Antolakundeen aholkularia

Mugi gaitezen ekonomia alternatibo baterantz

2024ko urriaren 30a
05:00
Entzun

Ekonomia giza premiei erantzuteko baliabideak eta lana antolatzeko sistema da. Ez da beharbada burura etorriko zaigun ekonomiaren lehen definizioa, baina uste dut ez duzuela zalantzan jarriko zentzua duela. Adibidez, garapen ekonomikoaz hitz egiten dugunean, giza beharrei erantzun hobea emateari eta hobeto bizitzeari egin beharko genioke erreferentzia.  

Ezin dugu gizarte bat, mundu bat, pentsatu bere sistema ekonomikoan pentsatu gabe. Era berean, ekonomia hainbat eskalatan pentsatu eta aztertzen dugu: globala, eskualdekoa, komunitate mailakoa, antolakundearena, familiakoa, norbanakoarena, eta abar. Sistema ekonomiko bat –edozein delarik eskala– etikoki ebaluatzeko orduan, kontuan hartu beharko genuke nola erantzuten dien sistemaren barneko premiei, eta, halaber, beste guztian zein eragin duen bere jarduerak eta ereduak. Adibidez, sistemaren mugak gainditzen dituzten injustizia patriarkalak edo kolonialak azaleratu, edo beste muturrean, aurrerapen feministak edo dekolonialak azaleratu.

Batzuetan ahaztu egiten dugu ekonomiaren zentzu etiko hori, eta ekonomiarekin zerikusia duen guztia kritikatzen dugu. Onartzen dut kritikoak izan behar dugula, baina betiere gizartearen antolaketak irizpide ekonomikoei erantzun behar diela kontziente izanik. Horretarako, adierazle eta irizpide ekonomikoak beste era batera formulatu beharra dugu, horien bidez aztertu eta ebaluatu ahal izateko barneko premiei ematen zaien erantzuna, kanporatutako inpaktuak eta, jakina, efizientzia. 

Kontu oso konplexua da hau eta ohar moduan aipatzen dut hemen, ekonomiaren eraldaketan aurrera egiteko askoz gehiago lan egin behar den gauzen zerrendarako. Orain badirudi, batez ere, zentzugabekeriak, bidegabekeriak eta ezintasunak justifikatzeko balio duela ekonomiak.

Izan ere, ekonomiaren zentzu etikoa ahaztea, eta horren ondoriozko gaitzespena ere, naturala da, egungo testuingurua markatzen eta zeharkatzen duten logiketan giza beharrak lehen mailan jartzen ez dituzten ekonomia antolatzeko eta enpresa egiteko moduak ezartzen baitira.

Dena jaten duen, eta ingurune naturala, bizimodu bizigarriak eta lotura komunitarioak suntsitzen dituen munstro handi gisa azaldu dute hainbat intelektualek gure sistema ekonomikoa. Gaur egungo sistema kapitalista globalak dena irensteko gaitasuna du, hartzen diren ia erabaki guztiek, asmo onekoak direnak ere barne, munstroa elikatzea eta haren logikak indartzea eragiten duelarik. 

Sistema ekonomikoa egunero ari da modelatzen, mikro eraldatzen, milaka eta milaka erabakiren bidez. Gure lanean eta lanbideetan hartzen ditugunak, adibidez. Baita erabiltzaile eta kontsumitzaile gisa ere. Edo ez erabiltzaile edo ez kontsumitzaile gisa ere. Antolakundeetan egiten diren apustuen bidez, zer jarduera garatuko den, zer premia beteko diren eta nola, edota negozio- eta finantzaketa-eredua zein den erabakitzeko orduan. Politika publikoei buruzko erabaki bakoitzaren bidez (diseinuari dagozkionak zein egikaritzeari dagozkionak): jartzen diren mugei buruz, zer saritzen eta sustatzen den, zer debekatzen eta zigortzen den, zer eskubide unibertsalizatzen diren, nola finantzatzen diren eta nola babesten eta hornitzen diren eskubide horien bermea gauzatzen duten ondasun eta zerbitzuak. Erabaki horien guztien konkrezioak eta elkarrekintzak sistema eraldatzen du.

Ezin gara sistematik kanpo kokatu. Alternatiba ekonomiko bati buruz hitz egiten dugunean, ez gara ari, beraz, sistematik kanpo alternatiba bat sortzeaz. Kontua da, gure agentzia-ahalmena dugun tokian erabiltzea. Ez uztea inertziek eta erantzun errazek gida gaitzaten. Oso argi dugunaren alde eta ezagutza eta esperientzia handia dugun horretan borrokatzen saiatzea. Errealitatean zer gertatzen ari den bistatik ez galtzea. Estali gabeko premiak eta arazoak aztertzea. Aukerak aztertzea. Une honetan zein eragile eta zein logikatan ari diren aztertzea. Benetako alternatibak, bideragarriak, biziak, errealitateari itsatsiak aztertzea. Zeri ekingo diogun aukeratzea eta den-denari aurre egiteko asmoa baztertzea.  

Gauzak beste era batera egin ditzakegu, nagusi diren logiken aurrean desberdinak diren mikro alternatibak sortuz, modu kontzientean bestelako logika batzuetan oinarriturik, eta horiek posible eginik, eta horrela beste sare eta interkonexio batzuk elikatuko direlarik bestelako egiteko modu batzuekin. 

Antolakunde asko, batez ere Ekonomia Sozial eta Solidarioari lotutakoak, ahalegin handia egiten ari dira beste logika batzuei erantzuteko, eta elkarrizketarako eta gogoetarako gune partekatuak behar dituzte batak bestearengandik ikasteko eta enpresa eta antolakundea egiteko moduak kolektiboki aztertzeko, nagusi den sistemak bultzatzen gaituenaz bestelako logiketan. 

Enpresetan eta antolakundeetan potentzial eraldatzaile handia dago. Kritikatzen dugun testuinguru berean txertaturik dauden eragile ekonomikoak dira, baina eragiteko tartea dute. Izan ere, keinu bakoitzarekin, saiakera bakoitzarekin, lorpen bakoitzarekin, egingarrien errepertorioa elikatu eta haztea da kontua (Marina Garcés-i hartu diot esamolde hau, repertori de possibles bere ahotan). Eta zentzuzko ekonomia, justiziara eta talde-potentzialaren garapenera bideratua, garatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.