibidez). Idisnan talde «mistoak» sortzeak, hasierako desabantaila horren bilakaera aztertzeko borondaterik ez badago, desoreka horiek ezkutatu egingo ditu lankidetza publiko-pribatu deitu duten alfonbra horren azpian. Gogora dezagun, bidenabar, Carlos III.a Osasun Institutuak exijitu zuenez, Idisnaren helburu nagusia Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren ikerkuntza handitzea izan behar dela, bai kantitatez bai kalitatez. Baina tamalez, hori ez dator errealitatearekin bat.

Osasun Departamentua etengabe ari da bere burua zuritu nahian, behin eta berriz errepikatuz ahal duen guztia ari dela egiten ikerketa biomediko publikoaren eta bere ikertzaileen alde, baina errealitatean ez dugu halakorik ikusten. Nafarroan ikerketa biomedikoko proiektuak finantzatzeko erabiltzen den diru publikoaren aurrekontuetan desoreka handia dago, eta hori gelditu beharrean, elikatzen jarraitzen dute Idisnaren bidez, zeina alderdi pribatuak gidatzen duen. Nafarroako Gobernuak emandako azken deialdietako datuei erreparatzen badiegu, aise ikusiko dugu erakunde publikoen ikerketa biomedikorako emandako euro bakoitzeko, batez beste, 4,4 euro eman zaizkiela erakunde pribatuei, dela proiektu estrategiko moduan, dela doktoretza aurreko beketan.

Edonork justifika lezake hori, esanez kalitate txikiagoa dagoela ikerketa publikoko taldeak finantzatzeko eskaeretan. Gu ez gatoz bat argudio horrekin, baina, onartzera ere, horrek honako beste galdera ekarriko luke: zer ari da egiten Departamentua kalitate-desberdintasun hori geldiarazteko? Arlo publikoa babesten ez badu, ez al da talde pribatu eta publikoen arteko desberdintasuna areagotzearen alde ari?

LABek dei egiten die NBko zuzendaritza berriari, Kontseilaritzari eta Nafarroako Gobernuari pribatizazio prozesu hau geldiarazi, ikerketa biomedikoaren aldeko apustu sendoa egin eta ikerketa publikoko institutu baten bideragarritasuna berma dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.