Galdera hori, zoritxarrez, gehiegitan entzuten dugu. Baliabideak urri direnean, joera izaten da kulturarekin zerikusia duena sakrifikatzekoa, bazter utz daitekeen zerbait balitz bezala, horren beharrik ez balego bezala: oker larria.
Izan ere, sobera daudenak bestelakoak dira, erakuskeria, nabarmenkeria eta ikaragarrizko azpiegitura gutxiegi erabili guztiak, baina inola ere ez museoak. Are gutxiago, beren ingurunean ondo txertatuak badaude, eta elkarreraginean ari badira.
Ezinbestekoa da museoak garai berrietara egokitzea, baita beren ingurunearen beharretara ere: irekiak, inklusiboak, dinamikoak, profesionalak, dinamizatzaileak. Partaidetza eta hausnarketa sustatu behar dituzte, loturak ezartzeko eta zubiak sortzeko, ez bakarrik gizartearen eta erakundeen artean, baita ere herritarren artean.
Óscar Navarrok eta Christina Tsagarakik idatzitako artikulu batean konklusio hau dator: «Museoek, krisitik atera nahi badute, sozialki garrantzitsuak izan behar dute, esamoldearen adiera osoan; alegia, elkargune eta trukerako gune izatetik beste era bateko tokia izatera pasa behar dute: toki bat, non zalantza egingo den, non partaideek, elkarren aurrean jarri, eta eztabaidagai izango dituzten, ez bakarrik irudikatzeko eta komunikatzeko moduak, baita ere aurkezten eta komunikatzen den hori (forma ez ezik, baita edukia ere). Komunikazio ekintzarako gune bihurtu behar dira, non bisitariari aurrez aurre jarriko zaizkion egungo gizartearen dilemak, historiaren eta memoria kritikoaren begien bitartez, eta ikuspegi etiko batetik begiratuta. Soziala izateak berekin dakar gune errebelde bat izatea, non, elkarren aurrean jarri, eta eztabaidatu egingo den, gune probokatzaile bat bilakatu arte... Museoek, beraz, aldaketarako tresna izan behar dute; haiek sustatu behar dute komunitateko kideen partaidetza soziala eta politikoa».
Georgina De Carlik, bestalde, definizio hau ematen du Un museo sostenible. Museo y comunidad en la preservación activa de su patrimonio izeneko liburuan (Museo iraunkor bat. Museoa eta komunitatea beren ondarea aktiboki babesten): «Museo iraunkor bat erakunde bat da, ondarea ikertzeko, babesteko, komunikatzeko eta indarberritzeko lan egiten duena; lan egin ere, bere ingurunearen eskakizunei egokitutako kudeaketa museologiko moderno baten bitartez; orobat da, babes aktiboko proiektuak eta ekintzak burutzen dituena, komunitateetako kideekin batera, zertarako eta tokiko garapen iraunkor bat eta museoarentzako etekinak sortzeko».
Ahaleginak egin behar ditugu geure museoetan itxita gera ez gaitezen; ezin dugu jarraitu ikusleak noiz etorriko zain; haien bila atera behar dugu.
Museoen Nazioarteko Egunak, aurten, lelo hau dauka: Museoen bildumek sortutako loturak. Gai horrek gogorarazten digunez, museoak erakunde biziak dira, eta bidea ematen dute loturak sortzeko, bisitarien artean, belaunaldien artean zein munduko kulturen artean ere.
Foru Aldundiaren museoetan proposatzen diren ekintza guztien helburua da ondarea herritarrengana hurbiltzea, ondare hori babesteko lanean parte har dezaten, bertakoa ezagut dezaten eta geure identitatearen ezaugarriak aintzakotzat har ditzaten.
Asmoa da museoak txertatzen diren komunitatea sentsibilizatzea; hartara, gizarte, kultur eta ekonomi garapenaren parte eta eragile izan daitezen. Kontuan hartzen badugu hainbat herritan —hala nola Ormaiztegi eta Ezkio-Itsaso— ez dutela ez kultur zentrorik ez gune balioaniztunik era askotako ekintzak antolatzeko, orduan, museoak berak agertu behar du dinamizatzaile eta eragile.
Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak 25 urte daramatza berreskuratze lanetan. Urteen joanean, museoa hainbat gaietara zabaltzen joan da, hala nola museoak eta bakea, XIX. mendea, eta, datorren aldi berrian, XX. mendea gehitzeko lanean hastekoa da.
Igartubeiti Baserri Museoaren kasuan, sare bat ehuntzen ari gara udal, mankomunitate eta kultur elkarteekin, museoa bera izan dadin kultur dinamizatzailea, ekintzen sustatzailea, eta topaketarako, gogoetarako eta lanerako gunea, nola Ezkio-Itsasoko herritarrentzat hala eskualde osoarentzat.
Untzi Museoaz esan dezakegu abian daramatzan ia 25 urte hauetan argi erakutsi digula Gipuzkoak antzinatik itsasoarekin duen harreman estu hori, historiaren nahiz antropologiaren arloetatik begiratuta. Lanean ari gara, Udalarekin batera, museoa badiara eta bertako biztanleengana irekitzeko.
Bildumek herri baten historia adierazten dute, baina, aldi berean, beren eraketaren historiaren lekukotasuna ematen dute. Bildumei esker ikas dezakegu, alde batetik, zer-nolako aldaketak izaten diren arloz arlo (politika, ekonomia, gizartea eta abar), eta bestetik, jakin dezakegu zer-nolako eragina duten kultur politikek arlo horietan.
Egun, Gordailuan gordetzen diren bildumak piezak kontserbatzeko eta babesteko egin den ahaleginaren eta apustuaren emaitza dira, besteak beste bilduma etnografikoa, kultura materialaren modu tradizionalak eta arte ederretara lotutakoak.
Azpimarratu behar da Gordailuak gordetzen dituen pieza guztiak gizartearen zerbitzura daudela. Hain zuzen ere, zentro horren helburuetako bat da museoetarako baliabide zentro bihurtzea, elkarlanean aritzea, sarean lan egiteko moduak bultzatzea, hots, lankidetzan aritzea; ondarea izan dadin aintzat hartua, erabilia eta partekatua.
Ondare materiala eta immateriala berreskuratzea, zaintzea, zabaltzea eta babestea identitatearen zutabeak eraikitzeko oinarriak dira.
Museoak, zertarako? Elkarrekin bizitzeko, eztabaidatzeko eta aurrera egiteko, gure iraganaren ezagutza sakonetik abiatuta aurre eginez gizarte gisa dugun etorkizunari.
Museoak, zertarako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu