Gernika bataloiko gudariek bandera nazia kendu eta ikurrina jarri zuten urtean, 1945ean, Urrundik izeneko liburua argitaratu zuen gerrarekin sortu eta galdu zen Jaurlaritzako Barne sailburuak, gaurko egunez duela 120 urte jaio zen Telesforo Monzonek. Euskal Herritik urrun agertu zen, Mexikon, baina Euskal Herria ezin hurbilago sentitzen zuen gizonak bere herriari egindako maitasun kantu eder bat izateaz aparte, Urrundik liburu fundamentala eta ahaztua da geure buruari oso modu traketsean kontatu diogun euskal literaturaren historian. Izan ere, bere emazte Maria Josefa Ganuzari eskainitako liburu horrekin abiarazten du Monzonek gerrarekin ia desagertzear egon zen idatzizko euskal literatura.
Urrundik izan zen gerra ostean argitaratutako euskarazko lehen liburua, gerra aurreko eta osteko belaunaldiak lotzen dituena. Eta erbestea ia ezer egiteko motibo tristea bada ere, poetikoa da gure katebegi literario galdua Ameriketan egotea. Euskal arbasoak zituen Simon Bolivarren aberrian, alegia, eta bermeotar jatorriko Alonso de Ercillak konkistatzaileen aroko lehenbiziko idatzizko lana sortu zuen kontinente amaigabean.
Su guztiak itzalita zeudenean agertu zen. Denak galdua zirudienean. Xabier Lizardi arbasoen baratzean baino ez zen bizi eta Esteban Urkiaga Lauaxeta-kidatziak zituen bere azken poemak eta akaso euskal idazle batek inoiz idatziko duen esaldirik zirraragarriena, «goiz eder honetan erahil behar nabe». Urrundik argitaratu baino lehen, desertu handi bat zen euskal literatura baina desertu handi horretan ereingabeko lurra ikusi zuen Telesforo Monzonek eta hazi bat erein zuen, orain arte pentsatu duguna baino inportanteagoa eta akaso berak imajinatzen zuena baino eragin zuzenagoa eta kolosalagoa izan zuena.
Kapitain pilotua
Aurten bere presidentea izatearen ohore egin didan Olaso Dorrea fundazioak ordura arte argitaratu gabeko hainbat gutun ezagutu genituen iaz. Tartean, 1948an, Urrundik argitaratu eta hiru urtera, Parisen bizi zen 23 urteko euskaldun gazte batek Monzoni idatzitakoa, liburua zenbat gustatu zitzaion esateko. Igorleak euskara ikasten bi urte bakarrik zeramatzan arren, harrigarria da ikustea gutuna ze ondo idatzita dagoen. Are harrigarria da jakitea sei urte geroago, Gabriel Arestiren Maldan behera-ren dedikatorian agertzen den gazte horrek XX. mendeko liburu kapitaletako bat idatziko zuela, euskal eleberrigintza garaikidearen nobela profetikoa, fundazionala eta malditoa, Haur besoetakoa.
Jon Mirandek euskal gaietaz norbaitekin hitz egin nahi zuelako, «Euzkadi’ko jaurlaritzean gogo-lantzako burukidea» zelako eta Urrundik irakurri berri zuelako idatzi zion Monzoni. Horregatik esan dezakegu gaur, inoiz baino zalantza gutxiagorekin, gerrak eragindako desertu handi hartan, Telesforo Monzon bi belaunaldien arteko katebegi humanoa, politikoa eta literarioa izan zela. Euskaldunon habea eta jabea, esango zuen Axularrek. Kapitain pilotua, Arestik.
Luzaroan jakin dugu euskal abertzaletasunaren historia ezin zela Telesforo Monzon gabe ulertu, Monzonek berak bere kontzientziari ez beste inori obedituz egin zuen ibilbide politikoa ulertzea da, maila handi batean, XX. mendeko eta gaur egungo Euskal Herria ulertzea. Baina politikak itzal egin dio literaturari. Beharbada Thoureak esan zuena egia delako. Pertsona batzuk hain dira handiak ez zaizkigula erraz barruan kabitzen. Geure arima zabaldu behar dugu nortzuk izan ziren benetan ulertzeko.
Hori da gaurko egunez Monzoni eskertu nahi diodana. Handia izan zelako, handitu egiten gaituela. Eta miresgarria izan zelako, miresten irakasten digula. Eta horren beharra daukagula uste dut.
Miresten ikasteko beharra
Yeats poeta irlandarraren heriotzari idatzitako poeman, W.H. Audenek bazela sasoia idatzi zuen, bihotzaren desertuetan iturri sendagarri bat zabaltzeko eta gizon libreari bere egunen kartzeletan nola miretsi erakusteko. Eta Monzonekin akordatzen naizenean, ia beti akordatzen naiz poema horrekin. Miresgarria zelako Monzon eta ados nagoelako Audenekin. Gizon eta emakume libreak izateko miresten jakin behar dutela uste dut, eta euskaldunoi kostatu egiten zaigula, bereziki, beste euskaldun bat bada miresgarria. Uste dut baduela horrek zerikusia geure zapalkuntzarekin, geure konplejuekin, geure doloreekin, geure beldurrekin. Eta uste dut ez digula onik egiten. Mirestea ez delako benetako pertsona dagoen lekuan irudi bat jartzea eta irudi hori gurtzea. Mirestea pertsona hori den moduan ikustea da, eta gora begiratzerakoan, gora egiten dugula sentitzea. Miresmenak esperantzak berritzen ditu, fedea indartzen du.
Horren beharrean gaudela esango nuke, eta zorioneko garela. Gizon eta emakume miresgarrien artean bizi garelako eta geure iraganean miresteko moduko arbasoak ditugulako. Behin bizirik egon dena ez dela sekula hiltzen idatzi zuen Jon Mirandek eta arrazoia zuela frogatzeko ez dago Telesforo Monzonengana hurbiltzea baino, bere eredutik ikasteko, geure burua kapitaintzeko, egia zioela esateko eta Euskal Herriaren askatasuna ekarriko zutenak «zuok utopikook» izango zirela esan zuenean gutaz ari zela. Zutaz eta nitaz eta gu guztiotaz ari zela. Orain eta hemen gu guztiok garela, eta garelako izan behar garela, herri honen etorkizuna eta bere esperantza.