Mintza gaitezen Kataluniaz

2012ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Katalunian egin berriak diren hauteskunde ondorenean, Euskadin gogotik saiatu da makina bat arduradun eta iritzi-emaile politiko «ura bere sorora eramaten». Askok zorrotz hartu du oso CIUren estrategia eta beren tesiak berretsi egin dituzte hauteskundeen emaitzak baliatuz. Irakurketa horrek ezagun du azken helburua: Kataluniakoa hartu eta euskal politikan mugak seinalatzea.

Iruditzen zait politika kataluniarraren bilakaera eta, are zehatzago, Mas Presidentaren jarrera, deserosoa zaiola gure herriko politika eta komunikazio arloetan dabilen talde handi samar bati. Artur Masek urduri jartzen ditu joera espainolistenak, haren planteamenduak gehitxo gogorazten baitie bide-orri ia-ia berbera defenditu zuen lehendakari hura, Juan Jose Ibarretxe. Baina, gainera, enbarazu egiten dio ezker abertzalearen zati bati ere, berriro begi aurrean daukalako estrategia nazional demokratikoaren eredu bat, erdi-erdian kokatutako abertzaletasunak gidatua eta gizartearen ikuspegi zabalenarekin bat datorrena.

Mas Presidentak erakutsi du Estatu gizona dela eta erantzukizunez jokatu du, herria ez nolanahiko krisi politiko eta ekonomikoan murgilduta, gobernatuz. Masek moldatutako bide-orriaren helburua da Kataluniako ereduaren hondamenak dituen izen-abizenei erantzutea: «Estatutaren epaiari» eta «defizit fiskalari». Aipatutako hondamena sortu zuten funtsezko gertaerak laburbiltzen ahaleginduko naiz ondorengo lerroetan.

2006ko ekainaren 18an, Kataluniako Herriak Kataluniako Autonomia Estatuta onartu zuen erreferendumez, eta Artur Masek hitzartu zituen, Parlamenteko oposizio-buru zela, Diputatuen Kongresuko Batzorde Konstituzionalean bideratutako Txostenaren azken hari-muturrak Zapatero Presidentearekin. Erabaki huraxe izan zen gero erreferendumera aurkeztu zutena. Hain tramite garrantzitsuaz Alfonso Guerrak, aipatutako Batzordeko presidente zela, zereko zera hura bota zuen: «arotzak bezala zepillatu dugu Estatuta Komisio aldian».Gogoratu beharrekoa da Euskadiko Estatutu Berriari ez ziotela biderik eman ere egin Kongresuan.

Estatuta boto-emaileen %73,90ek babestu zuen (parte hartzea %48,85ekoa izan zen), baina «zepillatu» hark halako egonezina eragin zuen, non ERC aldendu egin baitzen eta erreferendumean ezetz erantzuteko eskatu baitzuen. Indarrean jarri eta gero, Estatuta auzitara eraman zuten Alderdi Popularrak, Herri Defendatzaileak eta bost autonomia erkidegok, Epaitegi Konstituzionalera joz.

2010eko ekainaren 28an, Epaitegi Konstituzionalak inkonstituzionaltzat jo zituen 14 atal eta estu eta zurrun irakurri zituen beste 10 atal eta xedapen, haien interpretazio murriztailea eginez. Epaiari erantzunez, 2010eko uztailaren 10ean manifestazio jendetsua izan zen Bartzelonan. Goiburua: Som una nació, nosaltres decidim.

2010eko azaroaren 28an, Hauteskunde Autonomikoak. CIUk garaipen handia lortu zuen: Parlamenteko diputatuen %46, hots, 62 eserleku.

Legealdi berriko aurreneko hilabeteetan, Kataluniako jendea gero eta gogaituago zegoen eta gaizki tratatuak zirelako usteak gero eta indar handiagoa hartu zuen hango gizartean. Irudipen hura areagotuz joan zen, kataluniarrak benetako espoliazio fiskala jasaten ari zirela antzematen baitzioten. Adibide bat, hara: 2012ko martxoaren 12an, Andreu Mas-Colell Ekonomia Sailburuak esan zuen 2009ko defizit fiskala 16.409 miloi eurokoa izan zela. Kataluniako herritarrei eraman ezina bihurtu zitzaien espoliazio hura, gero eta langabezia eta pobrezia handiagoa eragiten zuen krisi ekonomikoko giroan.

Krisi politiko eta ekonomikoari aurre egiteko, Mas Presidentak proposamen bat taxutu zuen. Kataluniarako finantza-eredu berri baten aldarria egin zuen eta Kataluniaren «trantsizio nazional» baten bultzada plazaratu, erabakitzeko eskubidean oinarritua.

Prozesu honek guztiak 2012ko irailaren 11n jo zuen goia: Diadaren ospakizuna zela eta, Kataluniako historian izan den manifestaziorik handiena egin zuten Bartzelonan. Aukeratutako goiburua: Catalunya, nou estat d'Europa.

Hura gutxi balitz bezala, handik bederatzi egunera bilera izan zuten Mas Presidentak eta Raxoi presidenteak. Azken honek argi eta garbi azaldu zuen ez zegoela prest Kataluniarekin itun fiskalik negoziatzeko. Uko hark hauteskundeak aurreratzera behartu zuen Presidenta, eta azaroaren 25erako deitu zituen herritarrak botoa ematera. Gehiegizkoa zen gertatutako guztia eta aldi berrirako indar handiagoa behar zen Parlamentean.

Hauteskunde-emaitzak ez du indartu Masen sigla politikoa, baina sendotu egin du harekin bat datorren eta Presidentaren proposamenari eusten dion esparru politikoa. 2010ean 86 parlamentari zeuzkaten erabakitzeko eskubidearen aldeko alderdiek, eta orain, 87. Hori dena, nahiz eta Estatu espainiarreko zenbait eragilek zikin jokatu duten oraingoan ere, ikusirik ezin menderaturik zebiltzala auzi hura eta esku artetik ihes egingo ziela.

Artur Mas Estatu gizona da. Kataluniako herriaren gehien-gehiengoak daukan ikuspegiarekin bat egiten asmatu du, eta bide-orria finkatu du kiebra ekonomiko eta politikoari aurre emateko. Bide-orri horri bizkar emango balio, huts egingo lioke bere herriari eta uko bere lidergoari. Ez du horrelakorik egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.