Musikeneren alde

2011ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Musikene goi-mailako musika ikastegiko ikasle eta ikasle ohiak gara, eta honako gutun hau idaztea erabaki dugu, ikasle izateaz gain, euskaldunak garelako. Euskal Herrian jaio eta bizi gara, eta berton ikasi eta lan egin nahi dugu etorkizunean. Azken hilabeteetan, gure herriak Musikeneren inguruan duen iritziak larrituta gaitu; izan ere, gutako askok uste dugu entzun ditugun iritzi eta kritika gehienek ez dutela behar besteko oinarririk, eta ez direla hausnarketa sakon eta objektiboen ondorioz sortu. Hori dela eta, ikasleok Musikene defendatzeko beharra sentitu dugu, gurea bezalako ikastegi batek herri honetako gizarteari ekar diezaiokeen onura azpimarratzeko asmoz, eta gugan sortu den amorruaren zergatia azaltzeko.

Askotan entzun dugu gurea bezalako ikastegietan soilik gizarte-klase pribilegiatuko kideek ikasten dutela, baina hori ez da gure kasua, ezta geure familien edo beste ikasle askoren kasua ere. Argi dugu ongizate handiagoa lortu nahi duen gizarte aurrerakoiak kultura eta bere demokratizazioa beharrezkoa duela. Izan ere, ongizate horren osagaietako bat dugu artea. Edozein herrialdek, kultura eraikitzen jarraitzea eta gizarte-antolakuntza zuzenagoa izatea nahi izanez gero, gurea bezalako ikastegien aldeko apustua egin behar du, nahiz eta dirua galtzeko dela uste izan. Kulturak debaldekoa eta denok eskura izateko modukoa izan behar duela aldarrikatzen duten horiek dira ikastegion aurka agertzen direnak eta musika ikasteko dirutza ordaintzera behartu nahi gaituztenak. Diru laguntza publikorik ezean, gizarte maila apalagoetako pertsonek ezingo dute Musikenen ikasi, eta, ondorioz, artearen hezkuntza pribilegiatuen eskura geratuko da.

Bestalde, badakizuenez, Donostia 2016ko Europako kultur hiriburu izateko hiri hautagaia da. Musikene goi-mailako ikastegiak hautagaitza horretarako duen garrantzia begibistakoa da, eta, desagertuko balitz, Europako kultur eredu garrantzitsuenetako bat galduko litzateke; izan ere, haren bikaintasunari esker, munduko beste hainbat herrialdetako musikari, ikasle eta irakasle geurera etorri dira, eta, horrek gure kultur maila aberasteko balio izan digu, Musikene egon ezean, atzerrira joan beharko ginateke eta. Azken finean, argi dugu aldagai horiek guztiek euskal gizartean eragin positiboa eta Euskal Herriaren fama eta izen ona zabaltzeko balio dutela. Musikeneri esker, geure txoko txiki hau munduratzen ari gara, eta hondartza eta pintxoak baino gehiago garela frogatzeko balio digu.

Musika irakasteko, musika da tresna bakarra, eta teoriak baino, praktikak du garrantzi gehien. Hori izan da geure ikastegi honen filosofia. Gutun honen bidez, ez dugu diru gehiagorik eskatu nahi, zintzotasuna eta gardentasuna baizik. Horretarako, ikasleok, irakasleak, hezkuntza eragileak eta gizartea batzeko eskatu nahi dugu, horrela, guztion artean, gurea moduko gizarteak merezi duen ikastegia eraikitzeko. Euskal Herriko gizarteak ikastegi eskasa nahi badu, horixe da izango duena: hala-holako Musikene. Baina hori ez da guk, ikasleok, nahi duguna. Kulturaren aldeko apustua egiten badugu, etorkizun hobea eraikiko dugu; eta etorkizun horretan, hain zuzen, gure musika eta gizartea elkarren eskutik joan daitezen nahi dugu. Hori lortzeko, guk etxean ikasi nahi dugu, eta gure irakasleak hoberenak izan daitezen eskatzen dugu. Maiz entzun dugu ikasleok nola estereotipatu gaituzten: jazz eta musika klasiko ikasleak garela diote, eta, usteak beti ustel, askoren ustez, klase pribilegiatuak baino ez du halako musikarik entzuten. Inondik inora ere, besteak beste, popak, rockak eta gure herriko folklore musika taldeetan ere aritzen dira bertako ikasleak. Gure aldetik, ahalik eta kultura jantziena nahi dugu Euskal Herrian.

Antza denez, gure gizarteak ingeniariak, abokatuak eta medikuak ezinbestekotzat jotzen ditu, eta diru laguntzak ikasketa horiek egin nahi dituzten pertsonen esku jarri ditu. Musikariok, aldiz, ez gara beharrezkoak. Beharginek, okinek, arrantzaleek... lan egiten dute, baina guk, musikariok, ez. Gezurra badirudi ere, pertsona askok hori pentsatzen dute gutaz, baina ez dakite ezer guri buruz. Musikariren bat etxean dutenek badakite gure lanbidea ez dela erraza, ordu asko eta asko lanean ematen ditugula, eta gorputz-garunak akitzeko moduko lana dela. Kultura da, hain zuzen, nortasuna aitortzeko balio diguna, batu eta banatzen gaituena; musika nonahi dago... eta, gainera, medikuek gaixotasunak sendatzeko erabiltzen dutena! Musikak laguntzen gaitu, eta jende askori lanordu amaigabeak jasaten laguntzen dio. Pena da pertsona gorrek entzun ahal ez izatea, baina are okerragoa da gorren modura bizitzea, musika entzuteko aukera badugu ere.

Dirua ikerketak egiteko, azpiegituretan... alor guztietan inbertitu behar da hobetzeko, baina baita kulturan ere. Diru asko da inbertitzen dena, baina azkenean, hobekuntzak izateko balio digu. Egia da, Musikenen gauza asko ez dira ondo egin, beste edonon bezala; kontuan hartu behar da denbora gutxi daramala martxan, baina bertan lanean daudenen gehiengoak hobekuntzetan sakontzeko gogotsu dihardute, kudeaketa ekonomikoa barne. Irakasleen gizatasuna eta kalitate profesionala ezin dira zalantzan jarri, eta hezkuntza komunitatea, bere osotasunean, talde oso kualifikatua gara, Euskal Herrian kokatuta dagoen ikastegi honen alde orduz ordu borrokan, lanean eta ikasten gabiltzanak.

Ezinezkoa da Maiatzaren 15eko mugimenduaren eta Musikeneko ikasleen artean antzekotasunik ez aurkitzea. Nazkatuta gaude gure koordinatzaile nagusiaren kudeaketarekin, baita hura izendatu eta babestu zuten politikariekin, gutxienezko autokritika bat egiteko gai izan ez direnak. Musikaz ez dakiten pertsonek, politikariek eta horiek maneiatzen dituzten organo ezberdinek, Musikene bezalako ikastegi baten jardunbidearen gainean halako eragina izatea ez dugu ulertzen. Gizartearen zati handi bat bezala, politikari gauzeztan batzuen eskuetan manipulaturik sentitzen gara, kultura bere osotasunean aintzat hartzen ez dutenak.

Federico Garcia Lorcak zera zioen: «Gizakia ez da ogiaz soilik bizi. Ni, gose banintz eta babesik gabe kalean banengo, ez nuke ogi bat eskatuko; ogi erdi bat eta liburu bat baizik». Hark bezala, kultura erreindibikatzen dugu, gizaki guztiek jan eta jakin dezatela. Horregatik, zergatik ez kultura erabili elkargune gisa? Musikeneko ikasleak gizabidez jokatzen ari gara, musikarekiko dugun maitasun honetan bilduak, behar duenari maila altueneko den musika eskaintzeko. Ikastegiak bizi duen egoera ikusita, geldirik egon beharrean eta gure artean dauden ezberdintasun kultural, geografiko eta ideologikoen gainetik, batasun bat lortu dugu, helburu bakar batekin: ikastegi hau eredu eta erreferentzia bat izatea. Komunitate honen kide izateaz harro gaude, honen parte hartze eta borrokarako gaitasunengatik, eta euskaldun bezala, gure lurraldean dugulako.

Gora Kultura, Musika eta Musikene!

SINATZAILEAK: Besteak beste, hauek egin dute bat: Hibai Echebarriak (Pedagogia), Iraide Ansorenak (Perkusioa), Aitor Ucarrek (Gitarra klasikoa), Beñat Rallak (Pedagogia), Iñigo Vilasek (Kantua) eta Irene Prietok (Pianoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.