Mirari handi bat gertatu zen han

2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Gure amonak ostiralero, ikastola amaituta, bere altzoan eseri eta ipuinak kontatzen zizkigun. Laburrak eta sinpleak hasieran; luzeak eta sakonak ondotik. Egongelak isiltasun berezia hartzen zuen, sukaldeko lapikoei zerien ostiral-usain gozoak korridorea estaltzen zuen horretan. Ipuinek, egiazkoak izan edo ez, zerbait pizten zuten gugan. Pertsonaien begietatik mundura irteten ginen. Ipuinek asmatutako edo ezagutzen ez genuen norbaiten buruan ume koxkor batek egunean dituen problemak proiektatzen zituzten, eta, nolabait, konponbide logikoa eman. Entretenitzen gintuen amonak, baina, konturatu gabe, irakaspena erregalatzen zigun lerro bakoitzean.

Gaur, abenduak 10, juduek Januka ospatzen dute; zortzi egun irauten duen jaia. Gogora ekartzen dituzte Jerusalemgo harresi-artean gertatutakoak: Antioko enperadoreak juduei beraien ohitura eta erlijioari euts ez ziezaieten ezarritako debeku eta zigorrak; bertako juduen iraute-nahia, mehatxuen gainetik; makabearren erantzuna zapalkuntza helenoari eta, sinbolikoki, tenplua juduen alde berreskuratzean piztu zuten argimutila. Egun batez argitu behar zuen olioak zortzi egunez iraun zuen piztuta. Hori dela medio, zortzi egunez, kandela berri bat pizten dugu gauero, mirari hura sinbolizatzeko. Bat lehenbiziko egunean, bi bigarrenean… azkenengo egunean, zortzi adarreko argimutilak kandela guztiak piztuak dituen arte.

Badu ikutu berezia jai honek; deskribaezina den xarma. Jerusalemera ihes egiten dit memoriak. Mahane Yehuda merkatutik, goiz partean, paseoan ibili eta postuetan dauden sufganiot gozoetan —marmeladaz edo txokolatez betetako kruxpetak— begirada jarri, aukeratu eta erosi. Kaleetan barrena, kareharrien kontra kandelen isla atzeman, lehenbiziko izarra zeruan azaltzen denean. Leiho orotan argimutilek aurreratzen duten etxe-barruko ospakizun eta jaia. Lagun eta familia arteko afariak. Jerusalem pozak estali egiten du; errekek, euria erruz egiten duenean, bazterretatik gainezka egiten duten bezala. Kantu gozoen notek leiho parean dauden gar distiragarriak darabiltzate, eta zabalik dauden ateek datorrenari gonbita egiten diote.

Baina, jaiaz harago, gure amonak kontatzen zizkigun istorioetan bezala, sufganioten barruko marmeladaren antzera, argimutilean diren kandeletan esanahi berezia pizten dugu gauero. Berezia, baita juduak ez garenontzat ere. Hori da, hain zuzen, nortasunaren defentsa: erantzun irmoa ematea; libertatea, norbanakoarena, identitate bati lotua dagoena, zapaltzen ez uztea; makabearrak bezala, guk guztiok gutasuna babestearen beharra, edozein dela gutasun hori. Ez hori bakarrik: izate-kulturalaren balioen transmisioa, gizaldiz gizaldi.

Bi mila urteren ondotik jarraitzen du Antioko enperadorearen begiradak ekialdean eta mendebaldean; hegoan eta iparrean. Badiraute gurean zer pentsatu, zer sinistu eta zer sentitu behar dugun hil eta herio exijitzen diguten diktadore txiki, handi eta ertainek. Baina, zorionez, badaude ere XXI. mendeko makabearrak; beraien buruak zapalduak ikusi nahi ez dituztenak.

Horiek dira, hain zuzen, gaurko egunez jasotzen ditugun bi mezu argiak: izateari eutsi, akzioari ekin; Judearen berrezarpena ez baitzen iraunarazte hutsa, baizik eta akzio baten emaitza zuzena. Ez da nahikoa gure arrazoian mantentzea: praktika derrigorrekoa da. Inplikazioa. Norberaren nortasuna, indibiduala zein kolektiboa, egunez egun norberak egiten duen hautua da, zaharra bezain berria dena. Honen defentsa bezain berria, bezain zaharra.

Norbaitek gobernadoreari aurre egin zion Modi'inen. Beste batek, norbait hori hiltzean, hartu zion lekukoa. Hirugarren batek, tenplua berreskuratuta, egun baterako ematen zuen olioa piztu zuen, eta zortzi egunez iraun garrak. Argia iluntasunari gailendu zitzaion, beste behin. Nes Gadol Haia Sham. Mirari handi bat gertatu zen han. Mirari handi bat gertatzen da gauero munduko edozein lekutan. Januka samea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.