Tere Maldonado.

Munduaren argia

2023ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Aspalditik erlijio katolikoaren sasi-ikasgaia ikaskuntza arautuan iruzur ikaragarria izan da. Laikotasunaren aldekoek behin eta berriz salatu dugunez, ageriko sekretua da erlijio katolikoko klaseetan, pelikulak ikusteaz aparte, ez dela ia lanik egiten. Oro har, eta modu harrigarri normalizatu eta onartuan, erlijio katolikoaren irakasgaian ez dira bete, inondik inora, hodeiko PDFetan gordetako programazioak. Baliteke salbuespenen bat egon izana, baina hori izan da:salbuespena.

Itunpeko ikastetxe pribatuen kuotekin gertatzen den legez, mundu guztia jakitun dago: erlijioko irakasleei ordaintzen dien administrazio publikoa, hautagaiak izendatzen dituzten gotzainak, horiek babesten dituzten sindikatuak, seme-alabak sasi-ikasgaian matrikulatzen dituzten gurasoak, ikastetxeetako zuzendaritzak eta klaustroak eta, jakina, ikasgaia hartzen duten ikasleak (baita hartzen ez dutenak ere). Pelikulak ikustea eta gutxi gehiago egite hori zerarekin batera doa: nota eskuzabal eta harrigarriro altuekin. Ez nabil asmakeriatan, edonori galdetu ahal diozue.

Batek itaundu ahalko luke, txundituta, zein interes izan dezakeen Elizak sasi-ikasgai horri eustean, beren irakasleek ez baitute ebanjelizatzen (eginbehar hori eduki arren), ezta ikasleek ikasten ere (eskubide hori eduki arren). Seguru asko, erlijioarengaur egungo izaerak zeresanik du bitxikeria honen zergatian, identitateen garaian nortasun-ikurra bilakatu baita erlijioa. Katolizismoaren kasuan hemen, gainera, boterearen muinean egon da luzaroan, eta jarraitzen du oraindik boteretik oso hurbil (goxo-goxo eta bero-bero bizi omen da agintetik gertu, normala ohitura hartzea). Katolizismoaren botere faktikoak, besteak beste, komunitatearen igarotze-errituak eta sarao sozial asko kudeatzen jarraitzen du, baita ondare handi samarra ere, nahiz eta bere gain ez hartu hezkuntza publikoko ebanjelizatzaile-entxufatuen soldaten ardura.

Baina, serio: nork sinesten du, gaur, Jaungoiko bakar batengan; aita guztiz ahaltsuan; zeru eta lurren, ageri diren eta ez diren gauza guztien egile; ustezko espiritu santu baten egitez Maria izeneko birjina batengandik jaioa (tira, ez bera zehazki: bere semea, «sortua, ez egina»); bere buruaz ego sum lux mundi («ni naiz munduaren argia») esaten duena? Agian kristau eskoletan jende askok, ez dakit hezkuntza publikoan ikasgaia ematen duten irakasleen artean ezta irakasgaia defendatzen duten sindikalisten artean zenbatek, baina badakit erlijio katolikoan matrikulatzen diren ikasle askok ez dutela inolako sinesmen ezta praktika erlijiosorik ere (eta ez dago euren planen artean sinesten hastea laster, benetan diotsuet).

Nolanahi ere, katolizismoaren irakasleak ez daude hor fede bat hedatzeko, ez testigantza emateko, ez jainkoaren hitzaren lekuko izateko, ez ustezko moral katolikoa transmititzeko. Zertarako daude hor, orduan? Erantzuna erraza eta bihurria da, aldi berean: hor daude hor egoteko. Zer lortzen du Elizak ikasgaia hor mantenduz? Horixe, hain zuzen: hor mantentzea. Pentsatu: dozenaka irakasle hezkuntza sistema publikoan, gotzaindegiak opari hori egin dielako, Missio Canonica delakoaren bidez. Eta ez bakarrik Espainia eta Vatikanoko estatuen arteko akordioek blindatutako erlijio ikasgaian: behin sistemaren barne, beste ikaskideekiko abantailarekin gainontzeko ikasgaietara pasatu ahal izan dira, Eusko Jaurlaritzaren adeitasunagatik. Gaineratu beharrik ez dago zerbait oparitzea oparia jasotzen duena zorpetzeko modu bat dela. Batek daki egunen batean zer beharko duten haiengandik. Jakina, zer beharko duen batak zein besteak, Elizak zein Jaurlaritzak (Jaurlaritzako Alderdiak, zehazki esateko).

Momentuz, ez gara sasi-ikasgai hau desagerrarazteko gai izan, «arrazoiak eman eta jaso» ez da nahikoa ostiak banatzen dituenaren aurrean, txiste txarra barkatzen badidazue. Baina egia izaten jarraitzen du erlijio-dotrinak ez lukeela irakaskuntza arautuaren barru egon behar. Alderantziz, mozorroa kenduta, katekesi izena onartu beharko luke eta eskola-orduetatik kanpo lekurik bilatu, behingoz ebanjelizatzeari ekiten hasteko. Bide batez, faborez, Elizaren beraren higiezinetan izan dadila, eraikin asko baititu, batez ere immatrikulazioen lapurreta armatuaren ondoren (nola jasaten dugu honelako adarjotze erraldoia?).

Aurrekoari xehetasun txiki eta kezkagarri bat gehitu behar zaio: azken urteetan sasi-ikasgai honen berezko estiloa orokortu izana. Gaur, ikasgai asko elkarren aurkako lehian daude Bigarren Hezkuntzan. Horietako ikasgai bat emateko, ikasleek aukeratu behar dute. Gainerakoa erraz ondoriozta daiteke: ikasleek zailtasunik txikiena ere topatzeak, gutxieneko ahalegina egin behar izateak eta lehenetsita nota oso altuak ez lortzeak... matrikulen kopurua jaistea ekarriko luke halabeharrez. Horregatik, gero eta trending-agoa da irakasgaiak edukiz hustea, kartoi mehetan marraztea, asko jolastea eta nota altuak jartzea.

Hori guztia gutxi balitz bezala, hara hor Hezkuntza Legea koadroa osatu eta borobiltzeko (zinez, zirkuluaren koadraturaren adibide ezin hobea!). Erlijioko sasi-irakasleek gero eta erosoago sentitu behar dute ebaluazio saioetan (baldin eta inoiz deseroso sentitu badira, noski). Jada eurak ez dira bakarrak eduki gutxi landu (irakatsi aditza gero eta gutxiago erabiltzen da hezkuntzan) eta nota altuak ipintzen dituztenak. Horixe, bada: bidea markatuta daukagu (iruzurra orokortzeko bidea, diot), argia jarraitu besterik ez dugu egin behar. Lux mundi eta lux docendi ere bai!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.