Patxi Zabaleta

Monzonen Xibertako bake saiakera

2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Telesforo Monzonen heriotzaren 40. urteurrena bete delarik agertu eta idatzi dira berriro Xibertako ekintza politikoaren hainbat azterketa eta gogoeta. Baina esan eta idatzi den gehienari osagai garrantzitsu bat gehitu behar zaiola uste dut; hain zuzen ere, bakegintza ahalegina. Azpimarratu ohi da maiz Xibertako ekintza hura euskal abertzaleen arteko batasun politikoa bilatzeko saioa izan zela. Bazeukan xede hori, egia da; baina ez zen hori helburu bakarra eta ezta garrantzitsuena ere. Aitzitik, ingurumen politiko hartan lehenetsi beharrekoa eta lehenetsi zena bakegintzako ahalegina izan zen.

Gogoan izanda Xiberta eta ondoren Sokoako ekimen haiek, 1977ko Espainiako hauteskunde orokorren aurrean jokabide bateratu zehatz bat adostuz, negoziazio politikoa lortzea zeukatela xedetzat, bakegintza izan zen saio haien helburu nagusia. Bakegintza soilik negoziazioaren bitartez lor zitekeela euskal gizartearen uste sendoa zen orduan; eta baita geroztik hamarkada luzeetan, Lizarra-Garaziraino hain zuzen ere.

Xiberta eta Sokoako ekimen haiek, bestalde, 1970eko hamarkadako lehen sei urteetan garatzen saiatutako negoziazio saio andana luzearen azken urratsa izan ziren. Haustura eta Erreformaren arteko lehiaren azken adibidea zen, alegia. Hau da, Estatu mailan Junta Demokratikoak, Plataforma Demokratikoak eta Plata-Junta deitutako haiek egindako ahaleginen antzeko azkeneko jokaldia.

Haustura Demokratikoaren bidea garaile irten izan balitz, diktaduraren egitura sakonki ezabatu ez ezik, demokraziaren arauetan sakontzea ekarriko zukeen. Hori zen borroka armatuaren bukaera lortu ahal izan zedin bide logikoa ez ezik, gizarteko gehiengoak aldarrikatzen zuena. KAS alternatiba bera balizko negoziazio saiorako gutxieneko ekarpena besterik ez zen. Xibertan lehenik eta Sokoan gero, ETA erakundearen M eta PM adarrak eta Bereziak taldea ere ordezkatuak zeuden bilera anitz haietan, horrek esan nahi zuen bermearekin.

Baina egiazki, 1976ko erdi aldean Estatuko alderdi politiko garrantzitsuenek aldaketa estrategikoa egin zuten Suarezek deitutako Erreforma Politikoaren erreferendumaren ondorioz. Hausturaren alde egotetik Erreformaren ildoetan jokatzera igaro ziren. Aldaketa hark, ordea, monarkiaren aintzat hartzea ez ezik, frankismoko egitura sozio-ekonomikoa, gudarostea, epai-egiturak, zerbitzu sekretuak eta polizialak onartzera eraman zituen. Adibide eta ondorio samina da, esate baterako, alderdien legeztapenari buruz bakoitzak bere buruari besterik ez ziola begiratu; eta alderdi independentisten legeztapenik ezaz ez zirela ez PCE, CiU, EAJ eta abar arduratu. Beraz, 1978ko erregimenaren gabeziak ez dira soilik eskuinaren eta zentralismoaren erantzukizuna, eta frankismo sozio-ekonomikoaren esku zabaltasunaren leloafake lotsagabe bat da.

Xibertako porrota eskuin eta ezker abertzalearen arteko arrakalaren iruditzat hartzen den arren, zatiketa hori lehenagotik zetorren: ideologikoki eta estrategikoki egiturazkoa zen, eta politikoki beharrezkoa eta onuragarria. Xibertako ekimena bakegintza saiakera taktiko peto-petoa izan zen.

Ondoren Sokoan ezker abertzaleko indar politikoek beste ahalegin bat egin genuen, baina honek ere ez zuen aurrerago biderik aurkitu. Sokoako sakristiatik ANV, ESB eta EIA alderdiek alde egin zutenean, EHAS indar politiko bakarra gelditu zen, eta han ezabatu zen azken bake ahalegina.

Zergatik orduan, Telesforo Monzonen irudi politikoa soilik batasun abertzalearen bultzatzaile izan balitz bezala azaltzen da? Zergatik Xibertaren aipua erabiltzen da bereziki horretarako? Agian alde batetik, Telesfororen olerki edo artikulu eta irudi batzuen arrakastarengatik; esate baterako, Aupa gizona edo Maltzagaren ikurra. Bigarrenik, behar bada, fronte edo batasun abertzalea edo poloa eta antzekoak sustatu dituztenek horrelako argudioak behar dituztelako. Baina egiazki, ordea, hamarkada luzeetan Euzkadiko Gobernu transbertsaleko kidea izandako Telesforo Monzonek ez zion inoiz uko egiten beste nazioetako politikariekin adostasunak bilatzeari.

Joan den mendeko 70 eta 80ko hamarkadetan bakea elkarrizketaren eta negoziazioaren bitartez soilik lortu zitekeela uste politiko irmoa eta oso zabaldua zen. Garaikoetxearen mahaiak, Aljerko negoziazioek, Ajuria Eneako mahaiak eta Lizarra-Garaziko ekimenak horixe adierazten zuten... Xibertako eta Sokoako ahaleginak testuinguru horretako ekimenak izan ziren.

Izan ere, Telesforok ez zuen sekula Francoren gerra bukatutzat eman. Diktadura gerraren jarraipena besterik ez zen haren ustez; horregatik, etakideak lehenagoko gudarien jarraitzaileak baizik ez ziren, eta Haustura politikoa ez lortzeak benetako bakeari oztopoa egiten ziola uste zuen.

Agerikoa da orain 1977ko hauteskunde orokorrei aurre egiteko behar zen indar politiko kopururik ez zela bildu, eta, ondorioz, ETAren jardunak eta borroka armatuak jarraitu agin zutela. Agian EHAS alderdiak ere ez zuen asmatu eta beste alderdiak ere ez ziren behar zen mailan egon. Gaurtik begiratuta, esan daiteke oso zaila edo ezinezkoa zela garai hartan pentsatzea ere borroka armatuaren etena alde bakarretik eta ordainik gabe —eta negoziaketa politikorik gabe— garatu eta lortu beharko zenik. Zorionez bakearen truke ezer lortzea demokratikoki ezin dela onartu eta gainera ez litzatekeela politikoki onuragarria izanen, geroago ikasi genuen. Letratuak badaki, baina nozituak hobeki dio euskal erranairu zahar eta jakintsuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.