Orain dela aste batzuk Martxelo Otamendik gure herriaren lurraldetasunari buruzko gogoeta zorrotza egin zuen (http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-01-06/007/002/lege_info.htm). Bertan iradokitzen zuen estratega espainiar azkar batentzat oso erraza izango litzatekeela gu nahastu eta banatzea. Eta Nafarroa Garaiaren auzia aipatzen zuen.
Ez nator bat bere abisuarekin. Arerioaren inteligentzia soberan dago. Martxeloren iragarpena irakurtzeaz bat, gure bandoko estratega batek, oso azkarra hau ere, bere dardoak zorrozteari ekin dio, aldamenekoaren begietara jaurtitzeko prestu.
Ez naiz horretan tematuko. Zentzugabekerien zakutoa gainezka dugu dagoeneko. Baina nago estrategia espainiarra gu elkarren aurka jarri eta bazterrak nahastea baino zerbait gehiago dela. Nahiz eta hori ere baden, jakina. Telesforo Monzonek berak esan zuen Euskal Herriaren auzian Nafarroa Estatu arazoa dela aspalditik. Hori frogatzeko adibide ugari eta esanguratsuak aurki ditzakegu nonahi (Trantsizioa delakoak errepertorio ederra utzi zigun). Baina, eta, batez ere, ezin zaio Martxeloren deiari arintasunez edo xehetasun honi erreparatu gabe erantzun.
Nafarroa Estatu arazoa da, bere bilakaera historikoak (eta gizarteak erakunde historikoak dira halabeharrez; sentitzen dut ñabardura hau kontutan hartzen ez duten gogoeta asmotsuengatik) arazoaren planteamendua modu estrategikoan definitzen duelako. Mariano Marzoren hitzetan: arazo bat konpontzeko ezinbesteko baldintza da zuzen formulatzea (paradigmen teoria zientifikoan oinarrizko printzipioa hartan ere).
Estatu arazoa da, esaterako, nazioarteko gatazka izaera ematen diolako pentsaera sabindarrak barne arazo gisa aurkezten duen horri. Arazo hispaniarra. Espainiar izateari utzi nahi dioten espainiarrena, alegia.
Nafarroa Estatu independentea izan delako, eta bere bilakaera eta baldintzetan nabaria delako espainiarren indarkeria eta euskal gizartea menperatzeko nahi ez legitimoa.
Gatazka nafar ikuspegitik definitzen denean, konkistatutako lurralde gisa, oinarrian subiranotasuna lortzeko lehia da eztabaidaren funtsa. Indarrez atzemandakoa bai, baina benetakoa, inolaz ere alegiazkoa. Ez da helburu eztabaidagarri bat. Badagoelako existitzen den subjektu kolektibo bat. Ez dago beste bat asmatzeko eta abagune edo aukeren aurrean frogatzeko beharrik. Hor dago, eta berau menperatu eta ukatzeko ahaleginean eguneratu egiten delako batzuek historiari egotzi nahi dioten indarkeria.
Nafarroa Estatu arazoa da, bere lurraldetasun historikoak bere baitan biltzen dituelako egungo euskal gizartearen atal ezberdinak. Eta hau ez da gai hutsala, inposatu zaigun berariazko zatiketa kontutan izanda. Baina egungo lurraldetasunari soilik erreparatuta ere (Nafarroa Garaiarena, Martxelok aipatzen duenaz haraindi), gure herriaren zati garrantzitsua da. Euskal lurraldearen erdigune fisikoa da, EAE eta Zuberoa bezalako eremu urrunak batzen dituena. Nafarroa gabe, gure herria guztiz sakabanatua legoke. Estatuak ongi baitaki, gure estrategek baino hobe, gizartearen ordenamendu eta eraikitze prozesuko zein klabeekin jolastu.
Nafarroa Estatu arazoa da oroimen historikoaren sena biziki mantendu duelako, batzuen atsekaberako bada ere. Eta hori gizartearen balore bat da eta etorkizunerako kapital garrantzitsua.
Menperatua izan den nazio batek hainbat borroka eta erronkari egin behar dizkio aurre, eta hauek definitu eta indartu egiten dute. Nazioa eraikitzen dute. Prozesu horretan bere askatasuna landuz doa, bere burua antolatzeko eta hornitzeko moduan, bere auto-estimua eta lehentasunak ezartzeko orduan. Hartara, argumentu linguistikora mugatutako nazio ereduak nazionalismo etniko batera garamatza. Eta garai hauetan behar duguna eredu bateratzailea da hain juxtu, lurraldetasunean oinarritutakoa, politikoa. Eta abar, eta abar. Hori da eztabaidaren funtsa.
Nafarroa, Estatu arazoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu