Patxi Zabaleta

NATOren narriatzea

2023ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Gerraren kontra soilik bakezaletasuna delazilegi eta soilik bakezaletasuna gertatzen dela eraginkor esanez etaaldarrikatuz idatziak ditut berriki hiru artikulu, nahiz jarraipen edo arrakasta handirik gabe, dirudienez.

Gutxi dira, zoritxarrez, gure artean ere, negoziaketaren eta hitzaren bidea soilik aldarrikatzen dutenak. Aitortu beharreko salbuespena Frantzisko Aita Santua da; baina ezin da esan bere eskariak entzunak izaten ari direnik.

Zorigaiztoko gerra eta armamentu eskariak dira eguneroko hizpide, eta jolas horietan Europako diplomaziaren buru den Josep Borrell agertzen da beti beste guztien gainetik. Izan ere, autodeterminazio eskubideak Europa batuaren ezaugarri demokratikoa beharko luke, eta, autodeterminazioaren etsai itsuak diplomaziaren buru dauden bitartean, oso zaila da inolako aterabide demokratikorik eskaintzea.

Ba al dago ezer negoziatzerik, estatuen mugak dogma gorentzat jartzen dituztenekin? Behin eta berriro gerra ezin daitekeela oraingoz eten esaten eta errepikatzen dute Ameriketako Estatu Batuek, AEBek. Hori da haien mezua, NATOzabaltzen ari direlarik. Baina bitartean ukrainarrek kanoi-haragi bezala jarraitu behar dute.

Errusiak, bere aldetik, 2010ean demokratikoki aukeratutako Viktor Janukovitx presidentearen zilegitasuna aldarrikatzen du, 2014an oldarraldi baten ondorioz kargua uztera behartua izan baitzen, baldin eta odol isurtzeak eta oker handiagoak ekidingo bazituen. Baina orduan hasi zen liskar armatua.

Baina agian kezkagarriena, gero eta okerrago garatzen ari den gerrate ikaragarri eta gertuko honetan, NATOren narriatzea edo degradazioa da. Ze baldintza bete behar dira NATOko partaide izateko? Bada, horra Turkiako Erdogan lehendakariak jartzen dituen baldintzak; hau da, Kurdistango borrokalari edo politikariei babesik ez ematea. Beraz, demokraziaren defentsarako antolakunde horretara sartzeko baldintza antidemokratikoen iragazkia jarri dute ate moduan.

Finlandia NATOn sartu da eta alderdi sozial-demokratak helburu horrekin egindako saiakera, eskuin muturra agintean jarrita ordaindua gertatu da. Zer esan nahi du horrek? Sozial-demokraziak benetako demokraziaren eta sozialismoaren defentsari uko egiten dionean, bere baliorik eza azaltzen duela eta eskuin muturrari bidea irekitzen diola. Ikusteko dago ea Suedia ere amildegi horretan erortzen ote den. Eta bitartean zer esaten dute Erdoganen jokabide horren aurrean Europako Batasunak eta AEBek? Ezer ez.

Nazioarteak gogoan izan beharko lituzke, eta aintzat hartu, ez bakarrik kurduen eskubideak, baizik baita ere kurduek mundu osoari egin dioten ekarpena Estatu Islamikoaren benetako arriskutik zaintzean. Baina, zoritxarrez, Europako Batasuna, EB, Espainiako erresuma barne, isilik dago arlo honetan, eta Erdogan bezalakoak nahi dutena egiten ari dira NATOko kide bezala eman zaien beto eskubidea beren inperio hondarren onuretarako erabiliz.

Behin eta berriro gogoratu beharrekoa da, Hego Euskal Herri osoak —EAE etaNafarroa— ezetza eman geniola NATOn sartzeari. Izan ere, gerraren kontrako estrategia zilegi eta eraginkor bakarra bakezaletasuna da. Eta soilik bakezaletasunak irabazi lezake eta irabaziko die Putin bezalako militaristei. Ez segur aski beste gerrazale eta belizista batzuek.Ez lirateke ahaztu behar Errusian bertan dauden eta ahal bezala saiatzen ari diren bakezaleak, ez liratekeen ahaztu beharko bezala, Europan bertan —eta Ameriketan eta Afrikan eta abar— lanean ari diren bakezaleak. Orain oso zaila daukate beren ahotsa entzunaraztea. Oso gogorra zaie beren proposamenen oihartzuna gerrazaleen deiadar ikaragarrien gainetik aditua izan dadin lortzea. Baina ez dago etsitzerik.

NATOn sartzea oker handi bat izan zen 1986an. Baina orain areagotu egin da oker hori. NATO ez da jada demokrazia zaintzen eta babesten duen erakunde bat, baizik giza eskubideak errespetatzen ez dituzten agintariek —Erdogan bezalakoek— ezarritako baldintzak bete behar dituen antolakunde bat. Gaur egun, oraindik arrazoi gehiago daukagu euskal herritarrok NATOri eta armagintzari, eta gerraren negozioei, ezetza ematen diogula gogoratzeko.

Gainera, NATOk bere saiakeretarako Europa osoan daukan eremu bakarra,Bardeako eremu militarra alegia, NATOri ezetza eman zion herrialde batean dago, Nafarroan alegia, nahiz eta 2003az geroztik ongi baino hobeki lubrifikatuak, blaituak eta koipeztatuak dauden garai baten kongozanteak eta orain ustez jabeak diren herriak eta Olibako fraideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.