Aurreko astean aurkeztu zen Herri Ekinaldi Legegilea, «Foru Legearen Proposamena, Nafarroako ikurren erabileraren inguruan herritarrek izan beharreko aniztasunaren eta erabaki demokratikoaren ingurukoa», eta suharki erantzun diote UPNko buruzagiek, ekinaldia kriminalizatu nahirik eta ikurrina inposatu nahi dugula argudiaturik.
Zoritxarrez, UPNk Espainiako Kongresuan duen diputatu batek berak ere, Carlos Salvadorrek, honelako esaldiak idatzi ditu Twitterreko bere soslaian: «ETAk, kabiar-nazionalistek eskoltatua, alderdi ikur bat inposatu nahi du Nafarroan»; edota, «nazionalistak, kirolariak eta terroristak, ikurrin eske». Doinu apalagoan aritu da Sergio Sayas, UPNko bozeramailea, hau esan baitu: «Nazionalistak, nazionalista diren kirolariek ere babesturik, ez dabiltza isil-gordeka Nafarroan nonahi ikurrina jarri nahi horretan».
Ezbairik gabe, halako iritziek ekinaldia kriminalizatu besterik ez dute nahi, eta gizartean presente dagoen eztabaida bat saihestea. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu ekinaldiak ikurren inposizioa amaitu nahi duela Nafarroa, baita lege absurdo baten debekuak ere, gaur egun indarrean dagoen 24/2003 Legearenak, zeinarekin ez baikatoz bat.
Erkidego plurala da Nafarroa; hainbat jatorritako, ideologiatako eta sinesmenetako jendea bizi gara elkarrekin. Ezbairik gabe, aberastasun ezaugarri bat da Nafarroarentzat, aniztasuna baitu oinarrizko bereizgarri Nafarroako bizitza sozial, politiko eta kulturalak, baita naziotasunei zein haien adierazgarri diren ikurrei dagokienez ere.
Halere, ikurren inguruko gaur egungo legeak —gure ekinaldiak indargabetu nahi duen horrexek— legez kanpo uzten ditu hainbat alkate nafar, zeintzuek nafarrak diren beste ikur batzuen alde egin baitute modu demokratikoan. 2003az geroztik, modu sistematikoan jazarri zaizkio ikurrinari, Nafarroako gizartearen zati handi batek bere ikurtzat daukan horri. Erreferendumak egin eta ikurrina zintzilikatzea erabaki duten hainbat herritan ere debekatzeraino. Zigor larriekin mehatxu ere egin diete hainbat kargudun hautetsiri, beren bizilagunen borondatea errespetarazi nahi izan dutelako. Alde horretatik, konponbide bat aurkitu nahian bildu gara kirol eta kultura arloko eta hainbat erakunde sozial eta politikotako pertsona batzuk. Pauso sendo bat eman nahi dugu aniztasunerantz, tolerantziarantz, demokraziarantz, ikurrei dagokienez ere herritar guztien eskubideak errespeta daitezen.
Horretarako, baina, ikurrina agerian jartzea ez debekatzeko eskatzen dugu, eta eztabaida ahalik eta zabalen eta pluralenari ekiteko, gizarte adostasun handiak ahalbidetzeko pertsona guztien eskubide guztiekiko errespetua bermatzearen inguruan.
Argia da gure lege proposamen berria. Hauxe eskatzen dugu: «Nafarroako Foru Erkidegoak susta dezala bere bandera ofizialaren erabiltzea eta erakustea, erkidego honen ikur ez ezik hemengo herritarrek munduko gainerakoekin duten elkartasunaren erakusgarri ere bai baita».
Hau da, berriz, gure ekinaldiko beste eskaera: «Nafarroako bandera ofiziala administrazio eraikin eta egoitzetan erakusgarri izateak ez du zertan eragotzi, inondik inora ere, haren ondoan beste edozein bandera jartzea, eta, are gutxiago, horietako batzuk herritar gehienen babesa baldin badute». Horren haritik, hauxe uste dugu: «Baldin eta herritarrek hala eskatzen badute, erakunde publikoek herri kontsultak sustatu beharko dituzte jakiteko zer iritzi duten haiek ikurren erabileraren inguruan».
Halaber, ikur frankistak kentzeko eskatu dugu, tamalez UPNk oraindik ere uko egiten baitio halakoak eraikin eta kale publikoetatik kentzeari, indarrean dauden estatuko legeak gorabehera. Dirudienez, hainbat lege betearazteko interesik ez du ageri UPNk hemen.
Horregatik guztiagatik, UPN eta UPNko buruzagiak gonbidatzen ditugu gure Herri Ekinaldi Legegilea irakurtzera, ikus dezaten edozein inposizioren aurka gaudela, eta elkarrizketa eta aniztasunarekiko errespetua besterik ez dugula nahi. Era berean, gai horren inguruko eztabaida jendaurreko batera deitzen dugu UPN, elkarrizketaren eta aniztasunarekiko errespetuaren bidez bakarrik eman ahal izango baitiegu konponbideren bat gure gizarteko arazoei.
Nolanahi ere, gutxieneko aldarte demokratiko bat eskatzen dugu, besteak beste, amai daitezen gure herri ekinaldi honi egindako erasoak, ez baitzaie eraso egin proposamen hau sinatu dutenei bakarrik; aitzitik, bere buruaz harro dagoen edozein demokraziatako osagairik oinarrizkoenen kontrako eraso agerikoa izan da: hala nola edozein prozesu legegiletan herri ekinbideak izan beharko lukeen errespetua eta aitorpena; kasu honetan, lege bat indargabetzeko eskabidean.
(Erredakzioan itzulia)
Nafarroako aniztasuna errespetatu, ikurretan ere bai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu