Munizipalismoa, herritarron lehentasunen bitartez krisiari erantzuteko tresna

2020ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan inoiz baino ageriago gelditu da, ikusi nahi izan duenarentzat behintzat, gaur egun gure bizitza eta lurraldeen iraunkortasuna zein zaurgarria den kapitalismo neoliberalaren baitan bizi garenontzat. SARS-CoV-2 birusa izan da gure egunerokoa iraultzeaz gain, azpitik, egiturazko arazo, ezintasun eta desberdintasunak erakutsi dizkiguna, epidemiez libre geundela uste genuen ipar harroan. Osasun krisiak zaintzen krisia guztion bistara ekarri du, eta krisi sozial, ekonomiko eta klimatikoa aurreratu ditu. Krisian murgilduta gaude beraz, kapitalismoak egituraz beharrezko duen krisia, herritarrok gure bizitzen hondatzearekin ordainduko duguna. Osasuna, hezkuntza, harreman onak, bizitza bizigarria denontzat izateko eskubidea zaildu da, eta gobernuen planifikaziorik ezak, hartutako neurrien inprobisazio mailak eta kapitala bizitzen aurretik jarri izanak pandemiari eta krisiari aurre egiteko dauzkagun tresna kolektibo eta publikoak kaltetu ditu.

Izan da, hala ere, tokiko baldintza eta egoerei kasu eginez, herritarren beharrei erantzuteko baldintza hobeak erakutsi dituen eremu instituzionala, udala. Ez kasu guztietan, ordea; izan ere, instituzioak, herritarrengandik hurbilen dagoenak, askotan errepikatzen den moduan, politika ere egiten baitu. Eta ezberdina da udalgintzatik herritarren beharrak lehenetsiz egiten den kudeaketa eta jardun politikoa, edo interes ekonomiko partikularren alde egiten duena. Bi eredu gure udaletan, lehentasun ezberdinekin, eta bizi dugun egoerari erantzun ezberdina ematen diotenak.

Nabarmena izan da munizipalismoa presente dagoen herrietan udalaren eta sare komunitarioen arteko harremana landu ahal izan dela, herrien garapen demokratikoan berebiziko garrantzia duena. Harreman horren lehen ondorioa izan da nabarmen handitu dela herritarren beharren identifikazioa egin eta horiek asetzeko praktikak jartzeko gaitasuna. Ondoren egindako diagnostiko eta hausnarketa pausatuagoak ere konfirmatu duena. Pandemiaren eraginei aurre egiteko herritar mobilizatu gisa, horrela ikusi dut Orereta/Errenterian; momentuko beharrei erantzun eta ziurgabetasun egoera honen aurrean, pandemiarekin batera dugun autoritarismo uholdeari aurre egiteko, herriko dinamika komunitarioa indartzea oso garrantzitsua izan baita. Errenteriako alkate Aizpea Otaegi Mitxelenak Erria aldizkarian egindako elkarrizketan dioen bezala, «pertsonak erdigunean jartzea eta kolektibotasun, komunitate baten parte izateko aukera izatea, horiek dira heldulekurik handienak. Jendeak beldur handia dio ziurgabetasunari; eta guk konfiantza erein behar dugu.»

Badirudi, hala ere, munizipalistak garela hauteskunde artean, etengabe uzten baitugu udalgintza herrigilearen lanketa hauteskunde zikloaren hurrengo egunerako, askotan bigarren maila batera alboratuz. Munizipalismoa ez da egun batetik bestera egiten, COVID-19ari ezin izango zitzaion lanketa publiko-komunitarioaren bitartez erantzun, askoz lehenago ez balitz ildo hori herrietan martxan egon. Ikusezinak diren eskala txikiko praktika eta arnasa luzeko estrategien bidez egiten da munizipalismoa, eta, gaur egun politika instituzionala bihurtu den etengabeko marketing kanpainan, toki gutxi izaten dute. Herritarrek, ordea, egunerokoan nabaritzen dute beraien bizitzarako baldintza material eta komunitarioetan munizipalismoak duen eragina, baita espero ez zen krisi larri baten kudeaketan ere, eta horrek, epe ertain-luzera emaitzak ematen ditu, hegoaldeko eta iparraldeko udal hauteskundeetan edo EAEko parlamentuko herrikako emaitzetan ikusi den bezala.

Krisiaren kudeaketan eta herritarren beharrei erantzutean efiziente eta hurbilenak izan diren instituzioak izanik ere, badirudi zerga-biltze gaitasuna duten erakundeek aurrekontu murrizketen bitartez gehien kalte egingo dioten eremua izango dela; izan ere, krisien kudeaketan zentralizazioa modan jartzen da, eta oso barneratua dugun usteen bitartez, zentralizazioari eta autoritarismoari bide ematen diogu «erabaki garrantzitsuak» hartu behar direnean. Praktikak, ordea, kontrakoa dio.

Lanleku eta bizileku dugun lurraldea, frantsesez bassin de vie definitua, eta oso gustuko dudan kontzeptua, gobernatzeko eskubidea daukagu herritarrek. Baina errealitateak eta krisiaren kudeaketa orokorrak erakusten digu gaur egungo erakundetze eredu liberal eta patriarkalaren bitartez ezinezkoa dela. Benetan udalgintza eraldatzailea egin nahi badugu, instituzionalizazio eredu berri bat behar dugu, herritarron bizitzak erdigunean jarriko dituena, eta harreman eredu publiko-komunitario-kooperatiboak sustatuko dituena; erakunde publikoetan gobernantza komunitarioari tokia eginez, auzoetan sortzen diren zaintza sareei baliabide publikoak eta erabakitze ahalmena emanez, tokiko oinarrizko beharrei erantzuteko tresna eta baliabide publikoak indartuz eta lurraldearen garapen ekonomikorako estrategiak bizitza kapitalaren aurretik jarriko duten ekonomia sozial eraldatzaileko ereduen bitartez garatuz.

Tokian tokiko egituraketa autonomia munizipala errespetatuz egin beharko da, errealitatearen ezagutzatik, herritarren behar material eta komunitarioei erantzuteko ardura politika munizipalista eraginkorren erdigunean kokatuz, praktika eta harremanak saretuz. Udalgintza eraldatzaileak herri eraldatzaileen elkartasun sare bat behar du.

Garai zailak datozela badakigunez, eman diezaiogun behar duen balio politiko eta estrategikoa herritarrentzat bizitza bizigarriak eraikitzeko ezinbestekoa den munizipalismoari. Engaia gaitezen gure herrietan horiek gauzatu eta indartzen, munizipalismoa praktikarekin garatzen baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.