Gazako emakume bat

Munduko emakumeei

Sondos Sabra
2024ko azaroaren 29a
05:00
Entzun

Gazatik idazten dizuet, iragan bortitz batera itzularazi duten leku batetik: inguratzen gaituen indarkeriak hezur hutsetan uzteraino biluztu digu bizitzako alderdi oro. Gerra nekaezin batek taupada ebatsi dio nire hiriari; Gaza, garai batean hain barretsua eta argitsua, bere buruaren itzal hutsa besterik ez da orain. Bideak txikituta daude, erregaia falta da, eta, erregairik gabe, ezin ezer kozinatu, ezta hotz dagoenean pixka bat berotu ere. Airea bera ere itogarri sumatzen da, eta amets guztiak suntsitu dira, eta eguneroko erosotasunik txikiena ere akabo da; horren ordez, beldurra da nagusi, eta beldur hori segika daukat orain itzal bat balitz bezala, pauso bakoitzean jazarka.

Baina ez dut asmorik existentzia behartu honi amore emateko. Setio luze honek gauza asko lapurtu ditu, baina espiritua ez dit ebatsi. Gelditzen zaidan pazientzia izpi oroz, buru egiten diot. Argazki zaharrei begiratu, eta zera gogorarazten diot neure buruari: «Hau naiz ni: tximeleta bat, behiala libre eta arin bizi izan zena; atsekabeak ez nau hondoratuko». Pauso astunez nabil agian orain, bai, dezepzioaren zama pisutsua bizkarrean, baina ez dut onartuko gure sufrimendu hau errutina bihurtzerik, ez eta galdu ditugun lagun maite horiek denak zenbaki hutsetara errendituta ikusterik ere iluntzeko albistegietan. Hortz eta bihotz buru egingo diot ezabatze honi.

Egunero gogoratzen diot neure buruari: ez naiz zenbaki hutsa. Gizakia naiz, arima bat bihotza taup-taup dabilkiona. Gizakiak garela ahantz dezagun nahi dute, isilarazi egin nahi gaituzte. Israelek hasieratik ohartarazi du: «Ez urik, ez janik, ez argindarrik». Halaxe xuxurlatzen diete gazatar guzti-guztiei: «Ez dizugu utziko gogoratzen gizakia zarenik ere». Baina huts egin dute. Nik badut pentsamena oraindik, eta badut idazmena, eta badut oroimena. Gogoan dut zeinen hiri animatua zen Gaza, zeinen hiri bizi-bizia. Gogoan dut unibertsitateko graduaziora eraman nuen soineko arrosa hura, eta ez dut asmorik poz hori gogamenetik ezabatzeko.

Sare sozialei erreparatzen diedanean, arrotz sentitzen naiz, munduak gu ahaztuta aurrera segitu balu bezala. Premia gorriz gaude harago joko duten ahotsen esperoan, zuzen-zuzenean hitz egingo diguten ahotsen zain: ez daitezela izan guri buruzko istorio hutsak, baizik gure samina benetan ulertuko eta aitortuko duten eleak. Hitz egiozue seme-alabak galdu dituen ama horri, eta emaiozue zuen ahotsaren kontsolamendua. Irudikatu ezinezko lazturen estualdian gorputza oinazeturik daukan neska horri ere esaiozue baietz, ulertzen duzuela haren mina. Errekonozitu oraindik ere ametsak dituen neska horren gogoa, zeren lana eta etxea galdu arren oraindik bai baitu esperantzarik etorkizuna berregin ahalko duela. Gogoraraz iezaguzue oinaze honetatik harago badela oraindik berotasunik, maitasunik, bizitzarik. Ez gaitzazue isiltasunean abandonatu.

Gauean, etzaten naizenean, jasan dudan guztiak barrena jaten dit. Nire baitako zenbait parte zartatu dizkit genozidio honek: hautsi zitezkeenik ere ez nekien parte batzuk. Hemengo tristura zeharo ikaragarria da, eta inor ez da gai guztiz ulertzeko atsekabe hau, inor ez da gai hura arintzen laguntzeko. Nola irits naiteke hemendik harago? Nola eska niezaioke norbaiti lagundu diezadala eusten barrua erretzen ari zaidan su honen zamari? Bakar-bakarrik sentitzen naiz, atsekabe handien eta txikien garraio, den-denak bortitz eta astun nire bihotzean.

Munduko emakumeei, hona nire eskea: ez gaitzazue bakarrik utzi isiltasun honetan. Ozendu ahotsa, eta irits dadila guganaino. Gogoraraz iezaguzue ez gaudela abandonatuta, ez garela ikusezinak. Hementxe gaude, adi. Arren, ez utzi isiltasun honek oso-osorik irents gaitzan.

Maitasunez.

(*) Erredakzioan itzulia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.