Nafarroako kutxatik Euskal Herriko bankura

2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Europan sozialismo erreala (ala estatu-kapitalismoa?) hondoratu zenez geroztik, kapital metaketa areagotu egin da, merkatuaren arau hertsiek beharturik. Horrekin batera, aurrezki kutxek gizarte-ekintza gutxitu eta banku bihurtzeko joera nabarmena agertu dute azken urteetan. Gainera, eremu publikoaren eta eremu pribatuaren arteko mugak gero eta lausoagoak dira. Gaur ministroa dena bihar bankaria izan daiteke eta alderantziz, edo okerrago: askotan ez dago jakiterik noiz ari den ministro lanetan eta noiz bankari lanetan.

Lehen Mundu osoan nola, Euskal Herrian hala. Lehenik, Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko aurrezki kutxa munizipalak zein bere herrialdeko aurrezki kutxa probintzialarekin elkartu zen. Gero, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kutxa berriek bat egin zuten eta, banku bilakaturik, Kutxabank sortu, egoitza Bilbon duela. Nafarroakoak ez, noski. Foru Komunitateko agintariek nahiago izan zuten Andaluziako, Gaztelako eta Kanarietako kutxekin elkartu eta Banca Cívica bankua sortzea, egoitza Sibilian duela. Lehenagoelkartuko ziren Laponia edo Tanzaniakoekin Euskadikoekin baino.

Nafarroako Kutxa ez da batere fin ibili operazio finantzario honetan. Banca Cívicak porrot egin du eta CaixaBankek lau sosen truk bereganatu du, egoitza Bartzelonan duela. Nafar bezeroen interesak urrun hartuko diren erabakien mende izanen dira eta lanpostu asko arriskuan egon litezke.

Afera honek guztiak erakusten du Nafarroan maiz ideologiak indar handiagoa duela ekonomiak baino. «Langileek ez daukate aberririk», aldarrikatu zuten Marxek eta Engelsek. «Kapitalak ez dauka aberririk», ihardetsi zien Devillek. Dirudienez,haietariko bat ere ez zen Euskal Herriaz ari eta, are gutxiago, Nafarroaz.

Ergelkeriari monumenturik eraikiko balitzaio, norbaitek alimaleko bat eraiki beharko lieke Nafarroako Kutxako Administrazio Kontseiluko kideei eta, zer esanik ez, bertako Entitate Sortzaileen Batzordeko bi kideri, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakari andreari eta Roberto Jimenez lehendakariorde jaunari, navarrismoaren aurreiritzi ideologiko eta ekonomikoak agerian eta barregarri utzi baitituzte. Abertzaletasunaren propagandak mende eta laurdenean ezin lortu izan duena hilabete batzuetan lortzen ari dira UPNren eta PSNren itsumena eta inkonpetentzia.

Areago. Pentsatzekoa da CaixaBanki bost axola zaiola Nafarroako Kutxa. Beraz, noizbait ere, lau sos baino gutxiagoren truk erosten ahalko dio Kutxabankek eta (Hego) Euskal Herriko Bankua sortu, egoitza Iruñean izanen duela. Nafar arduradunek ez liokete inoiz salduko, ez horixe, baina katalanek ez dute horrelako eragozpenik (hala ere, gauden gaudenean, ez nintzateke batere harrituko azkenean CaixaBank Kutxabank-ez ere jabetuko balitz… edo, batek daki, Kutxabank CaixaBankez jabetuko balitz).

Itzuli-mitzuli ibili eta gero (Iruñetik Sibiliara, Sibiliatik Bartzelonara, Bartzelonatik Bilbora eta, geroan, Bilbotik Iruñera), Banca Cívicaren porrotari esker, Laurak Baten batasun finantzarioa eskura eduki genezake.

Unibertsitatean, kirolean, elizan eta, zer esanik ez, politikan edo, sikiera, eguraldiaren mapan amesterik ere ez dagoena, bankuekin lasai asko lor daiteke, Espainiako establishment-aren bedeinkapenarekin, gainera.

Primo de Riveraren eta Francoren diktadurek berek ez zuten inoiz eragozpenik izan Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioa onesteko. Kutxekin arazorik izan ez bazen, publikoak izanagatik ere, are gutxiago bankuekin, pribatuak baitira. Esaera zaharrak dioen bezala, «San Dirua, miraririk handienak egiten dituen santua».

Kapitalismoak bere berezitasunak ditu Euskal Herrian. Adibidez, orain arte, berezko zerga-sistema edo, hemendik aurrera, berezko banku-sistema. Hori bai: Devillek arrazoi baldin bazuen, jai dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.