Mishigama: 'Game over'

2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Michigan lakua: izokinak arrantzatzeko laku aparta, diotenez baita koronabirusaren berrogeialdia pasatzeko ere, pentsatzen hasita. Michigan estatua: Ford, Chevrolet eta General Motors erraldoi industrialen sorlekua. Michigan herdoila: Detroit, Estatu Batuetako hiri proletario beltzena, Motor City. Han suertatu zen, karburagailu eta gasolinaren magiaz, Motown izeneko soul eta R&B eztanda hura. Michiganen soinu banda, Eminem bertsotan hasi zen arte. Orain, Michigan —Mishigama, ojibweraz— Bernie Sanders izeneko amets sozialistaren hilobi birtuala ere bada. Game over.

Sandersen ilusio boladaren iturburu izan zen estatuan bertan eten zitzaion joan den astean Etxe Zurirako bidea ezkerreko hautagaiari. Itxi da zirkulua. 2016ko hauteskunde primarioetan Hillary Clinton pronostiko guztien aurka garaitu eta Feel the Bern mugimendua NASAko erreaktore baten moduan espazioratu zen Michiganeko basetik. Milioka boto emaile, gazte asko tartean, iraultzaren orbitari batu zitzaizkion, Alderdi Demokrataren grabitate indarrak erakarrita lurra jo zuten arte. Gogor jo ere. 2016an eta 2020an, berdin.

Gaur, Saint Patrick egunez, Florida, Illinois, Ohio eta Arizonako hautesleek berretsiko dute hori, aurrikuspen guztien arabera. 577 ordezkari daude jokoan gaurkoan, eta inkestek Joe Biden hautagai ofizialari ematen diote garaipen argia. Egia da, matematikoki oraindik ez du dena galdu Sandersek, baina Alderdi Demokratak egin du bere hautua. Ondorioz, Biden hautagaiaren kanpainiari bildu zaizkio Pete Buttigieg, Amy Klobuchar, Beto O'Rourke eta baita Mike Bloomberg New Yorkeko alkate ohia ere. Esparru ideologiko guztia hartzea du helburu mugimendu horrek: Bloombergen neoliberalismo neocon eskuindarretik Beto texastarraren politika aurrerakoietaraino. Eskaintza zabala, hautagai eta marka bakar baten pean, Sanders outsider independenteari hautagaitza demokrataren bidea ixteko. Denak bat eginik Joeren atzean, Bernieren aurka.

Hala ere, ekuazio horretan pieza batek huts egiten du. Alderdi Demokrataren ofizialtasunak irudikatu nahi duen «esparru ideologiko zabal» horretan Elizabeth Warren falta da. Astearte Handian Massachusetts bere estatuan —etxean, beraz— hirugarren postura erori ondoren, lasterketa uztea erabaki zuen senatari progresistak. Atzeko atetik ihes egin du, zarata handiegirik egin gabe, Bidenek presidenteorde izateko aukeratuko duen emakume hori berau izan litekeela kalkulatuz, agian. Edonola ere, Warrenek ez du Biden babestu, gainerako guztiek bezala. Ezta Sanders ere. Bere boto emaileak linbo batean utzi ditu, umezurtz.

Joan den astean, birusak Europako herritarrei Estatu Batuetako ateak itxi aurretik, New Yorken izan nintzen. Han, zurtz horietako batzuekin afaldu eta edan nuen. Baita luze eta zabal hitz egin ere. Artean ez zeuden oso kezkatuta pandemiarekin, baina argi gelditu zitzaidan konfidantza gutxi dutela Bidenengan, nahiz eta askok azkenean bere aldeko botoa emanen duten, duela lau urte Clintonenalde egin zuten moduan. Beste batzuek Sanders babestuko dute, baina inor ez nuen itxaropentsu ikusi. Eta hori da Estatu Batuetako politikaren drama. Baita Trumpen zoriona ere.

Drama eta zoriona, COVID-19 tsunamiak mundu osoa hankaz gora jarri duen arte. Krisi horrek agertokia aldatuko du, eta litekeena da hein handi batean demokratei laguntzea, estrategia aldatu behar izan gabe. Walter Russel Mead atzerri gaietan adituak The Wall Street Journal egunkarian idatzi bezala, pandemia «Donald Trumpek aurrez aurre inoiz izan duen mehatxu larriena da, ezin duelako eraso, otzandu edo bere lepora barre egin». Ez delako, hitz batean, Joe lotia edo Nancy zoroa. Kasurik txarrenean Estatu Batuetako ekonomia atzeraldian sartuko balitz, gauzak erabat aldatuko lirateke. Eta ironia handia litzateke aldaketa horrek aseguru pribatuetan oinarritzen den osasun sistemaren ahuleziak ekartzea —milioika herritar asegururik gabe, babesik gabe eta tratamentuak ordaintzeko modu barik—. Koronabirusaren aurrean, Sandersek Medicare for All sistema publikoa proposatzen du: osasuna eskubidea dela aitortzea, alegia. Baina Michigan lakuaren ertzean gelditu dira proposamen horiek, berrogeialdian. Mishigaman amaitu baita, oraingoz, partida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.