begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Motozerradunetan ere, originala nahiago

2023ko abenduaren 15a
05:15
Entzun

Irratietako zein telebistetako solasaldietan parte hartzen duten sasi-orojakile horiek ez direla, inolaz ere, ikarazko zinemaren ez jale ez zale agerian, nabari, argi eta garbi geratu da azken egunotan.

Bereak eta bi esan dituzte tertuliakideek milioika argentinarrek presidente aukeratu duten Milei abizeneko izaki paranormalaren aurka. Arrazoi osoz, inoren eta ezeren eskubiderik gordeko ez duela hitzeman baitu, eta, argentinar askok izan ezik, besteok bere baitan gaitz guztiak biltzen dituen kreatura antropomorfikotzat jotzen baitugu.

Zilegia da, eta zuzena, Mileiren kontra agertzea, bai, baina ez dut horretaz idatzi nahi. Berriro diotsuet, bestelako konturik ekartzen dizuet gaurko idazki honetara. Erraz asko iritsi naiz ni ondorio batera, eta maltzur ohartzen naiz beste (ia) inork ez diola erreparatu, mintegi horietan esku hartzen dutenak goi mailako kulturaz baino ez baitira elikatzen. Ondorioz, batek ere ez du adierazi, seinalatu, Mileirengandik gehien beldurtu duen irudiaren iturria, zioa, eredua, oinarria.

Zuetako andana batek, edo sorta txiki batek, ederki jakingo duen bezala, Javier Milei behin baino gehiagotan azaldu da desfile, mitin eta manifestazioetan eskuan motozerra zuela. Motozerra piztua. Aztertzaile orok bi gauza ondorioztatu ditu Tik Token agertu ohi diren irudi horietatik. Lehengoa, basati hutsa dela (ados). Bigarrena, tresna hori astinduz, metafora gordina sortu nahi izan zuela. Zertaz? Bada, bere ustetan sobran zegoen guztia, usteldu zen oro, herrialdeari traba egiten (omen) zioten laguntza sozial denak moztera, ezabatzera, birrintzera, txiki-txiki egitera bazetorrela.

Ikaragarriak dira irudi horiek; Cabriolet batean doala, zerraren motorra eragiten du, eta tira, topera, full-era!

Baina inor ez da konturatu, inor ez da ohartu. Inork ez du antzeman. Gutako batzuek izan ezik. Denotan barbaroenek. Zinemari dagokiola, klase behekoenean hain gustura gabiltzanek.

Baina guk ez dugu irrati-telebista tertulietan eskurik ez hartzen ez sartzen. Aldiz, guk aspalditik dugu ezagun, motozerra eskuan izango balu ere, Javier Gustavo Milei seko kikilduko lukeenik. Gu ere izutu egiten gaitu, baina nolabaiteko bake akordio batera iritsiak gara, eta, hitzarmen horri esker, gure ametsetan noizbehinka baino ez du endredatzen.

Jakin nahi duzue noren, zeinen plantak egiten dituen Mileik, akaso berak jakin gabe ere? Pantailan estreinakoz 1974an agertu zen Leatherface-rena! Bai, Leather (larru) eta Face (aurpegi); laburbilduz, Larru-aurpegi izenordez aipatzen den munstroa imitatzen du presidente jaunak.

Baina nor ote Leatherface? 1974 hartan beldurrezko zinema gorea hankaz gora jarri zuen Tobe Hooperren The Texas Chainsaw Massacre izeneko filmeko hiltzaile nagusia. Kasualitatez (ala agian ez), pelikulak Argentinan izan zuen izenburua El loco de la motosierra (Motozerraren eroa) izan zen. Beraz, ez esan Milei Casa Rosadara aupatu dutenak abisupean, jakinaren gainean ez zirenik; 1974tik Mar de Plata inguruan zoro bat dabil, zerra eskuetan, eta beraiek ez dira enteratu.

Larru Aurpegi-k beste hil-tresna batzuk ere maisuki erabiltzen ditu: mailua zein harakin-kakoak. Alta, motozerra da bere begikoena. Leatherface horrela deitzen da giza larruz egindako maskara batez estaltzen duelako musua. Horretan ere kointzidentzia, zeren eta Milei giza organoen salerosketaren alde agertu baita.

Horren guztiaren tankera hartu diogu The Texas Chain Saw Massacre-k izan dituen bost, sei edo zazpi jarraipen zeluloidezkoak edo telebistakoak buruz dakizkigunok. Beste inork ez. Baina bada alde galanta gure eta Milei jaunari botoa eman diotenen artean: eurek kopia bozkatu dute. Guk, ostera, 1974ko filmaren azken irudi ikonikoa buruan —Larru Aurpegi amorru bizian, motozerra astinduz, harrapatu ezin duen azken biktima kotxean ihesi doalako—, originala baino ez dugu onartzen. Dardaraz hasi bazarete, arima eta irriñoa izoztu bazaizkizue, hartu aterpe (gazi) gozoa Robot Dreams animaziozko mirari eta opari horren magalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.