Jakes Bortairu.

Momentu historikoak Ipar Euskal Herrian

2012ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Joan den larunbatean Baionako karriketan iragan manifestaldia historikotzat jo dute ainitzek, bai jende kopuruaren aldetik, bai eta sostengu aniztasunaren aldetik ere. Egia erran, azken bi hilabete hauetan eta, bereziki, urriaren 11tik, gertakari ugari kateatu dira : Iparraldeko kolore guztietako hautetsien delegazioa Lebranchu ministroak errezibiturik, Valls Barne ministroaren adierazpenak El Pais egunkarian, Auroren kontrako euroaginduaren aplikapena eta jendarte nahiz klase politikoaren erantzunak. Iparraldea bizitzen ari den momentua garrantzitsua dela ezin uka.

Maila anitzetako faktoreak atzeman daitezke gertakari horien guztien gibelean. Aieteko konferentziak denboraldi politikoan eragin zuen hausturak hainbat korapilo askatu zituen Iparraldean ere eta posizionamenduak erraztu. Bestalde, frantses estatuko agenda politikoak eragin nagusia izan du: 2010eko lurralde kolektibitateen erreforma, gobernu aldaketa eta dezentralizazio asmo berriak. Azkenik, Iparraldeko jendartean aspaldidanik irekitako lan ildoek beren uzta ekarri dute.

Ezagupen instituzionalaren aldeko prozesua, adibidez, urrundik dator. 96tik bertatik modu batez edo bestez instituzioaren gaia eragile desberdin batzuen eraginez, mahai gainean egon da etengabe. Azken hamarkada honetan are gehiago, BATERA-k abiatu dinamika sozial eta politikoaren bultzadaz. Duela urte bat aferak beste abiadura eta dimentsioa hartu zituen. Orain arteko egoera agorturik zegoelako diagnosia hedatu zen buruzagi politikoen artean, eta Ipar Euskal Herriaren antolamendu eta kudeaketa politikoa gogoetatzeko ardura hartu zuten Garapen eta Hautetsien Kontseiluek. Aurreiritzi ideologiko edo politikoak bazter utzirik, metodo pragmatiko bat hautatu zen, jarduera publikoa gaur egun nola antolatua den eta geroan nola antolatu beharko den aztertuz. Aditu batzuek ere parte hartu zuten, frantses legediak eskaintzen dituen parada guztiak ikertuz eta sekula egin zen eragile sozial eta politikoen audizio txanda zabalena burutu zuten. Horrela, pixkanaka, kasik naturalki, Lurralde Kolektibitate bereziaren aukera opzio argiena eta sinpleen gisa agertu da, ordu arte uzkur edo kontra zirenak ere konbentzituz. Kasik nehork ez du gehiago statu quo defenditzen eta garai batez ezagupen instituzionala saihesteko aipatu ziren bestelako hipotesia batzuk bazterturik gelditu dira, ikerketek demostratu baitute ez direla egingarriak edo ez dietela beharrei erantzunen. Ondorioz, sekula ikusi ez zen kontsentsua eraiki da, eskuinetatik ezkerretara, abertzaleak barne. Gaur egun jendarteko eta klase politikoaren parte handi batek egiazko erantzunak nahi ditu, eta frantses gobernuari lehen baino zailago zaio ezetz biribila errepikatzea edota funts gabeko tramankulu berri bat «saltzea».

Indar harreman berri horren isla izan da urriaren 11ko eguna, Lebranchu ministroak Ipar Euskal Herriko delegazioa errezibituz, aspaldiko partez frantses buruzagien aldetik atea hetsi ordez, gaia lantzeko disposizioa agertu duelarik. Alta, ondoko asteetako gertakariek auzia birkokatu dute haren dimentsio diplomatiko eta geopolitikoan. Urriaren 29an El País egunkarian Vallsek lurralde kolektibitatea sortzeko aukera ezeztatu du, eta edozoin eboluzio ETA-ren desagertzearekin lotu du. Horrela, alde batetik Lebranchuk ireki atea gakotzea saiatu du, sozialista jakobino batzuen boza entzunaraziz, eta, bestalde, espainol estatuaren politikari Frantziaren leialtasuna erakutsi du. Ezaguna da espainol estatuak politika anti-terrorista eta independentismoaren kontrako borroka bateratu dituela. Arazo politikoei erantzun politikoak eman ezean, euskal independentismoarekin hurbiletik edo urrunetik lotura zerbait duen ekimen oro kriminalizatzen entseatu du. Eta aspaldidanik ahalegin handiak egin ditu bere estrategiari nazioarteko eta, bereziki, Frantziako babesa lortu eta atxikitzeko. Bestalde, Iparraldearen ezagupen instituzionala betidanik mehatxu gisa ikusi du, eta, gaur egun, are gehiago, Frantziak eman lezakeen urrats horrek euskal gatazkari politikoki erantzuteko Espainiaren ezintasuna agerian utziko lukeelakoan. Vallsen deklarazioen ondoren, Auroren Espainiaratzea balio handiko opari sinbolikoa izan da. Lehen aldikotz Frantziak bere herritar bat espainol justiziaren esku utziz, Europan zehar hainbeste zalantza sortzen duten salbuespeneko lege, prozedura eta jarduerei brebeta demokratikoa eskaini dio. Urrats horiek guztiak, halere, zur eta lur utzi dituzte Iparraldeko herritar eta arduradun politikoak, aho bateko salaketak eraginez. Halaber, frantses estatuari dagokion kontu bati buruz, (Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala), espainol egunkaria batean adierazpenak eginez, bere alderdikide askoren harridura sortu duen errealitate gordina erakutsi zuen Vallsek: administratiboki frantses lurraldea izanik ere, Ipar Euskal Herria politikoki Espainiaren menpe dago!

Iparraldeko panorama politikoan azken asteetako lurrikarak mugiarazi lerroak sekula ez dira lehen bezala izanen, eta ondoko hilabete eta urteetako borrokak parametro berri horien baitan eramanen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.