Nafarroa? Eta zergatik ez...?

2013ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Azken urteotan gure aberriaren izenari buruzko eztabaida pil-pilean dago. Batzuek Euskadi nahiago, beste batzuek Euskal Herria eta badira ere Nafarroa gure nazioaren izena dela diotenak. Eztabaida honetan ez dira orain arte kontuan hartu behar diren zenbait alderdi. Ikus ditzagun.

Munduan dauden estatuen izenetan multzo batzuk daude. Batzuetan, herria-hizkuntza binomioa eta estatua oro har bat datoz: Islandia, Polonia, Errumania… Beste estatu batzuetan herria-hizkuntza batek berari dagokion lurraldea baino gehiago hartu du, beste herriei haien hizkuntza eta izana inposatuz: Frantzia (frankoek bretainiarrei, akitaniarrei, euskaldunei… gailenduz), Errusia… Kasu horietako batzuetan herri zapaltzaileak bere herriaren izena erabili beharrean, zapalketa sotilagoa izan dadin, izen geografiko bat erabiltzen du, esaterako Britainia Handia (Ingalaterraren ordez), edo Espainia (Gazteleren ordez). Gogoratu beharra dago Gaztela Espainia izena erabiltzen hasi zenean nafar errege batek protesta egin zuela, erreinu espainiarrak lau zirelako: Portugal, Nafarroa, Gaztela eta Aragoi.

Badira ere bertakoak zapalduz kanpotik etorritako jendeak moldatutako estatuak, hala nola Estatu Batuak. Aldagai gehiago egonda ere hiru estatu izen multzo ditugu: izen etniko-geografikoak (Islandia), izen geografiko hutsak (Espainia) eta bestelakoak (Estatu Batuak).

Gurera etorrita, euskaldunok izan dugun azken estatua Nafarroa izan dela argi dago, baina izendapen geografikoa izan zela kontuan hartu beharra dago, gure hizkuntza edo izaera ez delako nafar hitzaren parekidea izan. Bai ordea beste modu askotara: baskoiak, kantabriarrak, bizkaitarrak, euskaldunak

Nafarroako Erreinuak Okzitania izan zuen ardatz, ekonomia, biztanleria eta hizkuntza ikusita. Bere helburua botere ekonomikoa okzitaniarren esku uztea izan zen, eta horretarako fundatu zituen hiribilduak (Donostia…) Okzitaniatik etorritako jendeaz egin zuen. Erreinuak okzitanieraz funtzionatu zuen nagusiki eta desagertu izan ez balitz, seguruenik, hizkuntza hori izango zen jaun eta jabe. Gaztelako errege-erreginekin alderatuta Nafarroakoak askoz aurreratuago zebiltzan: irekiagoak ziren (juduekin eta musulmanekiko errespetuzko harremanak…), kultur maila handiagokoak… baina… okzitaniarrak (euskaldunon neba-arrebak hala ere).

Nafarra ez zen euskaldunaren sinonimoa. Adibidez, Frantzisko Xabierrek argi zeukaten hori eta ondo jaso ez badut ere, honen antzeko zerbait esan zuen: «neu herritartasunez nafarra naiz, nazioz bizkaitarra…». Hau da, nafarra ez zen euskaldunaren sinonimoa erromatarren garaian, ezta Erdi Aroan, ezta gaur egun ere. Nafar Erreinua hemen kokatuta egon beharrean Toulousen egon izan balitz, praxi linguistiko berdina izango zuen. Hala ere, Okzitaniari begira egotea ez zen aitzakia izan behar bizkaitar eta gipuzkoar askok Gaztelarekin bat egiteko Nafarroaren kontra, gainera, kontuan hartzen badugu 1471an, Bizkaiak Gaztelerarekin bat egin nahi zutenen kontra Mungian guda egin eta borroka irabazi zutela.

Herri batek ezin du azken 1.300 urteko historia bakarrik begiratu, euskaldunok ez behintzat. Europako zibilizazio zaharrena, labar artearen arabera, Kantabrian sortu zen orain dela 40.000 urte. Eta nortzuk izan ziren horiek? Ondorengorik izan ote zuten? Joxemiel Barandiaranen arabera euskal etniak gutxienez 8.500 urte daramatza hemen eta, orain, genetika azterketek teoria egiazkotzat hartu eta epe hori gutxienez 15.000 urtera luzatu dute. Euskaran haitz erroa duten hitzek ere paleolito garaira garamatzate. Beraz, nortzuk borrokatu ziren erromatarren aurka «guda kantabriarretan»? Edo Senecak erromatarrak Kortzegara heldu baino lehen hizkuntza kantabriarra hitz egiten zela idatzi zuenean, zer adierazi nahi zuen?

Bestetik, historikoki hemengo idazle ia guztiek (Poza, Garibai, Larramendi, Xaho…) geure burua kantabriartzat izendatu izan dute etengabe, gauza normalena bezala, orain mende luze bat arte, Kantabriakoa ez zen baina han bizi zen apaiz batek horren kontrako kanpaina hasi zuen arte. Idazle horiek guztiek zergatik erabili zuten etengabe kantabriar hitza geu ere izendatzeko?

Bestetik, azken mila urteotan kantabriar izendapenarekin batera bizkaitarra ere ikusi dugu euskaldunaren sinonimo gisa: lengua vizcaina, escribir en bizkaino,Bizkaiko Golkoa… Geure hizkuntzan, euskaraz argiago izan dugu beti: euskaldunok, Euskalerria, Eskual Herria

Euzkadi eta ondorengo Euskadi izenari buruz denetik entzun dugu. Izendapen hori ezinbestekoa izan zen gure proiektu politiko subiranoa zehazteko, eta Sabino Aranak horretarako sortu zuen, Euskalerria garai horretan (ez gaur egun) folklore merkean jausten zirenek erabiltzen zutelako. Baina zoritxarrez berau defendatu dutenek kamustu dute, Eusko Jaurlaritzak EAEko autonomia erkidegorako erabiltzean gure aberri osoa izendatzeko oztopo bihurtu dutelako.

Laburbilduz, herriak ez direla gauza monolitikoak esan beharko genuke: izendapen bakarra, ikuspegi bakarra… eta gure herri zaharraren kasuan askoz gehiago. Agian Euskal Herria euskararako eta Baskonia, Pays Basque, Basque Country… beste hizkuntzetarako izan litezke gure estatu berrirako izenik egokienak, gure izaera eta hizkuntzarekin bat egiten dutelako. Edo izendapen bikoitza eduki Euskal Herria-Nabarra? Interneten Euskal Herria-ren alde egin da: .eus domeinua.

Eta Euskal Herriaren izenean beste arazotxo bat: Txorierri, Goierri, Beterri… erabiltzen badira, zergatik Euskaltzaindiak ez zuen Euskalerria hobetsi? Batez ere horrenbeste mendeetako tradizioko berba izanik.

Azkenik, Nafarroako Erreinua galdu genuenetik 500 urte geroago independentziaren alde borrokatzen jarraitzen badugu argi eduki beharko genuke euskaragatik dela, euskarak egiten gaituelako nazio, hizkuntzaz, nortasunez… eta izenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.