Lehen hauspoak Plentziako bidea izena hartu du, eta badirudi gure herrian sortu den mugimenduaren aldeko bultzada zabala egituratzear dagoela... Gu guretik, txikitasunetik, horren guztiaren bultzada izan nahi duen kontakizun ñimiño bat zabaltzera gatozkizue. Kontakizun honetan pertsonek eta leku zehatz batek hartu dute protagonismoa. Sinatzaileak garen hirukotetik harago doan errealitatea da, gertatutakoa ez delako gugandik jaioa, baina ni eta gu guztiak dituelako bere baitan.
Oso pertsonala da abagunearen egiaztatzea. Oso pertsonala ere bada abagune honetan gure ekarpen politikoa.
Sindikalgintza, herrigintza, irakaskuntza, udalgintza edo euskalgintza izan dira guk dastatu ditugun herri mugimenduak, eta, horietan guztietan, gure ekarpen txiki-handiaren lehen gabezia nabarmena sentitu izan dugu. Herrian eta herritik sareak josten eta hazten diren ideia partekatzen dugu eta herrian eta herritik geu ere (beste askoren ondoan) ingurune bizigarriagoa eraikitzen saiatu izan gara. Non zauria, han muxua. Hamaika adibide praktikoren narrazioa zabal genezake, hamaika adibide praktikoren islak zugan pizten ari diren antzera. Eta herrian, pertsona horien artean, zauri eta hutsunez osatutako zerrenda amaigabean egokitu eta aritu izan gara. Eta zerrenda horretatik apurka hitz asko ezabatzen joan gara, horien alternatiba eraginkorrak eraikitzea lortu dugulako.
Halere, umilki aitortzen dugu egiten ari den/egiten ari garen askoren kaudimen gabezia. Ekonomia mundutik datorren hitz hori deskripzio zehatz hau islatzeko erabiliko dugu, pertsonala politikoa den heinean, guztiaren ekonomia -humanoa eta soziala- ere gaineratu behar da.
Gurean (eta zurean) egiten ari garena barnebiltzeko markoaren beharrean gaude, eta marko hori irudikatzean, laburbildutako prozesu guztia -sarritan- arrotzegi gertatzen zaigu. Hona hemen lehen baieztapen erradikala: Euskal Errepublika beharrezkoa da. Bigarrena, lekua den heinean, herritik dator. Plentzia izan da lehen herria. Bizkaiko kostaldeko barrualdera irekitzen den herria.
Plentzia itsasoari so hazi egin da, mende eta urteetan zehar. Eta itsaso horretan galderak eta erantzunak jaso ditu.
Eta olatuek erantzuna ekarri dute. Hemen argiki ikasi dugu olatu bakar batek ezin dituela hondartzako harriak mugitu; baina, olatuen kateatzea gertatzen denean, badakigu harriak mugitu eta paisaia osoa eraldatu egiten dela.
Eta hona hemen bigarren baieztapen erradikala: Euskal Errepublika gauzatu ahal da Hala, baieztapenetatik gonbidapenera jauzi eginda, azkenengo hausnarketa txikia: behar eta ahal denaren kontzientzia gure eginik, ariketa propioa egin dezakegu, hau bezalako egituratze bat Nafar lurretan izango delako, ala ez delako izango. Edo... ez da izango... Nafar lurretan izaten ari delako.
Bideari bidea eskaini behar diogulako, ekin mugimenduari!