Mundu osoko zibererasoa, GNU/Linux eta software librea

2017ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Duela egun batzuk zibereraso bat izan dugu munduan: 159 herrialdetako baino gehiagotako osasun etxe, enpresa eta erakundeei erasan die. Hor ibili dira loak ezin harturik, gau eta egun, hainbat IKT zerbitzuetako zuzendaritzako langileak. Gauzen Interneten garaia deitzen diogun honetan, auto ordenagailudunak ditugun honetan, eta bizi pribatua gero eta teknologiko bihurtzen ari zaigun honetan —tarteka, cyborg izateraino gizaki bainoago—, agerikoa da softwarearen gero eta mendekoago garela.

Oraingo honetan, Wanna Cry (Negar egin nahi dut) izena du programa gaiztoaren dosiak, eta Windows sistema eragilearen hainbat bertsiotako ekipamenduei erasaten die; ordenagailuz ordenagailu hedatzen da haien ahulguneak baliatuta, baldin eta ez badute instalatua Microsoftek martxoaren erdialdera argitaratu zuen adabaki bat.

Eta galdera bat bururatu zaigu: ez badie erasan GNU/Linux edo macOS sistemako ekipamendu guztiei, horrek zer esan nahi du, etorkizunean ere erabat salbu egongo garela Windowsik ez badugu? Bada, ez. Segurtasuna prozesu bat da, ez produktu amaitu bat, eta ezinezkoa da %100 bermatzea; programetan, segurtasun akatsak aurkitzen dituzte tarteka, eta, zulo bat aurkitzen duten bakoitzean—onek zein txarrek—, horrekiko kaltebera gertatzea bi denbora motaren araberakoa izan ohi da hein handi batean: zenbat denbora ematen duten zulo hori konpontzeko adabaki edo kode bat sortzen, eta zenbat denbora behar izaten duten gero hori ezartzen ustez erasana izan den ekipamendu batean.

Azter dezagun iturburu koderako sarbide unibertsalaren faktorea, zeina software libreko lizentzien ezaugarria baita. Hauxe da kontua: begi gehiagok baldin badute kodea irakurri, akatsak aurkitu —onerako zein txarrerako— eta gero zuzentzeko modua, horrek alde jakin baterantz lerrarazten al du balantza? Bada, ez. Nolabait ere, programa bakoitzaren atzean dagoen erakundeak duen jarduera mailaren araberakoa da dena, erakunde hori enpresa bat nahiz norbanako bat izan; baita, zehazkiago, kodea hobetzen eta bertsio berri zuzenduak argitaratzen ematen duen denboraren araberakoa ere. Eta gero bertsio horiek postu kalteberetan instalatu beharko dituzte.

Premisa horietatik abiaturik ere, azter dezagun zergatik duten arrisku txikiagoa GNU/Linux eta OS X sistemako ekipamenduek: lehenik, sistema horientzako software kaltegarriak egonagatik ere, orain artean askoz ere gutxiago erasan izan diete, hedatu eta kaltegarriak izan zaizkien ahulguneen inguruko estatistika enpirikoen argitan. Izan ere, batetik, halakoak erabiltzea ez dagoenez hain hedatua, cracker-ek nahiago izaten dute eragin potentzial handiagoko plataformetan zentratu; baina, bestetik —arrazoi ez batere zokoragarria—, Linux eta Unisen sistema —Windowsena ez bezala— arkitektura jakin batean oinarritu izan da duela berrogei urte baino lehenagotik ere: pieza txiki autonomoz osatutako sistemak dira, eta pieza horiek ez dute elkarrekiko mendekotasun erabatekorik, ez behintzat sistemaren parte batek huts eginez gero gainerako guztiei ere erasaterainokorik.

Bada beste argudio esanguratsu bat ere GNU/Linuxek Windows eta macOs programa itxien aldean ematen duen segurtasun hori arrazoitzeko: sistema eragile horren banaketan ezin pentsatuzkoa litzatekeela fabrikatzaileak diseinaturiko software batek ezkutuko funtzio gaizto batzuk egin ahal izatea —hala nola urrutitik kontrolatzea, datuak baimenik gabe eskualdatzea—, berehala detektatu eta zuzenduko bailitzateke.

Nolanahi ere, gaur-gaurkoz, harrigarria bezain tristea da —Wanna Cry— erakunde eta administrazio publikoek oro har halako geldikeriaz jokatzea, benetan software librearen alde egin ordez eskuarki, eta GNU/Linuxen alde partikularki, eta horretarako behar diren plan estrategiko berariazkoak diseinatu eta baliabide egokiak eman ordez.

Alternatiba komenigarria da, segurtasun faktoreagatik eta, modu zabalagoan, subiranotasun teknologikoagatik, zeinak beste batekiko mendekotasun teknologikoa eragozten baitu. Softwarea aberastasun iturri oparoa da, eta ez da kasualitatea hortik eratorria izatea planetako zazpi pertsona aberatsenetatik laugarrenaren fortuna. Pixkanaka software librera migratzeak, berriz, ondorio onuragarriak ekarriko lizkioke bai luze gabe eta bai luzera begira tokian tokiko eskualde bakoitzari; izan ere, kapital fluxuen mugimendua aldaraziko luke, eta, kanpoko multinazionaletarantz jo beharrean zerga txikiak ordaintzen dituzten herrialdeen bidez —Irlanda, esaterako—, enplegu aukera handiagoak erakarriko lituzke tokian-tokian, eta aberastasuna ere modu horizontalagoan banatuko luke maila globalean.

Azkenik, bada beste arrazoi bat software librearen alde egiteko, maiuskulaz: aberastasun komun bat izatea (commons), eta ezagutza lanabes ireki bat, unibertsala, Wikipediaren antzera; bai eta geroak bide bakar bat eskaintzea ere etorkizuneko belaunaldiei: etengabeko hobekuntza.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.