Miserablea

2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Eguerdia, astegun buruzuri bat Madril inguruko kartzeletako baten patio-orduan.«Aizu, vasco, kalera». «Zer?». «Kalera zoazela ia: hartu zure gauzak eta kalera!». «Goazen, vasco, ez daukat eta goiz osoa. Oraintxe bertan aterako zara». «Baina... orain ezin dut». «Zer?». «Orain ezin dudala». «Nola ezin duzula? Zergatik ezin duzu?». «Bigarren eta laugarren modulukoak agurtu behar ditut, lagunak dira». «Nola agurtu egin behar dituzula?». «Hainbeste denbora hemen emanda, behintzat agur bat egin beharko diet». «Begira, vasco, niri ez barrabilak ukitu. Berehala zu aske uzteko agindua iritsi da, zuk jakingo duzu; orain atera, edo ez atera». «Baietz, ulertzen dudala... baina agurtu bakarrik egin nahi ditut... ezin dut bazkaltzera geratu eta gero atera?». «Begira, vasco, niri ez didazu barrabilik ukituko, beti amnistia eta askatasuna eskatzen, eta orain ze esaten ari zara, ez duzula atera nahi?». «Baietz, aterako naizela, baina utzidazu agurtzen. Zuri berdin zaizu-eta orain aterata edo geroxeago aterata. Utzidazu ordu erdi bat...». «Baietz parte bat sartu». «Behintzat utzidazu patiokoak agurtzen». «[...]». «Bost minutu dauzkazu...». «Bi lagun agur ditzakezu, eta gero kalera!».

Eta modulu berean zeuden beste bi kideei besarkada trinko bana emanda, eta bere gauzak noren esku gelditzen ziren aginduta, kartzelatik atera zen bazkaldu gabe. Egunak, asteak, hilabeteak, urteak bahituta eman ondoren, boki hark ordu erdi bat ere ez zion eman nahi izan kideak agurtzeko: kalea ez da, gainera, kalea, Mancha aldeko lautada mortu bat baizik. Senideei deitu zien kalean zegoela esateko, eta bila joanen zitzaizkiola jakinarazi zioten; Euskal Herritik haraino, lau ordu luze... Bo, koinatuak gidatzen duen modua jakinda, hiru ordu eta erdi! Ea non egonen zen galdetuta, erantzun zion arrebari kartzelatik lau kilometrora dagoen gasolindegi batean egonen zela. «Gasolindegian? Zergatik ez espetxean bertan», galdetu zuen arrebak. Eta —ordurako jada— preso ohiak erantzun zion: «Kartzelatik bota naute lagunak agurtzeko denborarik ere eman gabe. Orain ez dut hemen egon nahi ezta minutu bat gehiago ere».

Eta gasolindegirantz abiatu zen poliki, erdi zorabiatuta espazio zabal handi horietara ohitu bitartean, eta batez ere, suminduta kartzelako boki miserable horrekin. Izan ere, lagunak agurtzeko aukera ukatzen duenari izenondo bat baizik ez dagokio: miserablea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.