Polis-ean egokitu ginenez geroztik dena da politikoa. Alabaina, arrazoiak gero eta presentzia urriagoa dauka politikan. Horiek horrela, politika molde hori jendartea zuzentzen-menperatzen duten eliteen faboretan gauzatzen da, elite ekonomikoak sistema politikoaren buruak izaki. Definizioz, politika boterearen organizazioa da, eta ondorioz, askatasuna bermatzeko jarduna. Tira, praktikan hala izan behar luke. Izan ere, milurteko hasi berrian, giza arrazoia gero eta ahulagoa da. Egun, batik bat, politika jendearen emozioen arabera gauzatzen da.
Jendartea nolako bere espresioak halako. Literaturaz ari gara, beraz, nolako politika halako literatura. Edo alderantziz: nolako literatura halako politika. Literaturak, baina, arrazoibidez landu ezean nekez egiten dio ekarpenik jendarteari. Areago, arrazoia izatea ez da aski. Literaturak jendartean eragiteko arrazoi praktikoak behar ditu. Liburua berez, ez da literatura. Literatura, idazleak, liburuak eta honen irakurleek, kritikariek edota interpreteek gauzatzen dute. Kritika sendoa denean literatura osasuntsua da. Alta, ez dugu egoera hori bizi.
Literaturaren interpretazioa ezinbestekoa da. Baina, obra literario baten gaineko interpretazioa iruzkin soila bada, ez da aski literatura bizi dadin. Aldiz, liburu bat kritika sendo-sakon-luze batez jantzia denean, are ahaltsuagoa da literatura. Ordea, literatura deuseztatzen ari da, literaturaren beraren gainean beste orduz izan ziren printzipioak deuseztatzen ari diren heinean.
Aurreko maxima horiek modu are dramatikoagoan jartzen dute euskal literatura. Hasteko, «euskaldunok arrazoirik ez dugulako». Hots, euskaldunok egungo polisean apopiloak gara. Ez dugu arrazoi politiko sendorik, ez dugu indar nahikorik euskal jendarteak behar duen literatura ezartzeko.
Literaturaz ari garenean, ba al dakigu zertaz ari garen? Zerk definitzen du kritika literarioa? Apreziazio bat: gaur-gaurkoz politika eta arrazoia dibortziatuta daude. Literatura jendartearekin ezkonduta al dago? Printzipioz, unibertsitateak izan behar luke jendartea eta literatura ezkonarazteko instituzioa. Hala al da? Literatura irakaskuntzan landua izatetik at dago. Literatura eta irakurle taldeen, edo hainbat elkarteren jarduerak dira salbuespen.
Literaturak errealera eraman behar gaitu, fikzioa medio. Horixe da behin-behineko beharrizana. Beste ezaugarri zenbait ere berebizikoak izanez. Besteak beste, literaturak poetikotasun baten adierazle izan behar du. Lengoaiaren doitasuna taxutu behar du. Finean, irakurleok bere funtzionaltasunean eskolatu gaitezen. Edo ostera ere, deseskolatu gaitezen.
Uxue Alberdiren Hetero (Susa)liburua hizpide. Premisa hauxe hatsarrean: Ez gara geure baitakoak, Joseba Sarrionandiaren saiakera liburu bat da. Hauxe ematen digu aditzera: «Gizakiok ez gara geure buruen egile bakar; besteez osatuak ere bagara: gurasoez, anai-arrebez, seme-alabez, lagunez…».
Kritikariek gogotsu antzeman dituzte Heteroko istorioetako hainbat subjektuak gorpuzten dituzten pertsonak. Alta, subjektu horiekez dira idazlearen irudipenen arau sortuak izan. Landareek hazteko behar dutena kontakizunaren aurretik honela dio idazleak: «Gure alde segurutik kontatzen dugu. Gure alde itsutik». Eta bai. Horixe egin du Alberdik. Idazle honek seguru eta angelu itsutik behatu du jendartea.
Heteroko jendartea idazlearena berarena da. Literaturak pertsonak pertsonaiak bihurtzen ditu. Istorioetako ezaugarri politikoak begi-bistakoak dira. ETA fenomenoak zeharkatzen du jendarte horren tasuna. Tasuna edota keria. Nola gerta. ETAren aiurri politiko-sozial-armatua duzu. Kultura horretako gurasoen izaeraren nolakoak halatsu haien ondorengoenak.
Gatazka armatuaren osteko aroa latza da gero. Heteron islatzen da. Ea, ez da gutxi berau islatzen badu. Horixe baita literaturaren funtzioa. Ez da hutsala jendarte patriarkalaren eraginez oraindik ere pairatzen dugun egoera. Artean, feminismoaren lan eta borroka gaitza ez da nahikorik izan gizonon izate androgenoa eta emakumearena orekatzeko.
Hetero ‘gure’ mitoek eta ideologiek eragindako desastreen adierazle «bikaina» da. Kritikariren batek adierazi legez: bikaina. Heteron, gure jite kristaua arau: aldarera igoarazi subjektuak jendarteak berak eraisten ditu. Subjektuak gizonezkoak izaki, noski. Idazlearen belaunaldikoek txortan nasaiki egin zuten, baita suerte guztietako haluzinogenoak sartu ere beren barruan. Belaunaldi horiek idealek eta utopiak neurrigabeki blaitutako mundu irreal batean bizi izan dira urteetan.
Hetero garenaren isla dugu. Istoriook zapaltzaileak eta zapalduak ongi bereizten bide ditu –ironia apur batez diot–. Alegia, susmoa dut –literatura susmoz eta lausoz ere osatzen da–, Heterok berresten digunez, hetero- patriarkatuak pertsonon izaera ‘naturalizatu’ ditu berriki. Ostera ere, ironiaz ez ezik sarkasmoz ari nauzue.
Irakurri. Irla ‘ipuina’ bereberki. Irakurle hori, erranen didazu zer pentsatzen duzun Martin goitizenez bizi izandako pertsonaren gaineko Fermin pertsonaia erretratu digun literatura-molde honetaz.
Ez gara geure baitakoak, eta horregatik berarengatik ez gara geure buruen egile bakar. Ikasiko ahal dugu besteenaz osatuta ere bagaudela.
Artikuluaren bertsio luzea helbide honetan: https://blogak.eus/begizolia/mitoek-eta-ideologiek-eragindako-desastreen-isla