Joxerramon Bengoetxea.

NATOk eri, zaharkituta edo hala moduz, baina 75. urtemuga ere beteko du

2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Ez dirudi Atlantiko iparreko urak oso bare daudenik. Macronek dio Aliantza garun heriotzean dagoela, Trumpek zaharkitua dagoela, Alemaniako defentsa ministroak, Heiko Maasek, indartsu eta prest dagoela, diagnostiko desberdinak egon arren.

NATO erakundea gerra hotzaren hastapenetan jaio zen, Washingtonen sinatutako Itunarekin, bigarren mundu gerratik irtendako Europari babes armatua emateko, gerra horretako irabazleek diseinatutako Alemania estatu federatu berriak ezin zuelako ordura arte ezagutzen zen defentsa zerbitzu subirano bat antolatu.

Sobiet Batasunak urratsak eginak zituen ekialdeko Europa bereganatzeko, eta Varsoviako Itunak bloke komunista lerrokatu zuen. Bi blokeen talka geopolitikoa eta ideologikoa Europatik mundura hedatu zen. Nola bermatu mendabaldeko Europaren defentsa?

Urte horretan, 1949an, gerra osteko Europa librea diseinatu zen politika, ekonomia eta defentsa arloetan: elkarlan demokratikoa eta giza eskubideak bultzatzeko Europako Kontseilua; ekonomia sustatzeko OCDE, Marshall Plana eta handik gutxira Merkatu Komuna (1952an, Ikatza eta Altzairuaren Europar Erkidegorako Pariseko Itunarekin), eta defentsarako Aliantza Atlantiarra, hots NATO.

NATOren oinarria NBEren Gutuna da. Ituneko 5. artikulua Gutunaren 51. artikulutik dator. Gutunak 2(4) artikuluan indarraren erabilera, edozein arma-eraso, debekatzen du, eta 51. artikuluan jasotzen da erasoen aurreantaldeak bere burua defendatzeko daukan eskubidea: taldeko gainontzeko kideen erasoa izan duen kidearen defentsan etorriz. Hortik dator buru-defentsa kolektiboaren printzipioa. Eraso armatua, edo horren mehatxu nabaria edo bakearen mehatxu zuzen bat egotea beharrezkoa da Ituna erabili ahal izateko.

Aliantzaren funtzioa, beraz, taldeko kideak babestea da. Gerra hotzeko testuinguruan, Berlingo harresiaren erorketarekin, duela 30 urte, aldatu zen arren, eta Varsoviako Ituna 1991. urtean desegin zen arren, NATO bere burua birdefinituz joan da, testuinguru geopolitiko berriei egokituz. Hona bide berriko mugarri batzuk.

1. Bosnia, 1995: NATOren interbentzioak Daytoneko bake akordioa posible egin zuen, Europako Batasuneko estatukideek bakelari lanetan porrot egin ostean.

2. Kosovo, 1999: Esku-hartze gizatiarra, printzipioz, ez dago NATOren edo NBEren Gutunean jasota talde-buru defendatuen eskubidean sartuta, NBEko Segurtasun Kontseiluaren ebazpen berezia behar baita militarki esku hartu ahal izateko. Kosovoren kasuan 1.160. (1998) eta 1.199. (1998) ebazpenek armen bahimendua ezarri eta su-etena exijitu zuten, baina ez zuten erasorik baimendu. Errusiak betoa jarri zion interbentzioari, eta baldintza horietan Aliantzak erabaki zuen Yugoslaviako errepublika ohiak NBEko ebazpenak errespetatu ezean NATOk berak esku hartuko zuela, arrazoi gizatiarretan oinarrituz, giza eskubideen bortxaketa masiboak jazotzen ari zirelako Kosovon. Mehatxua eraginkorra izan zen orduan. Errusiak ez zuen indarra erabili, baina ez zuen oztopatu Aliantzak esku hartzea.

3. Afganistan, 2003: NATOk Al Qaidaren eta talibanen aurkako interbentzioak egin zituen —Estatu Batuak 2001eko irailaren 11ko atentatuetan erasotuak izan ostean, bere burua defendatzen zutela argudiatuz—. Horren balantzea egitea ez da oso zaila: Afganistango estatu eta gizarteari begiratu besterik ez dago. Errefuxiatuek ihes egiten diote sistemari eta Aliantzak muzin egiten die eurei.

4. Libia, 2011: Libiako gerra zibilean esku-hartu zuen NATOk, eta Frantzia oso murgilduta egon zen ekintzetan. Gadafi hilda suertatu zen. Arabiar udaberriaren garaia zen. Azken esku-hartze hori nahiko behartua izan zen ikuspegi estrategiko batetik, baina egun Libia porrotean dagoen estatu bat da.

Gaur egungo erronkak desberdinak dira. Txina azaldu da munduko potentzia gisa, eta kezka iturri da. Errusia bera aldatu egin da. 2014an Krimea bere egin zuen. Ukranian desegonkortasuna sustatu du, herri honek Aliantza Atlantikoan sartzeko keinua egin zuenetik. Europako Batasunak bera desegonkortzea omen du helburu. Baltiar Errepubliketan, Polonian edo Errumanian dardarka hasten dira Aliantza kolokan jartzen den bakoitzean, eta bakerik ekartzen ez badu, Macronek ez ditu lagun asko egingo Errusiarekiko elkarlana aldarrikatuz.

Defentsaren eta segurtasunaren arloan Europako Batasunak elkarlana eraikitzeko dauka. Eta AEBek babesa kenduko balute, sistema europarraren gabezia agerian geratuko litzateke. Finlandia, Irlanda edo Suedia bezalako EBko estatukideek neutraltasun militarrari eutsi dioten bitartean, ekialdeko estatuak Varsoviako Itunetik askatu bezain pronto Aliantza Atlantiarra besarkatu zuten AEBren magalean, eta hori dute xede: Ipar Makedonia Aliantzaren 30. kidea izango baita 2020ean. Koman, eri, zahartuta, hala moduz, baina «OtaNato»-ak 75 urte beteko dituelakoan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.