Benetan pozgarria da ikustea UPV/EHUko errektorea izateko hautagai bat daukagula. Alde guztietatik ikusita, egoera ez da erraza, eta erakundeak behar duen lidergoa hartzeko prest dagoen hautagai bat izateak ikaragarri pozten ditu unibertsitateko kideak. Unibertsitatearen goi mailako kudeaketan egon garenok oso ondo dakigu zer-nolako garrantzia duen pauso hori emateak. Horregatik, botoa ematera animatzen hasi nahi dut hausnarketa hau.
Asko dira gure unibertsitateak eman dituen pausoak azken urteetan, asko dira eman beharko direnak etorkizunean. Zorionez, emandako pauso guztiek norabide berean eraman gaituzte, eta gure jarduera guztietan aurrerapauso itzelak ikusi ditugu. Noski, autokonplazentzia ez da bidaide ona. Horregatik, unibertsitate on guztietan gertatzen den bezala, oso beharrezkoak diren barruko kritikek beti laguntzen dute hurrengo pausoak hobeto ematen.
Munduko plazan egon nahi duen herri orok unibertsitate on bat behar du. Euskal Herrian unibertsitate hori UPV/EHU da. Helburu hori lortzeko, besteak beste, ezinbestekoak diren baldintza bi daude: finantzaketa egokia, eta irakasleak, ikasleak, ikertzaileak eta langileak onenak izatea.
Finantzaketari dagokionez, Euskal Unibertsitate Sistemaren legeak argi esaten du «Euskal Herriko Unibertsitateari helburuak betetzeko eta kalitatea hobetzeko besteko finantzaketa-eredu bat bermatu» behar zaiola.
Munduko plaza akademikoan behar den presentziarekin egon nahi badugu, denok dakigu, eta azken urteetako bilakaerak horrela erakutsi digu, emandako finantzaketa hori baino gehiago behar dugula. Hortaz, kanpo finantzaketa gakoa da.
Hautagaiak hori planteatzen du bere programan: «Finantzaketa publikoa eta pribatua hobetzea». Hedabide batzuetan emandako elkarrizketetan honi buruz esandakoak kritika batzuk sortu ditu. Sektore pribatuak dirua jarriko balu etekin pribatua izango lukeela buruan, izaten da gehienetan entzuten duguna. Batzuetan ere, unibertsitatea sektore pribatuari salduko diogula entzun behar izan dugu!
Ba, ez. Guztiz kontrakoa. Gurea da unibertsitate publikoa eta harro sentitzen gara egoera horretaz. Gure jardueretan, berdin da finantzaketa nondik datorren, denok errespetatzen dugun katedraren askatasuna da oinarrizko printzipioa. Horri esker, gure irakaskuntza eta ikerketa ez daude, eta ezdira inoiz egongo, interes pribatuen esku.
Eta bai, kanpo finantzaketa behar dugu. Munduko unibertsitate on guztietan —hau da, haien ikerketari eta irakaskuntzari esker mundua eraldatzen duten horietan—, kanpoko finantzaketaz lortutako diru-funtsa (endowment) daukate. Funts hori sortzen laguntzen dute pertsonek (kasu askotan, ikasle ohiak) zein enpresa pribatuek, publikoek eta erakundeek. Azpimarratzekoa da askotan dirua jartzen dela ezer eskatu barik; nahiko izaten da haien izena unibertsitatearen toki batean ikustea.
Diru-funts hori lortuko balitz UPV/EHUn, beste aldaketa batzuk ere beharrezkoak lirateke legean. Gaur egun oztopo legal asko daude horrelako diru-funtsak behar den moduan erabiltzeko gurea bezalako unibertsitate publiko batean.
Unibertsitate publikoaren aldeko dohaintzen kultura hori zabaldu behar dugu herritarren artean. Gainera, herri batzuetan gertatzen den legez, unibertsitate publikoaren aldeko sektore pribatuaren apustu irmoa ere, denboran egonkorra, beharrezkoa da. Askotan, apustu hau egiten denean, sektore pribatuak ez du ezer eskatzen, oso ondo baitakite holako bidea eginez denok ateratzen garela irabazle. Zoritxarrez helburu hori lortzea ez da izango erraza. Arlo honetan badugu zer ikasi!
Irakurleak jakin dezan, rankingetan munduko lehen unibertsitatea den Harvard Unibertsitateak 2019an zuen diru-funtsa 40.900 milioi dolarrekoa zen, hau da, ia-ia Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua baino lau aldiz handiagoa. Honek mundu osoan disfrutatzen ditugun emaitzak ekartzen ditu, noski. Harvard Unibertsitateak 50 Nobel saridun ditu eta haiei esker mundua apur bat hobea da. Guk zenbat ditugu? Bat ere ez.
Munduko plaza akademikoan egon nahi badugu, finantzaketa gako horietako bat da, ez bakarra. Horretan, norbanakoek zein erakunde publiko eta pribatuek eman dezaketena behar beharrezkoa izango da etorkizunean. Ireki ditzagun gure buruak eta zabal dezagun bidea helburu hori lortzeko.
Munduko plaza akademikoan egon nahi dugu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu