Gutako batzuk hemen jaio ginen, zoriak erabaki zuen populazioaren %11 honen parte izango ginela. Beste batzuek erabaki genuen landatarrak izatea, eta lurraldearen %89an bizitzea. Denok onartu dugu hemen bizitzeak aparteko zailtasunak dituela, administraziotik ez dutela indar berezirik jarriko hona zerbitzu publikoak ekarri eta behar bezala mantentzeko, nola bada, biztanleen %11 baino ez gara eta! Guk lurra baino ez dugu. Lurra eta ortzi-muga, mendi-magalak eta tontorrak, errekastoak eta itsasoa. Komunitateak osatu ditugu, kontzejuz kontzeju eta auzoz auzo, eta ditugun euskarri horiekin bizitzen asmatzen saiatzen gara. Egunero ahalegintzen gara, gure bizi-proiektuekin, antolaketa xume honetatik pertsona guztientzako alternatiba bizigarriak eskaintzen, txikitik komunitatearentzat, bere altzoan hartu gaituen lurra zainduz.
Landa-eremuan bizi garenok horixe gara: lurra, ortzi-muga, mendi-magalak, tontorrak, errekastoak eta itsasoa. Eta horietan guztietan sar daitekeen guztiak —sar daitezkeen guztiek— ere egiten gaitu. Hots, haiek gabe, gu ez gara. Horregatik, Joseba Sarrionandiaren hitzak egiten ditugu gureak: «Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak».
Nekeziak handia behar du, izugarria, inork bere sorterria, munduan duen lekua, uzteko. Landa-eremuan erbestea ez da berria, gure arbasoek sufritu egin zuten eta, harrezkero, odolusteak ez du etenik. Etorkizuna han omen zegoen —dago—, bestaldean, lurraldearen %11n, errepideak eta trenbideak hasten eta bukatzen diren lekuetan.
Sinetsi hemen ez zegoela ezer eta hiri-eremuan dena zegoela; hau hilda, eta han, bizitza. Pandemia batek erakutsi zigun gureak balio zuela, gu egiten gaituzten horiek gozamenerako elementuak izateaz gain, ezinbesteko arnasguneak ere badirela. Gure lana inoiz baino oinarrizkoagoa zen, ez baitzegoen kanpotik janaria eskuratzerik, jendarte oso baten presioak ekarri zuen azoken debekuak bi egunez bakarrik irautea. Haizeak horiek guztiak eraman ote dituen beldur gara.
Hainbat administraziotako agintaritzaren aldizkariak hartzea baino ez dago irakurtzeko makroproiektu energetikoen —eta bestelakoen— kokapen egokia landa-eremua dela, besteak beste, pertsona gutxi bizi garelako, eta, beraz, jendartean izango duen inpaktua txikia —hortaz, onargarria— dela. Sakrifizio eremuaz ari dira. Sakrifikagarriak diren lurraldeez. Sakrifikagarriak diren pertsonez. Gutaz ari dira paper ofizialetan. Baita zutaz ere, hiri-eremuan bizi zaren hori.
Izan ere, bi eremuak, nahitaez, elkarren osagarriak dira —beste kontu bat da zer-nolako botere-harremana eraiki den—. Leihoa irekitzean ikusten ditugunak, zu jabetu ala ez, zure parte ere badira. Bailara edo mendi-kasko hauen existentziaren berri izan gabe. Are gehiago, agian, sukaldean dituzun hainbat jaki hemen sortu dira eta gure eskuetatik pasa, izan animalia ala begetala.
Ogirik izango al dugu galsoroak eguzki-plakaz estaliz gero? Zereala ereiteko edo negurako belarrak ontzeko sailak estaltzekotan, izango al da hemengo animaliek jateko? Hala ez balitz, nondik esnea eta okela? Eguzki-plaken artean erremolatxa landatzerik ez bada, azukrerik ere ez?
Haize erroten eta goi-tentsioko lineen instalazioek berez dakartzaten aldaketek —leherketak, lur-mugimenduak, iturburuen desagerpenak...— zer-nolako eragina izango dute mendiko abeltzaintzan?
0km leloak betetzen ditu iragarkiak, dena da bertakoa —ia dena ekologikoa edo—, baina errealitateak erakusten digu, kontserba pote batzuetan bezala, letra txikia irakurri behar dela, eta kilometroak, askotan, Bilboko portuan hasten direla zenbatzen.
Nola, bestela, ulertu administrazioek hainbesteko gogoa izatea edozein ozeanoren bestaldeko herrialdeekin merkataritza-itunak sinatzeko? Hemendik teknologia, makina-erreminta eta trenak esportatu, eta trukean hango elikagaiak ekarri, prezioan.
Burujabetza larrialdi egoeretako kontzeptu gisa ulertzen da, merkatuek puztutako burbuilak eztanda egindakoan erabiltzeko. Burujabetza hustu egin dute, eta komenentziaz erabili; burugabetza bilakatzeraino. Horren adibideak dira haragi sintetikoa ekoizteko laborategientzako dirulaguntzak eta babes instituzionala. Horrenak, negutegi hidroponikoak. Horren adibideak dira aurreikusita dauden makroproiektuak.
Zaila da burujabetza kontzeptua bere osotasunean ulertzea Donostian haragia laborategi batean sortzeko Biotech Foods multinazional brasildarraren —Bolsonarorekin harreman estua duena— eskutik etortzen denean. Are zailagoa teknologia eta jakintza guztia kapital pribatuaren eskuetan dagoenean; eta oso larria, kontuan hartzen badugu diru publikoa jaso duela EAEko, Espainiako eta Europar Batasuneko funtsetatik.
Tomateekin, antzerako. Kasu honetan, Hispalus multinazionalak —Cultivos Araba S.L. izenez erregistratuta— Tuestan, hogei hektarea negutegi eraikitzeko dirulaguntza publikoak jasotzen dituenean —hasiera batean bost izango dira—. Eroskin salduko dira tomateak momentuz; gerora, Frantziara.
Instalazio elektriko industrialei dagokienez, beste hainbeste: diru eta babes instituzional osoa. Ad hoc egindako legeak eta arauak, multinazional energetikoen segurtasun ekonomikoari begirakoak, betiere. Dena IBEX 35ean kotizatzen duen Red Eléctrica de Españaren eta oligopolio elektrikoaren mesedetan.
Egoera ikusita, edozeinek esango luke hemendik bota nahi gaituztela, ez dutela lurraldean gauzatzen ari den kolonialismo energetikoa-ren saiakeraren lekukorik nahi, ezta lurra defendituko duen herririk ere.
Galderak ere badatozkigu, batzuentzat xaloak izan daitezkeenak, baina pertsona guztiontzat ezinbestekoak, munduan dugun lekua zein den jakiteko.
Nor geldituko da herrixka eta mendietan leihoak erakusten diguna beltza bada? Nork begiratuko dio tontorretako barroteen atzean geratuko den ortzi-mugari? Herri honen elikadura, ondare naturala eta kulturala multinazionalen eskuetan jarri behar baditugu, zertarako gaude gu? Zertarako daude esku hauek? Zertarako, belaunaldiz belaunaldi transmititu den jakinduria?
Zer zentzu daukate egiten gaituzten lurrak eta ortzi-mugak, mendi-magalek eta tontorrek, errekastoek eta itsasoak?
Hemendik esperantza arnastea zaila bada ere, ez dugu besterik. Munduan dugun lekua hauxe da, ez dugu besterik. Poetak zioena dugu bihotzean: «Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak».
Horregatik bat egingo dugu apirilaren 13an EH Bizirik sareak, Azpeitian, antolatu duen mobilizazio egunarekin.