Egungo mundu globalaren ezaugarri suntsitzaileek, gerrateek, bidegabekeria ekologiko eta sozialek, etorkizunaren irudikapen apokaliptikoa iragartzen dute planetaren edozelako lekuan bizi garela ere. Mehatxu nuklearraren oihartzunek zer esan, are eta gehiago barreiatzen dute ikara eta egonezinaren artegatasuna, eta bitartean politikariek berekoikeriaz kudeatzen dute jendarte pairamena, hainbat komunikabideren laguntza mediatikoaz, biziera eredu agortuaren hezurdura ozenki jariatuz. Hezurdura horrek kalkulu ekonomikoa eta errentagarritasuna goratzen ditu, ordaina edozein delarik ere (hilketak, masakreak), boterea eta ekonomiaren lehia guztiaren gainetik jartzeko eta gizatiarron bizitza gero, botere lehiaren ondorena bailitzan. Muturreko neoliberalismoak ustiatzen duen zorigaitzaren aurpegia da.
Muturrera eramandako eredu neoliberalaren patroi zibilizatorioaren krisiak erakusten duen ageriko sintoma dugu esandakoa, gerrateak suspertu eta bizitzen akabatzea ez ezik, lotura sozialaren hausturak, indibidualizazioak, lan merkatuen prekarizazio basatiak, biziera duina izateko eskubideen urraketak, agortutako biziera eredu baten bizi ezina erakusten ari direnak. Gaurko munduaren bizi ezin horrek eraldaketa antropologikoaren beharra duela sumatzen dugu: egungo gizakiaren hezurdura emozional berri oso bat ekoizteko beharrez, herriek eta pertsonek sakoneko izaeran duten bizi gogoarekin lotuagoa, guztiontzako mundu bizigarriagoaren baldintzak birsortu eta ahalbidetzetik gertuago egongo dena.
Hori horrela izanda ere, bizi ezinaren sentiera herritar askoren artean hain hedatua egin zaigunean, esango nuke kolapsatzera ekarri gaituen sistemaren bizi eredu bertsuari atxiki nahi gatzaizkiola sutsuki orobat, hazkuntzaren gurpil zoroaren abiada leheneratzeko ahalegin itsuan; kontraesan hori denok luzaroan harrapaturik izan gaituen nortasun neoliberalaren ondorioa baino ez da. Hona hemen bere paradoxa: nortasun neoliberala hazkuntzaren gurpil zoroa leheneratzeko nahiak bizi du, baina aldi berean ez du onartzen deshazkuntza derrigortuaren argaltzeko metabolismoa; bestela bizitzen berrikasi beharra arrotza egiten zaio.
Hara, bizi dugun mundueraren etorkizuna ilunago izango da egitate hori onartu ezean, okerrera eta txarrera egingo dugulako; eta horrekin batera, gizatasunaren bertuteaz gabetutako biziera abiada bizian galtzear izango dugulako.
Zientziaren bertute orojakileek eta diruz egindako iragarpen askatzaileek bizi garen eredu merkantilistaren nagusikeria berretsi baino egiten ez dutenean, bahituta gaituen eredu neoliberalaren logika ulertzea berebizikoa da, izan ere, gure bizitzen esparru guztiak xurgatzen baititu, izan osasuna, hezkuntza, gizarte bizitzaren harreman efimero edo trantsazionalak... dirua eta jendarteen hiper-teknologizazioan oinarritzen dira guztiak.
Hiper-teknologizazioaren bulkada geraezinak kapitalismo digitala indartzen du, eta kapitalismo digitalak hiper-teknologizazioa bultzatzen. Eskutik doaz biak. Elite finantzieroen gidaritzapean, jendarte digitalizatuak, gizartean egoteko eta bizitzeko aurretiko moduen suntsipena ere badakar, biziera duina izateko eskubide urraketan kalte sakona eragin lezake.
Askatasunaren izenean egindako aurrerabide hiper-teknologizatuaren zantzuetan, adimen artifizialaren nagusigoa, giza robotizazioa, gizaki-Cyborra, garun erreplika, mikrotxipen azal azpiko erabilera, eta batez ere algoritmoen agintekeria inposatzen da, norbanakoen bizi esperientzien eremuari lapurtutako nortasunen desjabetzea dakartela. Egin daigun kontu, aurrerabidearen izenean zelatatze handienaren morrontzapean bizi garela honezkero eta bizi esperientzien bahiketa, oharkabean egin eta gero, gelditzeko etorri den bizi baldintzen osagilea dela: norbere datu, zaletasun, pentsaera eta nahiak bahitzen dituen biziera ereduarekiko morrontza sortuz. Egungo ume jaio berria pantaila aurreko kontsumitzaile izateko kondenarekin jaioko balitz bezala.
Silicon Valley eta Wall Streeteko aberatsak arrakasta handiz barreiatzen ari dira giza ondorengo baterako kredo berria: fede horren arabera, gizakiak eta gizarte guztiek garapen digitalaren utopia sinetsi beharko lukete, iritsiko da eguna non merkatu libreak eta garapen teknologiko mugagabeak gizarte arazo guztiak konponduz hiritartasun berriaren zoriontasuna eskuetara salduko duen. Kredo berriaren muinean, ekonomia digitalak gobernatuko duen mundu hiper-teknologizatuaren onespen eta bedeinkazio absolutua ematea da norbanakoari exijituko zaiona.
Munduera globalaren garapen ereduaren pitzadurak ez ditu merkatuak edo teknologia aurrerabideak konponduko; zientziak salbatuko gaituen ideia antzua irauli eta auzia borroka politikoan jokatzen dela da lehena. Homogeneizazio masiboaren aurrean txikitik eta bertakotik artikulatzeko ahalmena dago jokoan, giza kapital hori da herri txikien altxorrik ahaltsuena, hots: bertakotasuna eta burujabetza indartzeko daukagun urgentzia eta betebeharra.
Globalaren aurrean birtokiratzeko ahalmena gauzatuko bada, egin ahal izango da nortasun neoliberalak deseraikiz; edo biak batera, batak bestea dakarrenez. Tokian tokikotasuna artikulatuz, kontsumo mugagabea ez, baizik soiltasunaren aukera egiten duen herritarra heziz eta bertoko baliabideak ustiatuz, nekazaritzakoak izan edo teknologia burujabea izan, tokian tokiko bertokotasuna ezagutu eta estimatuz.
Esandakoen aurrean, birtokiratzean datza lurraldeak globaltasunaren gaitzei erantzuteko heldulekurik kartsuena, komunitate txikien ahalduntzea etorkizun berri bat berreraikitzeko abagune eta indar ahaltsuena baita, aritzeko norabide bat. Burujabetza indartzeko neurri politiko, ekonomiko eta sozialak suspertzeko garaian gaude, tokian tokikoaren aukera lehenetsita, beste biderik ez dago: burujabetzan aurrera egin eta herri txikien eraikuntzaren logika areagotu mundua guretik berrasmatu eta berridazteko.
Mundu globalaren gaitzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu