Idazle baten heriotzak, erakargarri zaigunean, askotan bere obra errepasatzera edo lehen aldiz irakurtzera eramaten gaitu. Eduardo Galeanoren Patas arriba. La escuela del mundo al revés hartu dut, 1998an bukatua eta argitaratua; munduan gertatzen ari diren hainbat zentzugabekeria eta aldrebeskeriaren —izenburua ez dator debalde— berri ematen digu notarioa balitz bezala, eta zentzu beteko gogoetekin hornitzen. Bere estilo bereziaz, egungo munduari kritika sozial gordina egiten dio, baina etsipen edo fatalismoan erori gabe, bere esaldiak giza-duintasunean errotzen den bitalismo sendo batek zeharkatzen ditu. Saiakerak kazetari lana eta poesiaren arteko koktel arina eta esanahiz beterikoa osatzen du.
Nahi nuke Galeanok agertzen duen mundua, ematen dituen ebidentziak, ateratzen dituen ondorioak, gezur hutsak izatea. Nahi nuke. Edo gutxienez, lan horrezkeroztik igaro diren hamazazpi urteetan munduak beste ildo bat hartu duela sinesteko aztarnak hautemateko gai izatea; bertan aipatzen diren joera eta paradigma suntsitzaileak beste gizatiarrago batzuk ordezkatzen ari direneko aztarnak. Nahi nuke.
Zoritxarrez, ordea, Latinoamerikako begiekin idatzia den lan hau, gaur, Europan eta gure inguruan gertatzen ari denarekin, hobeto ulertzeko gai garela esango nuke. Urrunak zitzaizkigun esperientziak hurbiletik bizitzen ari gara orain. Eta beldur naiz, uruguaitarraren oinordetza hartuz idazle aktibistaren batek liburuaren bigarren emanaldia osatuko balu, datuak eta gertaerak eguneratuz, susmoa dut egingo zigukeen argazkia oraindik ere erdiragarriagoa izango zela.
Galeanoren lan bikainak egungo errealitatea ulertzen laguntzen du, eta ez du, tamalez, gaurkotasun pitinik galdu. Alderantziz. «Geroz eta langabe gehiago dago munduan», zioen; «Europan badira oraindik langabeen patua arintzen dituzten laguntzak, baina lau gaztetatik batek ez du lan finkorik lortzen. Azken mende laurdenean Europan beltzean egiten den lana hirukoiztu egin da». Zein ote egungo datuak? Hobeak ez. «Hamar langiletik bakarrak dauka lan finkoa, eta lanaldi osokoa, Ipar Amerikako bostehun enpresa handienetan». Eta ondorioztatzen du: «Historia bi mendeko jauzia egiten ari da, baina atzeraka: gaurko munduan, langile gehienek ez dute laneko egonkortasunik ezta kaleratzeagatiko kalte-ordain eskubiderik; eta laneko segurtasunik ezak soldatak amiltzen ditu». 1998. urtean, gurean zabalkunde ekonomikoko garaia bizi genuen, eta egoera hartatik, baieztapen hau urrunekoa gertatuko zitzaigun, apika: baliteke munduan egia izatea, baina gure inguruko munduan ez zen hala. Gaur, berriz, adierazpenarekin bat etortzea oso erraza da. «Hamar iparramerikarretatik sei duela mende laurdena baino soldata baxuagoak jasotzen ari dira, nahiz eta hogeita bost urte horietan Estatu Batuetako ekonomia ehuneko berrogei hazi den. […] Hala ere, milaka mexikarrek bizitza arriskuan jartzen dute mugaren ibaia zeharkatuz beste bizitza baten bila. Bi hamarkadetan Estatu Batuetako eta Mexikoko soldaten arteko aldea bikoiztu egin da. Aldea laukoa zen; orain, zortzikoa.» Pentsa liteke herrialde aberatsenetan gertatzen den lanaren prekarizazio eta soldaten amiltzeak herrialde txiroagoetan konpentsazioa aurkitzea. Baina ez, datuek ez dute hori erakusten. «Enpleguaren prekaritatea, langabezia, eta ondoriozko soldaten krisia, unibertsalak dira, gripea lez […] Gainera lanaldiak areagotu egin dira Estatu Batuetan, Kanadan eta Japonian. […] Iraultza teknologikoak ekarritako produktibitatearen hazkunde harrigarria ez da bilakatu soldaten igoera proportzionalean, baina ez hori bakarrik, teknologia handieneko herrialdeetan ez ditu sikiera lanorduak murriztu ere.» Lagintxo bat besterik ez, liburuaren gaurkotasuna agerian jartzeko.
Gauzak aldrebes egiten ari garela ohartzen hasiko ahal gara noizbait. Dio Galeanok Europako ekialdeko herrialdeetan «harri bihurturiko botere hura jendearengandik dibortziatuta zegoela». Eta horrek azal dezakeela, beharbada, zeinen erraz erori zen, «sin pena ni gloria» —dio— eta zeinen azkar ezarri zen botere berria, pertsonaia berberekin. Botere eta jendearen arteko dibortzioaren adierazpen honek atentzioa eman dit. Gauden sistema honetan, agintari eta herritarren artean dibortzioa ere nabarmena da. Sistemaren interes handiak defendatzen dituztenak, enpresa handi-handien gailurretatik zein agintaritza publikoetatik, batetik, eta munduko biztanleria, bestetik. Baina, zoritxarrez, sistemaren logikak gure jokabideek ere elikatzen dituztela badakigu, sistemak subjektibotasunak inbaditu dituela. Hainbat egilek oldoztu dute horren inguruan. Sistemak sendoegi eta kameleonikoegia dirudi erortzeko. Botere handiekiko arrotz sentitzea ez da zaila, baina geure jokabideetatik dibortziatzea ez da ez lan makala. Urratsak egiten ahal ditugu, zenbait jokabide baztertu, beste zenbait hobetsi, baina, banako bezala, erabateko sistemarekiko dibortzioa ezinezko ekina baino ez da.
Joko-taula aldatu behar dugu; gauden bezala, bere taulan jokatuz, partida sistemak irabazten digu beti. Kokaleku arras desberdinetatik zenbait egile egiten ari diren planteamenduak komunean eduki lezakete paradigma berrien bilaketa, joko-taula aldatzea. Pribatua edota merkatua eta publikoa edota estatua dikotomia gaindituz, beste esparru zabal eta garrantzitsu bat landu beharraz ohartarazten gaituzte: Komuna, komunitatea, herritarra erdigunean, partaidetza, kudeaketa hurbila... Nork berari dagokion kontuetan kudeatzeko ahalmena, komuna den horretan erkide diren besteekin batera, botere handi burokratizatzaile eta hierarkizatzaileetatik aldenduz, izan pribatua, izan publikoa. Banakoaren ekimenaren aldarria, pribatua edo zibila, enpresa handiaren ekimenak banakoarena irentsi duen honetan. Mintzbergen hitzetan, «When the enterprises are free, the people are not» (Enpresak aske direnean, jendea ez da).
Udako beroaldi eta noizbehinkako zaparraden artean ideia hauekin nabil, konponbiderik gabeko azaltzen zaigun mundu honetan, sikiera gauzak ulertu eta zentzu apur bat aurkitu nahian, joko-taula nola aldatuko, sistemarekiko dibortzioa nola gauzatuko...
Mundua oraindik hankaz gorago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu