Hogei urte baino gehiago izango dira Joseba Sarrionandiaren Atabala eta euria narrazio liburua irakurri nuela. Bere narrazioek eragin zidaten liluraz gainera, bereziki aho zapore ona utzi zidan liburuan ageri den post scriptum-a. Bertan irakurtzea merezi duen hainbat pasarteen artean, gogoan iltzatuta daukat idazleak desarrazoia erabiltzearen kontu hura. Dioenaren arabera, Aljerian 1945. urtean irakasleak eskolan hala diktatzen zien ikasleei: «Je suis francais, la France est ma patrie». Haur musulmanek, ostera, «Je suis algerien, l´Algerie est ma patrie» idazten zuten. Umeak ume izanagatik ere ez ziren ezjakin hutsak, eta ondo ulertzen zuten irakaslearen arrazoi menperatzailearen aurkako diskurtsoaren beharra zutela, euren nortasuna galduko ez bazuten, euren burua ezagutuko bazuten.
Egunotan Madrilen LOMCE Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa onartu dute, PPk bere gehiengo absolutua baliatuz. Lege horrek Euskal Herrian atzerapausoa suposatuko du, hezkuntza publiko herritarraren aurkako eraso latza izateaz gainera, hezkuntzaren ikuspegi neoliberal eta zentralista ere inposatuko delako. Orain arte hezkuntzak herriaren eskura izateko zailtasun nabarmenak izan ditu, denok ezagutzen ditugun harresi burokratikoak eta handikeria instituzionalak direla medio. Orain lege uniformizatzaile honek berrogei urte atzera eramango gaitu, euskaldunok gure eskola bideratzeko ditugun proiektu eta prozedura guztiak zapuztu beharrez, Euskal Curriculuma besteak beste. Orain lege antzu honek diktaduraren sasoi hitsetara itzularazi gura gaitu, gizalege herritarraren gainetik espainarkeria eta maila sozio-ekonomikoaren araberako bereizkeriaren lege elitista gailenduko delako, praktikan jarriz gero.
Etorkizunari esperantzaz begiratu behar ei diogu, baina espainiar Hegoalde antzutik datozen hodei grisak mehatxagarriak dira, eta berorietatik datorkeen euri azidoaren kalteak sendatzea ez litzateke erraza izango. Hori ekiditeko beharko genituzke administrazio autonomikoak, bere botere mugatuaz baliatuz legea ez betetzeko zirrikituetatik arnasbide batzuk topatzeko. Hala adierazi du Lakuan gobernuan den partiduak Cristina Uriarteren ahotik. Sailburuak lege horren aurka hezkuntza curriculum berri bat aldarrikatu du, bere hitzetan kalitatearen eremuan aurrera egiten ahalbideratuko diguna. Borondatea estimatzen da eta berba ederrak ere bai, baina begira diezaiegun EAEn egindako eztei berriei, zeinetan EAJ, PSOE eta PP ezkontza hitzarmenak sinatzen dabiltzan. Hirurak maitaleak diren heinean, EAJk bere etekinei uko egingo ote die bertoko hezkuntzaren aldeko hautua egitearren?. Aurreko urtetako praktikak erakutsi digu Sos Jauna nagusi den eremuetan herriaren aspirazioak hutsaren parekoak direla, kontzertu ekonomikoek sinfonia herritar guztiak zokoratzen dituztela.
Horiek horrela, hobe oker banengo, baina intuizioak zera diost: gizalege guztien gainetik Madrilgo irakasle kolonizatzaileek Euskal Herriko ume gaiztooi euren legea inposatuko digute, hurbileko administrazio kolaboratzaileen laguntzarekin. Alabaina gizakiok pentsatzen dakigun heinean egiten ere jakingo dugu, eta gura izanez gero gure bidea markatu ahal dugu gobernu handi zein txikietako burukideek diotenari begira ibili barik. Ikasgelaren eremuak badu bere nortasuna handien lege zabarren gainetik, eta eremu horrek herri estrategia berri bat gauzatu ahal du baldin eta, ikasle aljeriarren gisara, irakasleok, inguru hurbileko hezkuntza komunitatearen konplizitatearekin, gure bide propioa eratzen badugu, Wertek espainiar lege lohi faltsuak diktatzen dizkigunean gure gizalegearen adierazpenak idazten baditugu, Espainia jartzeak dakarren arrazoi gotorraren ordez Euskal Herria jartzeak lekarkeen desarrazoi inteligentea gailentzen badugu.
Herri honek ehunka urtetan bizirik iraun du. Enbatak eta erauntsiak ez dira falta izan, baina eskarmentuak haizete horien indarra eta kaltea gainditzen irakatsi digu. Frantsesek Aljeriatik alde egin zuten herriaren jakintasuna eta erabakimena zirela medio. Espainiarrek ere hala egingo dute Euskal Herrian beste zerbait idazteko gai bagara. Hortxe ikusiko da askok dioten moduan herri aurreratua garen, ala nortasuna galarazten diguten errezeta kutsagarriak irensteko prest segituko dugun. Gura izanez gero, irakasleok askatasunerantz eraman gaitzakeen narrazio ezin ederragoa idatz genezake irakaskuntzan dugun esperientzia lagun, ikasle guztien eredu, herri kolpatu honen eredu. Horretarako gobernu kolonoetatik datozen testu guztiak zaramara bota, eta geure testu propioa sor dezagun.
Narrazio propioa LOMCEren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu