Nafarroan, euskararen ofizialtasunaz gehiago

2015eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Dossier oso interesgarria eman du BERRIAk oraintsu. Euskararen ofizialtasunak Nafarroan euskaltzale ororentzat merezi du gehiago sakontzea. Maiatzean foru hauteskundeak baitigu, batez ere, zenbait zertzelada azaldu nahi ditugu. Eztabaida zabaltzea da nire asmoa eta, debaterako prest. Jaime Ignacio del Burgo suertatu da auzi honetan irabazle, euskaltzaleok galtzaile. Del Burgoren merituei gehitu beharko zaizkio zenbait politikari abertzaleen demerituak, erakunde armatuaren interbentzionismo onartezinak, ahantzi gabe sozialista nafarren konplizitateak. Ondorioa, gaurko gobernariak etekinekin jarraitzen dutela.

Hasteko, esan dezagun Espainiako erresumako hizkuntza ofizialtasunezko erkidegoen legeetatik eskasena Nafarroakoa dela, zeren eta beste erkidegoek, orden kronologikoei jarraituta, Euskal Autonomia Erkidegoko 1982/10 Legea; Kataluniako lehen legea —bigarrena hobea oraindik— 1983ko apirilaren 18koa; Galiziako urte bereko ekainaren 15ekoa; Valentziar Erkidegoko urte bereko azaroaren 23koa eta Balearetako 1986ko 29koa, askoz hobeagoak baitira. Euskal Herriaren Mendebaldeak duen legeriarekin konparatu beharko genuke —ez dut eginen, nahiz eta gogoak eman azaltzeko zeintzuk politikok aitortu ziguten Akademiaren egoitzan nahiko zuketeneta onartuko Eusko Legebiltzarreko 1982/10 Legea beste lau herrialdeentzat— baina parean jarriko dut antzerako egoera politikoan dagoen Valentziakoa.

Beste hiru erkidego politikoetan euskara, galegoa eta katalana hizkuntza PROPIOtzat aitortzen dute Autonomia Estatutuek. Valentziakoan ere, valentziera dela hizkuntza propioa bai irakaskuntzarako, baita ere, Administraziorako. Diglosia hitza ere sartzen du, horrek adieraziz, soziolinguistak ere izan zituztela legegileek, aholkulari bederen eta valentzieraren berreskuratzea aipatzen du, Estatutuaren 7. artikuluan hasita, Gorteetako Lege Organikoan, alegia eta 1983/4 Legeak, hizkuntzaren ofizialtasunarenak birritan «zioen azalpenean» eta lehen artikuluan —non arraio egon zen Felones kontseilaria, deblaukiegi oraindik dioenean «bertze hainbat alderdik, herrialdea berriro euskaldundu nahi dute…» hori justiziazkoa ez balitz eta bere burkide Joan Lerma Valentziako Generalitateko presidenteari, Legea sinatu zuenari, hain zuzen, kontsultatu gabe?- baita ere, «reparar una injusticia» dioenean hango Legeak. Hor nabaritzen da Nafarroako eta Valentziako sozialisten arteko desberdintasuna, hots, bertako hizkuntzarekiko zer sentiberatasun zuten. Lermarekin eskola ikuskatzearen zonifikazioa nola egin zuen hitz egiten egon nintzen Generalitata utzi eta gero eta konturatu nintzen hemengoek baino gehiago zekiela eta sentitzen zuela.

Nafarroako lege egoerak, badu, zoritxarrez, jatorrizko arazo nagusi bat, Gorteetako 1982/13 Lege Organikoaren 9. artikulua. Hemen ere, Felonesek eskuak garbitzen ditu esaten dioenean: «… Hasierako erabaki bat izan zen hori (Nafarroako Parlamentuak euskara herrialde osoan onartu zuela eta erantzuten duenean) parlamentua guztiz demokratikoa ez zen garaikoa…». Hori 1979ko parlamentuari zilegitasuna kentzez aparte, del Burgo eta navarristen azpijokoei Iruñean eta Madrilen arrazoia ematea da. 1982 urte hartan, Euskaltzaindia izan zen 9. artikulu hori salatu zuen bakarra, hain zuzen, Oiartzunen, uztailaren 17an, Akademiaren agerkarian irakurri daitekeenez —Euskera 1083-1, 137-144 orrialdeak— alderdi abertzaleak, euskaltzaleak omen, beste estrategiapeetan distraituta zeuden bitartean. Aktak hau dio, bestalde: «J.L.Lizundiak egin daitekeenaren zirriborro bat zabaldu du, eta iritzi guztiak luze eta zabal eztabaidatu ondorean, eranskintzat ematen den adierazpena onartu da». Jose Mari Satrustegi zen orduan erakundearen Nafarroako ordezkaria eta gogoratzen naiz bere haserreaz, publikoki nafar politikari abertzalebatekin ere, zeren eta ezer bazen euskaltzalea zen Satrustegi.

Lege Organikoaren garapenez, 1986/18 Foru Legea Euskarari buruzkoa onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, gure inguruko askok ez bai dute ikasi legeak parlamentuetan egiten direla, Iruñean nahiz Gasteizen; Madrilen nahiz Parisen, Oslon eta Europa guztian, ez eta udaletxeetan, ez plazetan. Orduan ere ongi aprobetxatu ziren navarristak, batzuen konplizitateaz eta beste batzuk bertan ez egoteaz.

Valentzian, han ere zonifikazioa egin behar izan bazuten ere, gutxienez Valentziako eta Alacanteko unibertsitateen Filologia Institutuen lana hartu zuten oinarri, Legearen X. Zioak azaltzen duenez eta irizpide gisa, 35. artikuluak dioenez historia kontuan hartzen du.Nafarroan, ordea, Lege Organikoa okerren interpretatuz hiru zonetan modurik arbitrarioenean banatu zen Foru Erkidegoa. Absurduetariko bat Longida harana eta bere barrendegian duen Agoitz hiria, eremu desberdinetan ezartzea izan zen, edota Galarko Zendea beste lauretatik aparte uztea —Iruñerritik kanpora, Felones jauna— edota Iltzarbe eta Etxauribarko herri batzuek zona baten eta beste batzuk beste baten. Zaraitzu guztia ez euskaldunean, nahiz eta euskaldungo gutxiengo bat izan, antzerako legislazio konparatuak ikertzeke, adibidez Finlandian gutxiengodun udalerrientzat. Berriro Valentziakora itzuliz, han behintzat Legearen 37. artikuluak, zonei buruzko aurreko artikulu biak errebisatzeko aukera ematen dute, batez ere, irakaskuntzan Generalitateari berari.

Egia esan, gustatu zaizkit Estebe Petrizan eta Mikel Bujandaren iritziak, bereziki pragmatismoaren ikuspuntutik. Eta Sagrario Aleman euskaltzainkideak dioen bezala «urrats txiki horiek» laster talde parlamentarioek onartzen badituzte betoz ongietorriak. Besterik da Lege Organikoaren 9. artikulua Madrilen aldatzea, beranduegi behar bada, areago, une honetako indarren korrelazioak —ahaztu ote zaie ezkerrekoei marxistek hortaz zer idatzi duten?— ezinezkoa egiten duela. Beraz, maiatzeko hauteskundeetarako, edo, agian, hobe, ostean, 9. artikulu horri euskararen aldeko interpretaziorikhoberena egitea litzateke lehendabizi euskaltzale diren indar politikoena, 1986/18 Legea soziolinguistikoki eta jurilinguistikoki lingua navarrorumaren ofizialtasuna eraldatuz, batez ere 5. artikuluan, baina ez bakarrik horretan. Segituko dugu hurrengo batean xehetasunekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.