Nafarroak ez zuen erabaki

2015eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Polemikaren muinera iritsi gara. Azkenaldian Nafarroa eta Espainiaren arteko batasunari buruzko eztabaida garratza bizi dugu. Borondatezkoa izan zela, berdinen arteko afera... edo konkista gerra bat. Armadak, indarkeria, inperioa, harrapakeria. Dinastia aldaketa sinplea zela saldu nahi izan ziguten, herritarrokin zer ikusirik ez duen afera; tximeletaren hegada garaiko nazioarteko testuinguruan.

Kongresuak egin dira, telebistako eztabaidak, propaganda, pankartak, banderak, ospakizun ilunak... baina azkenean, historiak —gertaeren narrazio sinpleak— benetan gertatu zena agertzen digu argiro adibide zehatz baten bitartez.

1515eko ekainaren 11n, orain 500 urte hain juxtu, Nafarroaren konkistaren alderdi juridikoa formalizatu zuten gaztelarrek. Burgosen —ez Nafarroan— Gaztelako Gorteek —ez Nafarroakoek— gure aberria haiena zela erabaki zuten, Erromako Aita Sainduak halaxe esan zuelako. Literalki. Albako dukeak zeremonia handiz jakinarazi zuen, erregearen aginduz. Ex professo hiru urte lehenago egindako gerra ekintzari legitimotasuna emateko. Gaur egun arte mantendu den agintearen egitea izan zen. Eta erakunde ofizial arrotz horrek hartu zuen erabakia nafarren iritzia aintzat hartu gabe. Burgoseko Gorteetan ez zegoen nafar bat bera ere ez.

Dakienarentzat, hitz erdi bat nahikoa. Nafarroako estatu independentearen okupazioa ekintza bidegabea eta ez legitimoa zela frogatzen du argi guztietara Burgoseko Gorteetan hartu zen erabakiak. Hala edo nola, indarkeria ekintza bati itxura juridikoa eman behar zitzaion, nazioartean errespetatua izan zedin. Eta horrek badu bere garrantzia, inperioren erabaki horrek gure etorkizuna baldintzatu baitu, gure historia moldatu, eta ustelkeria, menderatze eta basakeriaren makinerian sartu gaitu (Amerikaren konkista, 36ko zorigaitzak eta Barcina) gaur egun arte.

Garai itxaropentsuak bizi ditugun honetan, nafar erakundeak errotik aldatu nahi dituen fenomeno kolektiboaren lekuko gara, betiere hiritarren borondatea oinarritzat hartuz. Gero eta nabariagoa da hiritarren nahia kontuan hartzea ezinbestekoa dela gizartea antolatu eta zuzentzeko. Agerikoa da gure herriak elkarbizitza bultzatzeko eta bere etorkizuna bere gain hartzeko egin duen ahalegina. Orain arte bizi izan dugun autoritarismoa eta hiritarrekiko mespretxua alde batera utzi, eta Nafarroak Gaztelaren baitan desagertzea erabaki ez zuela aldarrikatzeko garaia da, Burgoseko Gorteetan herriaren borondatea ez zela errespetatu.

Egungora bueltatuz, Noaingo kultur asteak gertakari hauen oroimen historikoa berpiztu nahi du. Ekainaren 22tik 26ra Iruñeko Kondestablearen jauregian hitzaldi zikloa egingo da; besteak beste Xabier Irujo (Gernika 1937, genozidio kulturala), Paula Kasares (Iruñeko euskaldunak, lehengoak eta oraingoak), Pello Iraizoz (Iruñea, izanaren hondamendia), Victor Manuel Egia Astibia (Nafarroaren industri ondarea) eta Mikel Sorauren (Iruñea, euskaldunon hiriburu historikoa). Eta ekainaren 27an Noaingo martxa egingo da Iruñeko Getzetik abiatuko delarik 9.30ean. Martxa honek Noaingo batailaren urteurrena oroitzea du helburu, gerra beraren beste gertakari bat alegia. Fredi Paia bertsolaria izango da pregoilaria aurten, martxari eguerdiko 13.30ean amaiera emanez Iruñeko Burgoen plazan. Bertan, Ortzadar dantza taldeak dantza ikuskizuna eskainiko du. Martxa honekin gertatutakoaren kontzientzia kritikoa sustatu nahi da, kontzientzia kolektiboa indartu; akulturazio eta menpekotasun mendeek zigortu duten auto estimua berreskuratu.

Nazio ororen oinarrizko osagarria da errelatoa. Nazioa iruditegi bera partekatzen duen giza taldea da, eta iruditegi horrek ematen dio sentimendua, auto estimua, bere buruarekiko konfiantza eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko indarra. Iruditegi hori narrazio baten bidez transmititzen da belaunaldiz belaunaldi, bere sorrera, historia, oztopoak, zailtasunak, lurraldea, identitatea, kultura, baliabideak, ekonomia baina baita bere buruzagi eta sinboloak baitan hartzen dituen narrazio koherentea alegia. Ez dago erreferenterik ez duen naziorik, eta nazio eraikuntzak berarekin dakar erreferente horiek sortze eta garatzea, halabeharrez.

Gurea, baina, euskaldunon errelatoa, hari bihurriz eta gobernatzen gaituztenen gezurrez josia izan da behin berriz. Hasieran esan bezala, Nafarroak espainiar bokazioa zuela erakutsi izan zaigu betidanik (Jaime Ignacio del Burgo), hau da, bere bilakaera historikoa helburu horretara bideratua zegoela (Primo de Riverak azaldu kontzeptuaren antzera). Baina hori ez da egia, hezkuntza, unibertsitate, ikastetxe eta testu liburuetan behin eta berriz errepikatua izan den arren.Garrantzitsua da, beraz, gauzak nola gertatu ziren ezagutzea, eta hainbat gertakari, Burgosekoa kasu, gure borondatearen aurka egin zirela. Nafarroak ez zuela erabaki konkistatua izan eta Espainiaren parte bihurtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.