Paris-Sorbona Unibertsitateko doktorea

Munduko egoera eta euskararen etorkizuna

2024ko otsailaren 27a
05:00
Entzun

Euskararen etorkizunari begira, kontuan hartu behar da hizkuntza gizarte baten komunikazio tresna dela, une historiko jakin batean, eta gizarte horren ohiturei, kulturari, bizimoduari eta mundu ikuskerari lotuta dagoela. Euskararen etorkizuna aurreikusten saiatzen garenean ezinbestekoa da, hortaz, gizartearen osaera demografikoa, ekonoteknikoa, politiko-operatiboa, psikosoziala eta soziokulturala kontuan hartzea.

Gaur egungo gizarteak duen ereduak eta funtzionamenduak ezin izango du luzez iraun bere horretan. Aurreko ereduak bezain jasangarria ez da, eta etorriko den paradigma berriak arrisku handiak ditu euskararentzat, baina aukera handiak ere baditu.

Okzidenteko gizarteen eredu sozioekonomikoa eta kulturala petrolioaren menpe dago, erabat, eta baliabide energetiko eta natural (metalak, lur arraroak, fosforo, ura, etab.) ugari behar ditu. Baliabide horiek guztiak eta horien baliagarritasuna mugatuta daude munduan (eta are mugatuagoak dira Europan). Datozen urteotan, epe ertain edo motzean, bukatu egingo dira edo ezingo dira modu berdinean jaso eta garraiatu. Horrek gizartearen eredua eta gure bizimodua eraldatuko ditu.

Hori gutxi balitz, okzidentetik zabaldu den eredu ekonomiko hori oso kutsatzailea da, lurraren tenperaturaren igoera ekartzen du eta aniztasun biologikoa/bioaniztasuna kolokan jartzen ditu, gizakiaren espeziearen iraupena bera ere arriskuan jarriz.

Muga fisiko horiek eta eragin ekologiko horiek kontuan harturik, gure gizarteok krisi bortitza ezagutuko dutela aurreikusi daiteke. Gutxi aipatzen bada ere, gainbehera hasita dago. Europako kontsumo energetiko orokorra, esate baterako, jaisten hasita zegoen Ukrainako krisia hasi aurretik, eta gainbehera horrek ekonomien garapenaren jaitsierarekin lotura zuzena dauka. Garapen ekonomikoaren egoera energia-kontsumoaren analisitik eratorri baitaiteke gure gizarteetan. Beste adibide bat ematearren, aipa dezagun petrolio konbentzionalaren erauzketaren topea 2008an gertatu zela, adituek diotenez.

Inpaktu bortitza jasan nahi ez badugu, etortzen ari den aldaketarako prestatu behar dugu. Euskal Herriko, Europako eta munduko osaera demografikoan, ekonoteknikoan, politiko-operatiboan, psikosozialean eta soziokulturalean izango diren aldaketak aurreikustea erraza ez bada ere, eszenatoki diferenteak aurreikusi behar dira, moldatzeko aukera izan dezagun eta gure patuaren norabidean eraginik izan dezagun. Gizarte orokorrari dagokion ardura da. Euskaltzaleon ardura ere bada. Guri dagokigu gure izaera soziokulturala eta gure hizkuntza aldarrikatzea testuinguru horretan. Hizkuntza-ekologiaren alorrean dugun eskarmentuari esker, aukerak eta ideiak eskaini ditzakegu.

Gizartean izango den inpaktua dramatikoa izan daiteke aurretik prestatzen ez bagara, alegia, beharrezkoak diren neurriak eta politikak finkatzen eta aurrera eramaten ez badira. Neurri horietako batzuk gogorrak eta desatseginak izango dira, une batez behintzat, ohitura eta ikusmolde kultural eta sozial berriak barneratu arte.

Baliabide energetikoak eta naturalak erabiltzeko lehentasunak eta mugak ezarri beharko lirateke (eta ezinbestean ezarriko dira). Horrek eragin handia izango du gizartean. Zeri ematen diogun lehentasuna eta zeri ez zehaztu beharko dugu. Euskara lehentasun horien artean egongo al da? Nola? Zer arlotan?

Aurreikuspenik egin ezean, ordea, batere esku-hartzerik gabe geldituko gara, baliabideen pixkanaka-pixkanakako agortzeak eta kutsaduraren eta abarren ondorioak modu bortitzean nozituko ditugularik, ezer egiteko eta erabakitzeko aukerarik gabe.

Garaia da gure ereduaren mugak onartzeko eta beharrezkoak diren neurriak hartzen hasteko, gure arbasoentzat, guretzat, gure seme-alabentzat eta gure hizkuntzarentzat.

Lan hori, hasteko, gogoeta sakon, serio, eta, ahal den neurrian, baikor batekin hasi behar dugu, lurraren egoerari eta mugei buruz munduko adituek zer dioten kontuan hartuz alde batetik, eta euskararen plangintzaren eta politikaren alorretan dugun eskarmentuari so eginez, bestetik. Ahalik eta eraginkorrena izateko, kontsentsuan oinarritu behar da, anitza izan behar du eta menpekotasunik gabe izan behar du. Horregatik, botere eta indar politiko diferenteek gogoeta lan hori egiteko beharrezkoak diren baliabideak jartzea komeniko litzateke eta, ondoren, egoeraren larritasunaren neurriari egokitzen zaizkion erabakiak hartu beharko lirateke.

Kontsentsu ahalik eta handiena lortu beharko da, horretarako gizarteak ondo informatuta egon beharko du, botere ekonomiko eta politiko handien propaganda interesatutik ihes eginez. Alor guztietan lan egin behar da, zalantzarik gabe, giro positibo batean eta ilusioz!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.