Mirariak eskolan

2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Gizakiak milioika ordu galdu ditu Jainkoaren existentziari buruz eztabaidatzen. Benetako adreilu irentsi ezinekoak idatzi dira gaiaren inguruan. Eta dena, amama Hilarik esango zukeen moduan, ez galdetzeagatik. Zehatzago, niri galdetu ez izanagatik. Jainkoa existitzen baita. Nik ezagutzen dut. Erretiratuta dago, hori bai, baina jainkoa izaten jarraitzen du.

Jainkoa herriko eskola publikoan ezagutu nuen nik. Irakaslea zen eta, bera ez larritzeko, Pedro fikziozko izenarekin izendatuko dugu. Pedro, Jainkoa bai, baina hezur eta mamizkoa ere bada, eta hilkorron moduan sufritzen du. Zergatikdakit hori? Nire bidea itzalez bete zenean, nigana hurbildu eta malkoen artean esan zidalako: «Ez dut nahi zuk sufritzerik». Jainkoak, horrela, bere hegoen azpian babesteaz gain, enpatia leziorik gorena eman zidan.

Pedro ez zen ikastetxe hartako jainkotasun bakarra. Arantza, adibidez, jainkosa ote zen ez dakit, baina santutasuna irabazi zuen ni jasateagatik. Hortaz, Olinpo hartan egunero jazotzen ziren mirariak: gu, klase apaleko haur erdaldunak, ikasketa bako edo eskaseko gurasoen seme-alabak hezi, euskaldundu eta goi ikasketen bidean jarri gintuzten. Irakasle bikain horiek oparitu zizkiguten heziketa, babesa eta eredua. Barre pilo egin genuen, gainera. Zoriontsuak izan ginen.

Dudarik gabe, ikasgelen artxipelago bakanean mirari sinestezinak izaten dira lantzean behin. Arrazoi horregatik akaso, ikastegiak mitoz —bere adiera negatiboan— josi ditugu. Esan nahi dut, maiz gezurretik oso hurbil dauden nozioak darabiltzagu eskolez ari garenean, ikastetxe baten lana haztatzea zeregin titanikoa bihurtuz. Dena baita hiperbolea, estereotipoa eta gordinkeria.

Esaterako, mito batek dio irakasle guztiak apartak direla. Baina Jainko gutxi daude, eta profesional apartek ere boladak dituzte. Normalean eskoletan, leku guztietan bezala, profesional arruntak topatzen ditugu. Katolikoentzat ere Jainkoa bakarra da, gero apostoluak daude (Judas eurenartean), eta besteak, eurentzat behintzat, bekatariak gara. Eta bekatariei ezin diegu miraririk eskatu, euren borondate onarekin ahal dutena egiten duten arren. Are gehiago, talentua kudeatu egin behar da, baina, nagusi bati aditu nion moduan, arazoa ez da talentua kudeatzea. Ez, benetan korapilatsuena talentu falta kudeatzea baita. Eta hori bideratzeko tresna gutxi ematen dizkiegu zuzendaritza taldeei. Errealitate honi bizkarra ematea eskola baten administrazioan berebiziko erronka suposatzen duen arazo bat arduragabe ukatzea da.

Eskoletan maiz erabilia da kudeaketa demokratikoaren mitoa ere, parte hartzearen kondaira. Orokorrean, parte hartzea ongi etorria da. Hala ere, oneziak mugak ditu. Gurasoen bazterretik, geure buruari gogorarazi behar diogu hezkuntza kudeatzeko adituak eta profesionalak behar direla. Ez da nahikoa «pixka bat» jakitea, berripaper honetan Andoni Egañak maisuki idatzi zuen moduan. Edozein erakunderen beharrizan eta ahuleziak ezagutzea ez da goiz bateko lana.

Era berean, eskoletan denbora piloa galtzen da eztabaida antzuetan, diletanteek bidalitako kontrako haizeetan nahastuta, lehentasunak alde batera utzita. Profesionalen aldetik, klaustroa indar sortzailea izan daiteke, baina baita suntsitzailea ere. Horren aurrean, zuzendaritza taldeek euren helburuak lortzeko auctoritas-a izan badezakete ere, potestas falta izugarria dute: ikastetxeetako zuzendariek, onerako edo txarrerako, botere oso mugatua dute, eta hori, kudeaketak ekimen irmoa eskatzen duenean, sekulako desabantaila da.

Amaitzeko, eskolak ahalguztidunak diren mitoa dugu. Ondorioz, hipokrisia erakustaldi bibliko batean, ikastetxeei denetarik eskatzen diegu: euskalduntzea; ekologia, baloreak eta aniztasuna lantzea; ikasketa zientifikoak bultzatzea; espiritu kritikoa sustatzea... Zein baliabiderekin, ordea? «Izan bedi» da gure erantzun landua. Fariseismo hutsa. Alde batetik, gure lantegi eta bulegoetan horrelakorik eskatuko baligute «horrela ezin da lanik egin!» izango baitzen nahitaezko aldarria. Bestetik, bekatariok, eskola orduak bukatzen direnean gure seme-alabekin nahi duguna egiten dugulako, maiz ikasgelan irakatsitakoa pikutara botaz.

Pedro, barka iezaguzu, ez baitakigu zer ari garen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.