Ameriketako Estatu Batuek 750 base eta misio militar dituzte munduko 128 herrialdetan. Ez gara obsesio militarista eta inperialista horrek sortutako gerrak zerrendatzen hasiko, baina, tamalez, horien guztien konplize bihurtu gintuzten duela 33 urte.
1976ko martxoaren 12an, erreferendum iruzurti baten bidez, NATOren barruan sartu gintuzten. Baina Euskal Herriak, izaera antiinperialistari helduz, eredu bikaina eman zuen, egitura kriminal horri ezezkoa emanaz. Jakitun baikinen, aliantza inperialista horretan sarturik, kaltea baino ez zuela eragingo, bai beste herriei, eta baita gure herriari ere.
Izan ere, gaurko efemeride honetan, euskal herritarroi ekarri dizkigun kalteak eta euskal instituzio zein enpresek gerrarekin duten konplizitatea jarri nahi dugu mahai gainean. Hemendik milaka kilometrotara NATOk sortzen dituen gerrek eragina dute gugan, ezkutatzen saiatzen badira ere.
Ekonomikoki, espainiar eta frantziar estatuen parte eta, beraz, NATOren parte garen heinean, kupoaren eta hitzarmenaren bidez ordaintzen dugun gastu militarra ia 650.000 euro litzateke urtean. Horri industria militarraren gastua ere gehitu beharko genioke. Eta garaia da Euskal Herriko erantzuleei izen-abizenak jartzeko. 1953 eta 1974 artean NATOren radar sistema ezarri zuen Francok Baztango Gorramakil mendian, eta 1951tik hona funtzionamenduan dago Bardeako tiro-eremua, hildakoak, zaurituak, kutsadura, gaixotasunak... sortzen dituena. Baina diru truke, beste alde batera begiratzen dute Bardeako Juntak eta parte diren udalerrietako alkateek. Bestetik, Santurtziko portua, armen salmentaren munduko rankingean 7. postuan dago. 2017an, lehergailuz beteriko 300 kontainer atera ziren portutik, gehienak Saudi Arabiara bidean.
Gainera, Euskal Herrian 100 enpresa baino gehiago dira haien produkzioaren zati bat edo gehiena industria militarrera bideratzen dutenak. Gamesa/Aernnova, Sener, ITP edota SAPA dira horietako batzuk. Eta noski, instituzio publikoen (nagusiki Eusko Jaurlaritza, baina ez bakarrik) diru-laguntzak eta sariak ere jasotzen dituzte, eta Euskal Herrian dauden banku gehienek (BBVA, Caixabank, Rural Kutxa, Kutxabank...) armagintzan inbertitzen dituzte euskal herritarron aurrezkiak.
Eta ez dugu ahaztu behar Euskal Herriko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, OPUSen Unibertsitate pribatuak eta Mondragon Unibertsitateak ere hitzarmenak dituztela industria militarrarekin eta defentsa ministerioarekin.
Zerrendatutako erakunde horiek guztiak eraso inperialisten eta hauek sortutako ondorioen konplize dira.
Baina horren aurrean sortutako borrokak ere asko izan dira: migranteen eskubideen aldekoak, euskal armagintzaren aurkakoak, Santurtziko portuko esportazioen salaketak, Bardeako tiro-eremuaren aurkakoak, eraso inperialisten salaketak, martxa feminista-antimilitaristak, elkartasun internazionalista, arrazismoaren aurkako borrokak...
Euskal Herriko herri mugimenduen artean aliantzak ehuntzen jarraitzea ezinbestekoa da, eta borroka horiek guztiak saretzea, inperialismoaren aurkako mugimendu zabal, anitz eta sendo bat garatzeko. Inperialismoak Euskal Herrian dituen konplizeei inpunitatea amaitu behar zaie. Eredu horren aurkako konpromisoak batu behar ditugu.
NATOk Euskal Herria ere suntsitzen du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu