Mugak Zabalduz: errege magoak, gerrak eta Euskal Herria

Miriam Diaz de Tuesta, eta Mikel Alvarez
2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Errege magoak ekialdetik datozela txikitatik kontatu digute; gerrak soilik ekialdean gertatzen direlako kontakizunarekin hazi izan gara betidanik; eta gaur egun, behin eta berriro errepikatzen digute Euskal Herriak ez duela zerikusirik Ekialde Hurbilean izaten ari diren eraso inperialistekin. Errege magoak, gerrak eta gure herria. Nobela baten izenburua izan liteke, baina, ez, bizi dugun errealitate gordinaren isla besterik ez da.

Euskal Herritarrok, ordea, ez gaude prest beste alde batera begiratzeko eta ezer gertatzen egongo ez balitz bezala geldirik egoteko. Ez dugu ahaztu nahi orain dela hamarkada batzuk euskaldun ugarik ere, goseak jota, beste herrialde batzuetara migratu behar izan zutela, gudatik ihes egin behar izan zutela, euskaldun asko ere errefuxiatuak izan zirela eta badirela oraindik ere.

Gaizki deituriko «errefuxiatuen krisi» hau hasi zenetik milioika pertsonak beraien herrialdeak utzi behar izan dituzte arrazoi ezberdinengatik, ekonomiko, politiko edota klimatikoak direla medio, hain zuzen ere. «Errefuxiatuen krisi» gisa kontzeptualizatzen dugunean, atzean dauden ardura politikoak ezkutatzeko arriskuan erori gaitezke. Errefuxiatuak dira, hain zuzen ere, gutxi batzuen pribilegioen eta etekinen alde abiaturiko gerra hauen aurpegirik krudel eta latzena. Errefuxiatuak dira, gure barnera begiratzera behartu eta herri gisa, gure posizioa berrikustera bultzatu gaituztenak.

Kapitala garatzen ari den mundu mailako ofentsiba total honek aurpegi anitza duen arren, bi elementu garbi dira mahai gainean jarri direnak. Alde batetik, emakumeak direla beste behin ere kaltetuenak, haien jaioterrian, ihes-bidaian zehar, Atzerritarrentzako Zentro Itxietan eta abar pairatzen duten indarkeria era askotarikoa da. Bestaldetik, gaizki deituriko «lehen munduko» langile klasearen lan eskubideak geroz eta murritzagoak diren bitartean, «hirugarren munduko» langileen kontrako erasoak interbentzio inperialisten eta biolentziaren bitartez gauzatzen ari dira. Azken errealitate horretatik eratortzen dira, hain zuzen ere, errefuxiatuen azken uholdeak eta, besteak beste, Mediterraneoan izaten diren tragedia humanitarioak.

Ezin dugu ahaztu Euskal Herria zentro inperialista horretan kokatzen den herria dela, eta, zentzu horretan, gure herriak zuzenean parte hartzen duela oinarrizko eskubideen kontrako ofentsiba horretan. Mugak Zabalduz Karabana EH honen berri ematera dator: orain arte kanpoan salatu ditugun errealitate horiek gure herrietan ere presente daudela. Apirilaren 28tik 30era garatuko den ekimen honetan, giza eskubideen urraketa anitzak izango dira jomugan. Hendaiako Atzerritarrentzako Zentro Itxia, armak produzitzen dituen SAPA enpresa Andoainen, Iruñean Polizia Nazionalak eraildako Ndiaye senegaldarraren kasua, Bardeako tiro poligonoa, Gasteizen hezkuntzan gertatzen den segregazioa, Bilboko portuan jazotzen ari diren giza eskubideen kontrako eraso larriak...

Eskubide guztiak pertsona guztientzat. Esaldi hori ez da soilik eslogan bat; esaldi hori aldarrikapen zehatz bat da. Jendarte berri bat denon artean eraikiko dugu, benetan Euskal Herri berri anitz eta justua lortu nahi badugu. Hemen bizi eta lan egiten dugunok gara, zentzu horretan, herri hau osatzen dugunak. Lan eta bizi duin bat bermatuko duen herri duin batean bizitzea da gure helburua. Euskal Herrian helburu horren alde borrokatzen ari gara, eta, aldi berean, gainontzeko herri langileekiko elkartasun internazionalista praktikara eramatea da gure konpromisoa. Azken finean, hauek dira egin ditzakegun ekarpenik onenak bestelako mundu baten aldeko borrokan.

Sindikalismoak munduko langile guztien defendatzailea izateko bokazioa du, edo, bestela, ez da ondo kokatuta egongo errealitate geroz eta globalizatuago honetan. LABetik argi daukagu… gora munduko langileria!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.