NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoa sortu zenetik, eskakizun etengabea izan da medikuntza karrera bat sortzea, eta, orain, gaur egungo foru gobernuarekin, badirudi aurki bete egingo dela. Hala ere, prozesuaren mantsoak bati baino gehiagori pentsarazi dio Nafarroako Unibertsitatearen beraren esku luzeak atzerarazi duela batik bat hura. Ezinago nabarmenak dira medikuntza gradu bat kalitate gutxieneko batekin eskaintzeko behar diren inbertsioak, azpiegiturak eta antolakuntza (Nafarroako Ospitale Gunea eta osasun etxe publikoen sarea hor egonik ere). Nafarroako Gobernuaren babes irmorik gabe, porrotera kondenatua dago edozein proposamen. Bestalde, bada beste arazo bat: foru administrazioaren eta Osasunbideren kudeaketan eta zuzendaritzan erantzukizunen bat duten funtzionario batzuei dagokiena, zeinen karrerak UPNren gobernuen pean garatu izan baitira; funtzionario horiek ez dute begi onez ikusten medikuntza gradu bat eskaintzeko aukera, ez bakarrik Nafarroako Unibertsitatearen eraginengatik edo harekiko joerengatik, baizik eta baita NUP maila apalagokotzat jotzeagatik ere, unibertsitate politekniko bat, 1980ko urteetan sozialistek asmaturikoa apeta modura, zeinak gutxi egin baitzezakeen edo ezer ez baitzezakeen egin bestearen irudiaren eta prestigioaren aldean, hots, benetako unibertsitatearen aldean.
Bestalde, unibertsitate eta politika alorren arteko harremana, gutxienez, berezia da. Errektoretza taldea ideologia aldetik foru gobernuari atxikia egoteak ez du esan nahi (edo ez du esan nahi izan) harreman horiek samurrak izan direnik. Izan ere, unibertsitatea mikromundu bat da, egitura eta botere harreman bereziek ezaugarritua, non bestelako espaziotatik—esaterako, politikatik— eratorritako edozein proposamen errezelo eta mesfidantza apur batez ikusiak baitira unibertsitatearen autonomian esku har dezaketelakoan (printzipio hori, gaur egun, mito bat da, eta ez benetako egia bat). Susmo horietan, badute eraginik hainbat esperientziak: hala nola Tuterako campusa sortzeak (Miguel Sanzen erabaki horrek gaur egunera arte oztopatu izan ditu NUPen aurrekontuak), eta Kalitatea eta Kreditazioa Ebaluatzeko Agentzia Nazionalak duen egitekoak.
Gaur-gaurkoz, oraindik ere jakiteko dago zer dioen Nafarroako Gobernuak sorturiko batzorde departamentuartekoaren irizpen teknikoari buruzko ebazpenak —proposamenaren alderdi ekonomiko eta teknikoa aztertzeko sortua da batzorde hori—, baina ez dirudi pisuzko arrazoirik egongo denik medikuntzako gradu bat sortzea eragozteko. Nafarroako Unibertsitatearentzat ez luke izan behar inolako mehatxua; are gutxiago, jasotzen dituen eskaeren kopurua eskaintzen dituen tokiena baino handiago izanik. Horrez gainera, koherentziaz jokatuko balute beren filosofiarekin —lehiakortasunaren eta merkatuaren logikaren esparruan ulertzea goi hezkuntza —, beste lehiakide batek pizgarri bat izan beharko luke. Baina hori ez da arazoa. Medikuntzako gradu bat abian jartzeak—Foru Gobernuak aurrera eramandako beste hainbat jarduerarekin batean, hala nola berrikustea Nafarroako Unibertsitatea klinikarekin egindako ituna— badakartza beste ekintza batzuk ere, eta horiek mugatu egiten dituzte Nafarroako Unibertsitateak Nafarroako Gobernuak, oro har, eta osasun sistema publikoak, bereziki, izan dituzten botere espazioak (formalak zein ez-formalak). Hori da, funtsean, auzirik garrantzitsuena. Esate baterako, 2011n, Maria Kutzek zuzenduriko Osasun Departamentuak Ikerkuntza Institutua sortu zuen, eta NUP baztertu egin zuen, irizpide tekniko batzuen arabera, baina Nafarroako Unibertsitatearen alde egin zuen. De facto, unibertsitate publikoak apenas zuen kontrol publikorik baliabide publikoak eskuratzeko. Interes orokorra Opus Deiren interes partikularren aldera lerratzen zen, eta lan ildoak baldintzatzen zituen; are, oso garrantzitsuak ziren batzuk blokeatzen, hala nola zelula amen ikerkuntza. Bizitzako kasualitateak zer diren, Nafarroako Gobernuaren erabaki horrek CIMA Ikerkuntza Biomedikoaren Zentroan izan zuten krisi ekonomikoarekin bat egin zuen, zeina emaitza kaskar batzuen ondorio izan baitzen, biomedikuntza sektorean espezializaturiko merkatu finantzarioetan espekulatu eta gero espero bezalako patenterik ez lortzearena.
Jada ez da bakarrik baliabide publikoen eskuragarritasuna edo kontrola. Nafarroako Unibertsitatea presio talde baten gisa aritu da, osasun sistema publikoan sexu eta ugalketa osasunarekin zerikusia duten gaiak garatzea zedarrituz eta kontrolatuz; zehazki esateko, abortuari dagozkion gaiak. Hain zuzen ere, medikuntzako ikasleei ez zaie ematen prestakuntzarik haurdunaldia nork bere nahiaren arabera eten ahal izatearen inguruan, eta halako ebakuntzarik egiten duten medikuak jazarpenen eta mehatxuen jomuga izaten dira. Teorian, medikuntzako gradu berri batek lagundu egingo luke Osasunbidea zeharkatzen duten botere ez-formalen sare horiek hausten (urte batzuen buruan). Erne egon beharko da.
( Erredakzioan itzulia )
Nafarroako unibertsitatearen itzalpean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu