Nafarroako Foru Komunitateko bitarteko maistra

Nafarroako maisu-maistren oposizio sistema

Ioritz Martinez
2024ko abuztuaren 13a
05:00
Entzun

Bi urtean behin, Nafarroako hezkuntzan aritzen garen irakasle gehienok oposizio-lehiaketa prozesu gogor, estresagarri, subjektibo, bidegabe, inkoherente, ulertezin, eta askotan umiliagarri baten aurrean aurkitzen gara zoritxarrez.

Gogorra da prozesua prestatzea erabakitzen dugun pertsonok gure gizarte eta familia bizitzaren une askori uko egitea, lana, ikasketak eta bizitza pertsonala uztartzeko helburuz.

Prozesua benetan estresagarria da; nota hiru deialditarako gordetzen zaigun arren, deialdi bakoitzean kontratatuen zerrenda berri bat sortzen da. Kontratazio zerrendak oposizioekin lotuta daudenez, ordezkapen zerrendan posizio onean mantentzeko, aldi oro ikastera derrigortuak gaude. Gainera, deialdi bakoitzean eskaintzen diren plazak oso gutxi direla ikusita, plaza lortzeko gutxieneko nota gero eta altuagoa da.

Zuzenketa sistema oso subjektiboa da. Epaimahaiek zuzenketaren aurretik gai zerrenda propioa sortu behar izaten dute. Horrek ez du zentzurik, denok oinarri bera izan beharko genuke azterketa egin eta ondoren zuzendu ahal izateko.

Egia da zuzenketa irizpide orokor batzuk ematen zaizkiela epaimahai guztiei, baina ez da aldez aurretik ebaluazio errubrika zein den jakitera ematen, eta epaimahai bakoitzak bere ebaluazio plantilla zehazten du; hori dela eta, epaimahaiek oso modu desorekatuan zuzentzen dituzte azterketak. Adibide bat jartzearren, 2024ko deialdi honetan, Euskarazko Haur Hezkuntzako espezialitatean, kasu praktikoan, 3. epaimahaiak 40 zerorekin kalifikatu du 77 hautagaiko talde batean, eta 2. epaimahaiak, aldiz, 7 zerorekin 75 hautagaiko talde batean. Hori objektiboa eta bidezkoa bada, azal diezagutela!

Gainera, ez da bidezkoa azterketaren berrikuspena eskatuz gero soilik ebaluazio irizpideen zenbaketa orokorra zuzena den egiaztatzea. Inork ez du gure azterketa berrirakurtzen, ezta beste epaimahaiekin kontrastatzen ere.

Eta ahozko azterketaren zatia ez grabatzeak ere ez du zentzurik. Ez du zentzurik ez epaimahaiarentzat ez oposiziogileentzat. Epaimahaiari estres eta presio handia eragiten dio ahozko azalpenaren une berean errubrika bati kasu egin behar izateak, edozein atal berriro entzun ezin duela pentsatuz. Eta zalantzaren bat izanez gero? Nola ebazten dute? Esan daiteke, azalpenaren unean epaimahaia alderdiren batez ohartu ez bada, oposiziogileen hitzak haizeak eramaten dituela. Horrela, zertarako balio du ahozko azalpena erreklamatzeak? Ba al du zentzurik grabatu ez den eta berriro entzun edo egiaztatu ezin den zerbait erreklamatzeak?

Era berean, ez da justua ahozkotasunean hobeto moldatzen diren izangaiei oposizioaren zatirik praktikoena egiteko aukerarik ez ematea; azken finean, prozesu baztertzaile baten aurrean gaude, eta horrek idatzizko zatia gainditzen dutenei soilik egiten die mesede. Gainera, nekagarria da egun berean bi azterketa teoriko hain jarraian egin behar izatea.

Pertsona guztiok ahozko atala idatzizkoa gainditu gabe egiteko aukera izango bagenu, edota azterketa teorikoak egun desberdinetan egingo balira, baliteke azken emaitzak ezberdinak izatea, eta lehen fasea gainditu ez duten pertsona batzuek plaza finkoa lortu ahal izatea.

Proposatzen zaigun azterketa estiloa guztiz inkoherentea da egunero ikasgeletan aplikatzea eskatzen zaigun hezkuntza jarduerarekin. Hau da, metodologia aktiboek, ikaskuntzaren diseinu unibertsalak edo prestakuntzazko ebaluazioak, besteak beste, oposizio-lehiaketa sistema honetan ez dute tokirik. Baina ez al dugu denok ereduarekin predikatu behar?

Gainera, ulertezina da azterketa idatzi batean ortografia kontuan ez hartzea; izan ere, maisu batek zerbait menperatu behar badu, alderdi horixe menperatu behar du.

Umiliagarria da, era berean, hezkuntzaren arloan urteak lanean daramatzaten profesional onak azterketa teoriko batean zero edo 4,999 nota barregarriekin kalifikatuta egotea. Epaimahaian dauden pertsonek lan baldintza hobeak izango balituzte (irakasle lanetik askatuta, zuzentzeko denbora gehiago, azterketak beste epaimahai batzuekin berrirakurri eta alderatzeko aukera, ebaluazio prozesuari buruzko aldez aurreko prestakuntza, aurrez ezarritako gai zerrenda eta abar) ez lirateke horrelako bidegabekeriak izango kalifikazioetan.

Epaimahaikideak egunero hamabi orduz lan egitera eta azterketak presiopean zuzentzera behartuta daude, eskola urte luze batek arrastaka dakarren neke guztiarekin. Norbaitek benetan uste du baldintza horietan azterketak gogoz eta objektibotasunez zuzendu daitezkeela? Litekeena da errealitate horrek balorazio objektibo batetik gehiago urruntzea epaimahaikideak.

Azken finean, azterketa sistema baztertzaile, subjektibo, bidegabe eta teoriko baten aurrean gaude, eta honek ez du erakusten benetan pertsona batek irakaskuntzan lan egiteko balio duen edo ez. Seguruenik, gaitasun profesionala jarduera praktiko baten bidez modu gardenagoan adierazi liteke, edota ahozko azalpen baten bidez. Aitzitik, sistema honek aldez aurretik gai zerrenda zehaztugabea duen azterketa teoriko bati ematen dio lehentasuna. Ba al du zentzurik?

Ez gara konturatzen! Baina modu honetan irakasleak umiliatzen eta gogogabetzen ari gara, eta profesional handiei ihes egiten uzten diegu. Eta okerrena da profesional horiek, balorazio umiliagarri eta ezgaitzaile baten ondoren, irailaren 1ean ikasgelara itzuli behar izaten dutela horrenbesteko exijentzia eskatzen duen lanari ekiteko.

Hezkuntza Ministerioa eta Hezkuntza Departamentua, asmorik onenarekin plazak ateratzen eta hezkuntza publikoa zabaltzen saiatzen diren arren, ez dira ohartzen irakasle gehienak bi urtetan behin antsietatea, estresa, amorrua eta urduritasuna eragiten dituen egoera bidegabe baten aurrean aurkitzen direla. Egoera horrek gure ikasleei kalte egiten die zuzenean. Benetan hori da haur hauen etorkizunerako nahi duguna?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.