Nafarroako Urrezko Domina: frankismoaren apologia

Patxi Arrosagari, Esteban Gota Arellano eta, Fernando Mendiola
2014ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Aste honetan jakinarazi digu Nafarroako Gobernuak aurtengo Nafarroako Urrezko Domina diktadura garaiko bi agintarientzat izango dela, Félix Huarte eta Miguel Javier Urmenetarentzat, alegia, foru elkarte honetako memoria politikak erregimen frankistaren, bere agintarien eta bere eliteen apologia bihurtuz. Berriro ere sinetsarazi nahi digute diktadura garapen ekonomikoaren abiapuntua izan zela, eta bere politikari eta enpresarien kezka nagusia ongizate orokorra hobetzea izan zela. Horren aurrean, Oroimenaren Autobusa osatzen dugun elkarteok hainbat puntu argitu nahi dugu, erabaki horren aurrean daukagun desadostasuna hobeki azaltzeko asmoz.

1. Estatu frankista, garapen ekonomiko eta sozialerako oztopoa. Estatu espainiarreko beste eskualdeetan bezala, eta mundu mailan gailendu zen joeraren barrenean, inoizko hazkunde ekonomikoaren tasa altuenak izan zituen Nafarroak 1950eko hamarkadako bukaeratik 1970eko hamarkadaren hasiera arte. Hala ere, Nafarroan, estatuan bezala, diktaduraren ekarpen ekonomiko nagusia ez da hazkunde global horren barrenean industrializazioa bultzatzea izan, gerrarekin eta gerraosteko politikekin nafar eta espainiar ekonomia eta gizartea zulo beltz batean sartzea baizik, gosea, miseria eta eskubide sozialen atzerakadarekin batera. 1936ko kolpearen ondorioz espainiar ekoizpen per capitak ez zuen 1951 arte gerra aurreko maila berreskuratu, eta soldaten pisua kapitalaren errenten aldean nabarmenki jaitsi zen. Frankismoak, beraz, oro har gizartea eta bereziki langileria pobreziara kondenatu zuen, Europa inguruko herrialdeetan hamarkada horietan garatzen ari ziren oinarrizko zerbitzu sozialei [osasuna, hezkuntza...] oso inbertsio apalak bideratuz.

2. Felix Huarte, kolpismoaren, gerra krimenen eta diktaduraren laguntzailea. Ez da gure iritzi hutsa, ez. Bere enpresak, Huarte y Cía SAk alegia, ahalegin handiak egin zituen gerra bukatutakoan militar matxinatuen garaipenerako haien ekarpenak nabarmentzeko. Nafarroako Gobernadore Zibilari 1939ko abuztuaren 19an igorritako gutun batean (J. Paredesek erreproduzituriko dokumentua, Félix Huarte, Fuentes Históricas, Rialpek argitaraturiko liburuan, 137 - 139) enpresak zera dio testualki: «Hemos puesto TODO al servicio de la Causa Nacional». Gutunean bertan ekarpen horiek zehaztapen handiz jasotzen dira, hiru motak desberdinduz: «lan ekarpenak» (ibilgailuen blindajea, arma zatien ekoizpena, gotortze lanak...), ibilgailuak eta diru ekarpenak (356.786 pezeta). Hauxe, gainera, Nafarroako Falangeko Bulego Nagusiak berretsi zuen, «sus aportaciones cuantiosas en metálico y la prestación desinteresada de trabajos al ejército» nabarmenduz. Horiexetan ibili zen Felix Huarte, demokraziaren suntsiketa eta Europako diktadura odoltsuenetako baten garaipena bultzatuz. Beranduago, gainera, laguntza ekonomiko horretaz gain diktaduraren aparatu politikoan sartu zen, Nafarroako agintari nagusietako gisa, Foru Diputazioko lehendakariordea izanik. Honi dagokionez, ez dugu ahaztu behar agintari haiek isunak, atxiloketak, torturak eta espetxeratzeak agindu zituztela beren eskubideak defendatzeko modu klandestinoan antolatu ziren langileen aurka.

3. Huarte, mausoleo frankistaren eraikitzaileetako bat. Huarte eraikuntza enpresaren hazkundea erregimen frankistarekin zituen loturei esker ulertu behar da, zalantzarik gabe. Aberasteko gaitasuna lehiaketa publiko ilunak irabazteko gaitasunarekin lotuta dago, horietako batzuk inongo erabilpen sozialeko lanak egiteko, Valle de los Caídos izenekoaren kasuan bezala. Askotan aipatu da Huarte enpresak frankismoaren presoak erabili zituela diktadorearen mausoleoan, baina dokumentazioak argi erakusten du 1950ean hasi zela lanean mausoleoan, presoen zigor destakamenduak itxita egon ondoren. Hala ere, obra honetan presoak erabili ez izanak ez du bere konplizitatea ezkutatzen. Diktaduraren legitimaziorako obra handia da, inongo erabilgarritasun sozialik gabekoa, diru publikoen xahuketa esku pribatuetara bideratu zituena, langile presoekin (Banus enpresaren kasuan, besteak beste) edota inongo eskubide sindikalik ez zuten langile askeekin (Huarteren kasua). Gainera, oraindik ezin da dokumentazio asko kontsultatu, eta ez dakigu enpresak langile gatibuak erabili ote zituen beste lanetan, horien artean Ablitaseko aerodromoan, Huartek gerra garaian eraikia, non orduan 63. Langile Batailoia aritu zen lanean.

Beraz, domina horiek diktadura omentzeko eta bere agintari eta enpresa konplizeak (geurean Diario de Navarraren papera ere azpimarratu behar da) goraipatzeko beste neurri bat baino ez dira. Adibide esanguratsuak ditugu azken hilabeteotan: Nazio Batuen Elkarteko egia, justizia, erreparazio eta berriro ez gertatzeko bermeen errelatorea, Pablo de Greiffen aholkuak mespretxatu ditu Espainiako gobernuak, Interpolek bilatzen dituen frankista kriminalak babesten dituen bitartean, eta orain diktadurako elite politiko eta enpresarialak garapen ekonomikoaren bultzatzaile moduan aurkeztu nahi dizkigute. Erabaki honekin, gure agintariek giza eskubideak babestu beharko lituzkeen memoria politiken oso bestelakoak bultzatzen dituzte, eta horregatik deia zabaldu nahi diegu gizarte eragileei erabaki honen aurkako bere desadostasuna ager dezaten, eta erakundeetan ordezkaritza duten partiduei, memoria demokratikoaren aurkako iraina diren domina hauek geldiarazten saia daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.