Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) Eusko Ikaskuntzak (EI) 1949an sortu zuen «euskararen balio unibertsala aldarrikatzeko egun» gisa, eta XXI. mendean, gizarteko aldaketa eta erronka berrietara egokituz, EIk euskal hizkuntzari bere lan-arlo guztietan gogo biziz eutsi dio. ENE, abenduaren 3an ospatzen ohi da, Xabierko Frantziskoren heriotzaren eguna oroimenean, zeren kondairak dioenenez, bere azken hitzak ama-hizkuntza baliatuz xuxurlatu omen baitzuen.
Dena den, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, aldarrikatzeko eta euskararekiko konpromisoa adierazteko eguna bada ere, euskararen erabileraren normalizaziotik urrun dago oraindik, bereziki Nafarroan.
Hala, Lingua Vasconum Primittiae-ren sorterrian, Nafar Erreinu Zaharrean hain zuzen ere, euskararen egoera kezkagarria da oso, zeren Nafarroa Oinez-en oihartzun mediatikoaz gain, errealitate gordinak frogatzen du Nafarroan euskararen hedapena geldialdirantz doala, azken hamabost urteotan gorakada ñimiño bat gertatu bada ere.
Nafarroako euskararen egoera zalantzagarria ikusirik, gogoeta sakonaren eta kritika eraikitzailearen beharra badugula ondorioztatzen da, zeren euskararen ahuleziak euskaraz bizitzeko konpromisoa hartzeko eskatzen digu, hots, euskaldunok, erabiltzen dugun euskara gaurkotu, hobetu eta bere erabilera areagotu, eta erdaldunok, euskara ikasteari gogotsu ekin, zeren euskararen erabileran baitago etorkizunaren giltzarria.
Bestalde, denontzat ezaguna da UPNko gobernuek euskararekiko izaniko jarrera, behin eta berriz euskararen kontrako legeak ematen, beharrezkoak diren diru-laguntzak murrizten eta epaitegiek gobernuaren kontra emandako epaiak aintzat hartu gabe, hots, bere legetasuna bete gabe.
Gainera, UPNk 1986an ezarritako Vascuencearen legeak indarrean mantentzen zuen zonifikazio linguistikoari eustearen alde egin dute behin eta berriz Nafarroako parlamentuan gehiengo absolutua duten alderdiek —UPN eta PSN—, baina 2010eko otsaileko 18an Euskararen Foru-Legearen aldaketa bakarra onartu zen, eta haren bidez, Iruñea hegoaldeko hainbat udal (Galar, Belaskoain eta Aranguren) Eremu Mistora pasa ziren.
Aurrekari hori kontuan izanda eta Navarra Sumaren gaurko bakardade politikoa ikusirik, zonifikazio linguistikoaren aldaketa berria erdiesteko momentu aproposa izango litzatekeela ondorioztatzen da, Nafarroako eremu linguistikoen gaurko kartografia birdiseinatuz eta D ereduko ikastetxeen mapa erradiala hedatuz, zeren gauzak aldatzen ez badira, epe ertainera euskararen kartografia txikituko da, foru lurraldean barreiaturik dauden uhartetxo ideologiko edo sentimentaletan eta Nafarroako ipar-mendebaldeko eta ekialdeko ohiko zokoetan preso geratuz.
Beraz, Nafarroako euskararen geldialdia edo fosilizazioa saihesteak ahalegin eskerga eskatuko digu euskaldunoi, eta, hori ekiditeko, euskararen aldeko aurrekontuak areagotzea premiazkoa da, euskara eguneroko bizitzaren arlo guztietan ikusgai izateko, Nafarroan bizi garenontzat euskara ondasun kulturala eta batzeko tresna bilaka dadin.
Nafar hizkuntzaren kartografia aldatzeko ordua da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu