Munizipalismoa: Zer egin? Jauzi bat harantzago

Eñaut Apaolaza
2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Munizipalismoaren presentzia areagotzenari da eztabaida politikoan pixkanaka-pixkanaka. Beñat Irasuegik abuztuaren 23an BERRIAn argitaratutako Munizipalismoa, herritarron lehentasunen bitartez krisiari erantzuteko tresna ekarpen on bat da eztabaiari bide emateko.

Protagonismo berritu honen arrazoiak ugariak dira, baina batez ere, krisi instituzional eta politikoak (sektore publikoaren eraiste neurtua, hauteskunde parte-hartzearen gainbehera, ustelkeria, hauteskunde sistemen bidezko gizartearen errepresentazioa lortzeko ezintasun gero eta handiagoak...) hauspoa eman dio oraindik formulazio teoriko edo kontzeptuala den munizipalismoari.

Zer da munizipalismoa?

Udal jakin bat gestionatzeri lotutako guztia dela esatea, dena esatea eta ezer ez esatea da. Euskal Herriaren ikuspegitik, udalek eta udalerriek duten garrantzia dela eta, hori baino gehiago beharko luke; munizipalismoa udala tokiko zerbitzuen gestore burokratiko huts modura jartzea baino askoz gehiago litzateke. Aldi berean, udalerria esparru geografiko modura labur geratuko litzaioke, bere ahalmena lurralde guztira zabalduko bailuke, udaletatik abiatuz.

Esan bezala, egitura burokratikoa baino gehiago da, munizipalismoak udalaren bitartekoen gestioan eta noranzkoan udal bizitzarekin zerikusia duten agenteak bildu beharko lituzkeelako; eta esparru geografikoa gainditzen du, udalek elkarren laguntza behar dutelako hedadura zabaleko proiektu egituratzaileak gauzatzeko (estrategiak, nazio hedadurako proiektuak, mankomunatutako zerbitzuak eta abar). Hortaz, munizipalismoa estrategia politiko bat da, maila lokaletik herritarrei beharrizan behinenekoei erantzuteko ahalmena areagotzeko asmoa bideratzeko asmoa duena, bai, baina baita estatugintza eta botere politikoa onura publikora bideratzeko bokazioa duena ere.

Zer egin?

Behin hori esanda, munizipalismoak zerbitzu publikoen eraginkortasun handiena bilatzeaz gain, datorren hutsune instituzionalaren aurrean, Euskal Herri mailako ahalmen egituratzailea aktibatu beharko luke, euskal errealitate politikotik at dauden urruneko diseinuei alde eginaz.

Norabide honetako estrategia munizipalistak ez dira asko izan Euskal Herrian, baina izan direnek dirdira handia dute, lortu dutenari eta iradokitzen duenari begiratuta (UEMA, Udalbiltza, Euskal Hirigune Elkargoaren sorrera...).

Jauzi bat harantzago

Jauzi hau udalaren muga hertsietatik askoz harantzago, lurraldea bere baitan jasoko duen planteamenduekin lotu behar da. Tokiko praktika (oso) onak gauzatzen ari dira gaur egun, zaintzari lotutakoak, edo esklusio egoeren aurkako neurriak tarteko (udalen batek martxan jarri dituen mikrokredituen bideak esate baterako). Berauek orokortzea printzipioz behintzat ez da konplexuegia, ez baitu udal bakoitzaren eta dagokion udalerriko agenteen inplikazioa baino askoz gehiago behar (lan handia noski, baina konplikazio juridikorik gabea). Beste gauza bat da lurraldea bere osotasunean edo orokortasun bokazioz behintzat jasoko duten lan ildoak diseinatzea eta martxan jartzea. Lan ildo hauen emaitzak lurraldearen egituratzea areagotuko luke, ez bakarrik zorigaiztoko krisiak sortutako beharrizan egoeren aurrean, baizik eta krisi berrien aurrean sendotasuna emanaz, eta gizarte integrazio handiago bat ahalbidetuz.

Ez da gauza berria; izan ere, udalen ahalmenari etekin handiagoa ateratzeko tresna modura mankomunitateak aspalditik asmatuta baitaude, baina formula juridiko berriak ere badira orientazio berriei forma emateko. Honela, zaintza arloaz gain, bai garapen ekonomikoaren arloan, baita subjektu politikoaren autopertzepzioan hain garrantzitsua izan daitezkeen kultura eta hizkuntza gaietan ere estrategien orientazio partekatu bat gero eta beharrezkoagoa da, eta estrategiaz haratago, baita egitura partekatuak ere. Horretarako, une honetan lehen aldiz Euskal Hirigune Elkargoa dago, oinarri munizipalekoa, eta Ipar Euskal Herria biltzen duen lehen subjektu juridiko honek lurralde guztirako harremanak, egiturak eta estrategiak antolatzeko aukera ematen du.

Apunte modura, munzipalismoak epe laburrean, eta COVID krisiaren ondorioetan begi bat jarriz, baina etorkizuneko Euskal Herrian bestea jarriz, lurralde guztian udalerri mailatik intentsitate eta hedadura ezberdinez artikulatzen has daitezkeen lau jarduera eremu aipa daitezke, krisiaren ondorioekiko erresilientzia helburu:

1. Garapen ekonomikoa: balio kateen analisia eta eskualdeen arteko osagarritasun ekonomikoa, ikerketa eta garapena

2. Kultura eta hizkuntza: erabileraren erronkari erantzungo dioten hizkuntza eta kultura udal politikak, zirkuituak, liburutegi eta azpiegitura sareak...

3. Nekazaritza ekoizpena eta merkataritza: lurralde mailako zirkuitu komertzialak

4. Azpiegiturak, lurralde antolaketa eta hirigintza: hurbileko udalerrien osagarritasuna, lurralde antolamenduaren gidalerroak, lurralde plan partzialak, azpiegituren bikoizketak saihesteko bideak...

Horretarako tresnak badira, autonomien eta estatuen arteko mugak gainditzen dituzten tresnak: mankomunitateak, udalen arteko, eta udalen eta beste administrazio zein eragileekin izenpetutako hitzarmenak, udalen arteko elkarlan sareak, edo mugaz gaindiko elkarlan egiturak, besteak beste.

Egia da finantzaketa, gobernantza eta gorpuzte juridikoak azterketa sakona eskatzen dutela, baina ezin geldirik egon horregatik. Udalen autonomiatik abiatuz, gaur egun egin daitekeena asko da, jauzi egiteko sasoian gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.