Munstroez eta gizakiez mintzo zen Hannah Arendt duela mende erdi baino gehixeago, ustezko munstro batzuek bizitza osoan zehar bere familiari jarraitu eta jazarri zioten egunekin gogoetan. Asteotan munstroez dihardute komunikabideetako titularrek, hezur-haragizko munstroez. Haietako bat bereziki salatua eta lehoietara jaurtia izan da, eta ez naiz ni izango lehoien otorduen aurka altxatuko dena, baina, dagokigun interes eta erantzukizunetik abiatuta, Iñigo Errejonek, Espainiako Gobernua bermatzen duten alderdietako bateko bozeramaile zenak, gogoeta xume bat bederen merezi duelakoan nago.
Gaizkiaren hutsaltasunaren kontzeptua ekarri zigun Arendtek mahai gainera, eta, dirudienez, Errejon jauna ere adi ibili zen bilkura hartan, ideia horretan oinarritu baitu bere agur-bertsoa. Alienazioaz eta pertsona-pertsonaia disoziazioaz hizketan, kontu pare bat berpiztu ditu politiko ohiak: lehena, kareten edo maskaren auzia, estaltzen gaituzten aurpegiena; eta, bigarrena, indibidualtasunean hezurmamitzen den arazo estruktural batena.
Aipatu legez, karetak izan dira protagonista gertaerotan: inork espero al zuen Harvardeko biologia klase batetik irten berria zirudien betaurrekodun mozolo bat hogei biderrez gaindi sexu-erasotzaile izateagatik salatua izatea? Barkaidazue zalantza egitea. Eichmann, agente nazia, aita oso ona, adia eta maitakorra zela diote gaiaz aritu direnek. Zehazki, pertsona eredugarria zela aipatzen dute, ofizioz haur juduak hiltzen ari ez zenean, noski. Antzera bilatu du Errejonek ogi-soziala, bere ofizioa izan baita kritikatzen zuen orotik bereizten zuen pladurrezko horma. Halako batean, feministetan feministenari kareta erori, eta harekin, aita ona izatearekin nahikoa ez zenez, Nurembergeko epaiketa iritsi zaio.
Ituaren erdian bere aurpegia, beraz, eta dardo bat maskararen jokoan galdu duen ororen hatzetan. Zein nekeza den erruaren zamaren motxila! Errua diot, alde batetik, dardoaren erdia hura goraino iristen ikusi eta munstro bat zela konturatu ezaren etsipenez doalako. Bestetik, gutako guztiok badakigulako Errejon eta Eichmann lehengusu moralak direla, eta haien moduko asko aurki ditzakegula. Azken horrekin zera esan nahi dut: badakigula erregimen naziak Eichmann hiltzera eraman zuen bezala, gizarteak eta haren konfigurazioak eraman dutela Errejon jarrera higuingarri horiek izatera. Are, munstro bat izatetik urrun, gutako (gizonetako) bat dela Errejon, eta, ondorioz, Errejonez inguratuta gaudela. Hala eraikitzen dugu geure burua, eta ez, ez gara munstroak, baina batzuetan barruko munstroa irteten da bisitan.
Une horretan erraza da eskuak burura eraman eta dardo bat hartzea, baina eraiki dugun mundu honetan, dardoa indartsuen botatzen duenak ez du indarrak aurrezteko patxadarik hartzen. Orain badirudi Errejon dela arazoa, lehen esan bezala, berak hezurmamitzen duelako azken indarkeriaren aplikazioa, baina Errejoni begira galtzen dugun tartean, hurrengoa aurkitzeko eta aurrez gelditzeko denbora xahutzen dugu. Geure burua (kolektiboki ulertuta) gelditzeko beta, pixkanaka-pixkanaka, badoakigu.
Horregatik diot karetak, inor ez delako, sakonean, espero dugun hori soilik. Horregatik mintzo naiz estrukturez, egituraz, badagoelako zerbait gure baitan ere Errejon hori egitera bultzatu zuena. Horregatik munstroez, denok garelako bat hein batean, baina ez osoki. Horregatik beragatik hutsaltasunaz, gaizkia ez delako nabaritzen den lurrikara, gure artean (eta barruan) dugun parasito bat baizik. Beharbada, jadanik parasitatu eta menderatu gaituen parasito bat.