Uda sasoi honetan museoek gainerako hilabeteetan baino arrakasta handiagoa izaten dute, turismo kulturalaren ardatzetako bat bihurtzen baititugu museoak, bisitatzen den herrialde horren ondarera hurbildu nahian edo gure interesa pizten duen gai baten inguruko jakin-mina nolabait asetzeko asmoz.
Azkenaldian ikusten ari gara museoen ugaritze izugarri bat Euskal Herrian; arte garaikidea eta ondare historikoa azaltzeko hainbat erakusleiho ireki dira publikora, eta egun lurralde bakoitzak bere izen handiko museoa eduki behar duela dirudi, Bilbo eta Guggenheimen arteko ageriko loturaz gain, Donostiako San Telmo berria, Gasteizko Artium eta Bibat, Nafarroan Oteiza Museoa eta Gipuzkoan errotuz doazen Ekainberri eta Balentziaga estreinatu berria daude, eta horiei beste hainbat herritako museo txikiak gaineratu behar zaizkie. Aberasgarriak dira guztiak ere, kulturaren transmisoreak diren eta herri baten ondarea bildu eta erakusteko borondatea duten heinean. Halaber, ez dugu ahaztu behar museoek, kultura sustatzeaz gain, diru sarrera andana ere mugi dezaketela turismoaren ibilbide gidatuetan.
Horrela bada, gero eta eskaintza hobea dago, eta edukiak museistika hobeagoarekin lantzen dira; teknologia berriei esker, grafismoan eta dinamismoan irabazi da, emaitza oso erakargarriak lortuz. Atzean geratu dira bitrina astun eta zaharkituak, eta testu potoloetatik haratago, arintasun eta informazio esentzialera jotzen dute erakusketek, gutxi eta ona, proposamen didaktiko on batekin lagunduta. Izan ere, museo batek zerbait izan behar badu, dibulgatzailea eta didaktikoa izan behar baitu. Halere, uste dut museo bat bisitatzen duenak gutxieneko informazio bat buruan duela atera behar duela bertatik, irudi polit batzuk baino zerbait gehiagorekin; horregatik bilatu behar da oreka bat ematen den informazioaren eta irudi arinaren artean.
Baina nork bisitatzen ditu? Guk geuk joerarik ez dugu bertako gure museoak bisitatzeko, edo oso gutxi behintzat; hori bai, kanpora goazenean turista moduan, orduan bai apuntatzen gara Louvre, Vatikano, Prado eta horrelakoen pinakoteka eta eskulturen mundu ezezagunetan barneratzera. Eta gustatzen zaigu bueltan gatozenean ikusi eta liluratu gaituzten harribitxi horien argazkiak erakustea. Baina etxe ondoan ditugunak apenas ezagutzen ditugun, Guggenheimetik aparte noski, eta hori pena bat da. Kanpoko ondare kulturala baloratzeko eta ezagutzeko borondatea azaltzen dugu, baina iruditzen zait sarritan gure ondarea ahaztu egiten zaigula edo kanpotik bisitatzen gaituztenen eskura bakarrik jartzen dugula. Urrutiko intxaurrak beti hobeak balira bezala. Horregatik, tiraka-tiraka, iritsi behar dudan ondorioa da museoak turista kanpotarrari bideratuta daudela gehienbat, eta uda amaieran ematen diren datuetan beti gustatzen zaigula jakitea zenbat turista kanpotarrek bisitatu dituzten bertako eraikin enblematikoak eta erakusketak. Barne turismoak gero eta indar gehiago badu ere, proiektatzen dugun irudi eta eskaintzak beti du beste distira edo lilura bat.
Lilura, hori bilatzen da azkenaldian; horregatik, gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio museoaren arkitekturari; altzairu herdoildua, metala, hormigoia eta kristala barra-barra duen eraikin moderno bat eraiki eta arkitekto entzutetsu baten ideia kontzeptual abstraktu batekin lotuz. Batzuetan garrantzitsuagoa da museoaren eraikina, jaso behar duen bilduma bera baino, zertarako den baino. Hau da, gertatu izan da museoaren diseinua ez erabat egokitzea bere funtzio eta erakusketa beharrei. Badakit askotan bilatzen dena eraikina bera ere artistikoa eta berezia izatea, baina nago hori barrukoa ulertu ez duena, gutxienez kanpokoak sortuko dion irudi onaren kontsolamendua izateko ez ote den. Luxuzko erakusleiho bihurtzeko bidean doazen espazio hauetan bilatu beharko litzatekeena, beraz, eduki eta edukiontziaren arteko oreka izan beharko luke. «Nik ikusitakoaz ez nuen ezer ulertu; a, baina ze erakin polita» eta horrelako esaldiek museoak edukiontzi huts eta hotz bihur ez ditzaten.
Museoak erakusleiho
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu